Pedro Miguel Etxenike. Zientzialaria

«Ezjakintasuna askoz garestiagoa da zientzia eta ezagutza baino»

Fisikaria, EHUko katedraduna, Jaurlaritzako sailburu izana, Jakiundeko ohorezko presidentea, dinamika sozialetan engaiatua, atzerrian sarri ibilia... Bada nor COVID-19aren krisiaz eta etorkizunaz hitz egiteko. Elkartasunaren balioa nabarmendu du.

JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Irakurtzen, pentsatzen, «soseguz» hausnartzen dabil COVID-19aren krisiko konfinamenduan Pedro Miguel Etxenike zientzialaria (Izaba, Nafarroa, 1950). Gustura, telefono bidezko elkarrizketan aitortu duenez. Duela astebetetik, are gusturago, hura ere hasi baita kirola egiten: bizikletan, Igeldora joaten (Donostia). Aukera izandako aurreneko egunean, dozenaka lagunek pasatu omen zuten aldapan gora, eta berak, bakarra. «Eskerrak eman nizkion...». Ari da denbora hobeak egiten. Teknologiak ere lagundu dio itxialdian. «Humanizatu egin du konfinamendua», haren esanetan. «Aste honetan eskuko telefonora Pablo Sarasateren kontzertu bat heldu zait, Salk txertoa atera baino hiru urte lehenago poliomielitisa harrapatu zuen biolinista judu batek emandakoa, eta entzuteak eragin didan emozioak atseginagoa bihurtu dit konfinamendua. Hitzetik hortzera ikusteak ere bai; oso-oso zalea naiz». Nabarmendu du «patenterik gabe humanitatearen eskura jarritako asmakizun teknologiko bat» izan dela Internet. Filosofia horrekin egiten du lan Etxenikek. Koherentea da. «Koherentziak ez du esan nahi, ordea, zuzen zabiltzala».

COVID-19a: lehen gogoeta bat.

Sentsazioen jario handi bat dut: galderak, zalantzak, beldurra, itxaropena… La sublime utilidad de la ciencia inútil hitzaldia (Alferrikako zientziaren erabilgarritasun sublimea) askotan eman dut, eta, han kontatzen dudanez, XX. mendearen hasieran alaba eta emaztea hilzorian zituen Henry Rowlandek, AEBetako Fisika Elkartearen lehen presidenteak, galdetu zuen ea medikuak zergatik iragartzen zion sufritu besterik ez zuela egingo, ez zegoela erremediorik, eta bere buruari esan zion ezjakintasuna zela erantzuna; ondoren, galdetu zuen XX. mendearen bukaerarako konponbiderik izango zen, eta baietz erantzun zitzaion, zientziaren, teknologiaren, fisikaren eta medikuntza modernoaren bidez lortuko zela. Chestertonek esan zuen: «Ez dago zalantzarik: poetikoena, loreak eta izarrak baino poetikoagoa, ez gaixotzea da». Baina zer deskubritu dugu berehala? Modu masiboan gaixotu gaitezkeela, eta ez bakarrik herri pobreenetakoak.

Hori berritasun bat izan da.

Gure belaunaldiak ez du horrelakorik ezagutu, eta ez genuen espero, baina hau baino lehen jainkotzat geneukan geure burua. Errealitateak gure lekuan jarri gaitu berriro. Txinako irudiak egunero ari ginen ikusten, baina ez genuen ikusi zer zetorkigun. Ondorioz, XX. mendearen hasieran gaixotasun batzuen inguruan bezala, orain ere ezjakintasuna dago COVID-19aren inguruan. Zaurgarriak gara oraindik ere. Ezin dugu panikorik izan, ordea.

Diziplina ezarri dute gobernuek.

Diziplina soziala dago, eta ondo erantzuten ari da gizartea. Diziplina hori modu zentralizatu batean ezarri da; egoeraz baliatu dira. Urteetan esan digute estatu federalek baino autogobernu handiagoa dugula hemen, baina begiratu zer gertatu den. Madrilek uste du, eta esan ere egin du, berak hobeto dakiela gauzak egiten; Pedro Sanchezek azaldu berri du: alarma egoera ala kaosa.

Zeuk zer diozu?

Batetik, nik uste dut hemen bestela ere teknikoki ondo erantzungo genukeela. Bestetik, alarma egoerarekin ezarri ahal izan den menpekotasunaren kostuaz gogoeta egin beharko genuke. Aurrera egiteko oinarri bat dugu guk autogobernua, ezin da atzera egin, baina 40 urte daramatzagu lortutakoari eutsi nahian. Dena dela, oraingo afera ez da hori; orain pertsonengan eta instituzioengan konfiantza izan behar da.

Eta alor sozialean eta publikoan ere bai. Guztiok daukagu orain; hala ematen du, behintzat...

