HITZ ETZANAK

Bortz!

andoni egana
2017