Garbi dago zientzia, ezagutza eta osasuna garestiak direla, baina ezjakintasuna eta gaixotasuna askoz garestiagoak dira. Osasun sistema on eta moderno bat izatea garestia da, baina askoz garestiagoa da ez izatea halakorik. Zientziari esker, urte gehiagoz bizi gara, erabakigarria izan baita gaixotasunen diagnostikorako eta erremediorako, eta azterketarako ere ekarpen handia egin du. Baina, erne, agian ez da lortuko koronabirusaren kontrako txertorik. Baietz uste dut nik, lortuko dela, baina ez dakigu. Hiesaren txertorik ez dago, esaterako. Ikertzen jarraitu behar da. Zientziarik gabe gaur egun ez genuke itxaropenik izango, eta itxaropena izan behar dugu zientzian. Baina zientzia bera ez da konponbide osoa, baizik eta haren parte bat.

Txertoa lukeen estatuak botere handia eskuratuko al luke?

Ez dut uste. Koronabirusaren txertoa lortzen duenak munduaren eskura jarri beharko du, beste herrialdeekin partekatu, elkartasunagatik. Guztionak dira zientziaren emaitzak. Izan ere, solidarioa izateak pragmatikoa izatea esan nahi du. Etika da pragmatismorik onena. Herrialdeen arteko elkartasuna aipatzean, besteak beste esan nahi dut pandemia hau dela-eta ezin dugula ahaztu hirugarren mundua delakoa. Eta, horrez gain, pragmatikoa izateak esan nahi du une batez gaitza gaindituta ere hurrena beste nonbaitetik bueltan etorriko zaizula agian, eta, beraz, hobe dela leku guztietan izatea sendagaia. Etorkizunera begirako funtsezko balioa izango da elkartasuna, baina ez horretan bakarrik.

Zertan gehiago?

Badira, nire ustez, izan beharreko beste bi elkartasun mota. Bata, belaunaldien artekoa, eta, batik bat, adinekoenganakoa. Gizarte baten duintasunaren neurgailua adinekoen zaintza moduak erakusten du. Beste elkartasun mota etorkizunarekikoa da. Zer-nolako mundua utziko diegu hurrengo belaunaldiei? Koronabirusaren krisia dugu orain, baina humanitatearentzat ezinbestekoak dira ura, ingurumenarekiko oreka, energia eta osasuneko beste kontu batzuk ere. COVID-19aren krisiaren ondorioz, erneago ibil egin gaitezke gai horietan, batik bat ingurumenaren arloan. Theilard de Chardinek esan bezala, garapenaren eredu honetan baliteke lokatzezko hankak izatea.

Murrizketa publikoak egin dira zientzian, ikerketan, osasunean. Eta pribatizaziora ere jo da.

Aurreko krisi ekonomikoaren ondorioz, Espainiako Estatuan politika suizida bat egin da alde horretatik. Aldiz, Alemaniak eta beste herrialde batzuek urtero %5 handitu dute inbertsioa. Hego Euskal Herrian askoz gehiago zaindu da estatuan baino, baina ez azkeneko krisiaren ondoren bakarrik. Carlos Garaikoetxearen Jaurlaritzak hasieratik egin zuen ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua, eta, gero, kolore guztietako Jaurlaritzek segitu dute bide berean. Dena dela, eta oro har ari naiz, ikerkuntzan orain akats bat egin daiteke: koronabirusa baino ez ikertzea. Ikerketa aplikatua modu bikain batean egin daiteke arazo jakinak daudenean, baina arazo berriak datozenean, zer? Ondorioz, funtsezkoa da oinarrizko ikerketa egitea, eta arazo berriak datozenerako posibilitate pila bat izatea erremedioa jartzen saiatzeko.

Osakidetzak hasieran ez zuen aintzat hartu EHUko 55 ikertzailek koronabirusaren testak egiteko planteamendua.

Gaiari ez nion gertutik erreparatu. Gure arlo zientifikoak horretarako ere gaitasuna erakutsi du; argi dago baduela ezagutza eta arazo berriei erantzuteko ahalmena, eta testak egiteko aukera jarri du. Euskal osasun publikoak ere frogatu du baduela ahalmena.

Etorkizunarekiko elkartasunaren balioa aipatu duzu. Euskal Herrian ba al dago nahikoa kultura politiko ardatz batzuen inguruan lankidetzan aritzeko?

Ez al gara auzolanaren herria? Etorkizuna ez digu erabakiko robot teknologiko batek, eta geroa ez dago determinatua. Gauza desberdinak egiteko, komeni da desberdin pentsatzen hastea. Epe luzeko hautu politikoetan asmatzea da giltzarria, horrek zehaztuko duelako gure etorkizuna, eta oinarrizko auziek adostasun zabala izatea eskatzen dute; funtsezkoa den horretan, nolabait esanda, geure arteko estatu ituna lortzea. Gaitasun teknikoa ere behar dela esateaz gain, diot zientzialariek badutela eginkizun bat, baina baita soziologoek ere, pentsalariek, filosofoek… Hedabideetako solasaldietan-eta, ordea, ikusten dut gehiago jotzen dela izenburu errazetara, sakontasunera baino. Baina ez dut ezkorra izan nahi.

Zer ikasi genuen 2008an hasitako krisi ekonomiko luzetik?

Hura beste era bateko krisi bat izan zen. Gehiegi baloratutako aktiboak zeuden, haietako asko etxegintza sistemari lotutakoak, eta burbuila bat zegoen. Krisiak ez zien herrialde denei berdin eragin; Europan adibide nabarmena izan zen Alemaniaren eta Greziaren arteko aldea. Oraingo krisi hau zabalagoa da, eta gogorragoa, baina nik uste dut aurrekoan baino azkarrago atera ahalko garela. Europak modu bateratuan aritu beharko luke. Paul Volckerri zuzenean entzun zion AEBak beren sorrera garaian hondoa jota zeudenean AEBen sortzaileetako Alexander Hamiltonek esan zuela herrialdeko estatuen zorra Ameriketako Estatu Batuen zorra zela. Esaldi hori erabakigarria izan zen krisitik irteteko. Arazoari beste era batera helduko litzaioke Angela Merkelek orain esango balu Italiaren zorra Europako Batasunarena dela, baina aste honetan Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren sententzia batek ez du bide hori erraztu.

Bateratasuna, baina zer egiteko?

Osasuna eta ekonomia ez dira dilema batean jarri behar, biak batera jorratzekoak dira. Dudarik ez osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik, baina epe luze batera ekonomiarik gabe ezingo zaio eutsi osasun sistemari. Ekonomia aurretik jarriz, zer lortu dute sistema neoliberalek, Brasilen Bolsonarorenak bezala? Biak hondatzea: ekonomia eta osasuna. Ikuspegi miopea da neoliberalismoarena. Globalizazio politika inteligentea eta humanoa egin behar da. Kontua ez da globalizazioa eta mundu mailako merkataritza albo batera uztea; bidea ez da egin behar merkatuarekin bakarrik, baina ezta merkatuaren aurka ere. Garbi dago birplanteamendu bat egin behar dela.

2008ko krisia: gazteak, lan baldintzak, biharko eguna...

Aurreko krisiak oso posizio delikatuan utzi zituen gure gazteak. Haien artean oso jende trebatua dugu, baina ez daude ondo tratatuak. Etorkizunarekiko elkartasuna sustatu nahi badugu, gazteek lan baldintza egokiak izan behar dituzte. Eta haiei ezin diegu mundu kutsatu bat utzi, hortik gero mila arazo baitatoz.

Aitortu duzu ez duzula ezkorra izan nahi. Baikorra ba al zara?

Badaukat kezka bat: momentuko premiengatik etorkizuna hipotekatuko luketen epe motzeko erabakiak hartzeko arriskua dago. Nabarmen geratzen ari da osasun arloa zainduko dugula, baina hezkuntza zainduko al dugu gisa berean? Eta ikerkuntza? Nolako elkartasuna izango dugu?… Elkartasunaren eta komunitatearen balioak izanik, pertsona jarri behar da eztabaidaren erdigunean. Krisi honetan ikusi dugu zeinen funtsezkoak diren medikuak, erizainak, kamioilariak, nekazariak, kutxetakoak eta beste; badirudi orain ohartu garela. Epe luzeko ikuspegia izatea eskatzen du egoera honek ere. Aurrera egiteko presa dago, baina uste badugu humanitatearen etorkizuna zentzurik gabeko kontsumoan eta naturaren mugarik gabeko esplotazioan egongo dela, porrot egingo dugu. Egiteko jakin bat bada natura sakon aztertzea, gutxiago erabiliz gehiago egiten jakiteko. Azken batean, konplexutasuna ulertu behar dugu, linealtasunik eza.

COVID-19a: mugarria ote?

Eragina oso handia izango da, baina nik ez dakit mugarria izango den ala ez. Zientziaren ezaugarrietako bat da datuak ez dituzunean ez erantzutea modu absolutu batean. Oso garrantzitsua izango da herritar arduratsu gisara jokatzea eta gizarte modura informatuta egotea, besteak beste askatasunak defenditzeko eta autoritarismoak saihesteko. Garrantzitsua da komunitatearen balioa. Elkarrizketan aipatutako balioetan ondoen dabiltzan herrialdeetatik ikasi beharra daukagu: Hego Koreatik, Taiwandik, Alemaniatik…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.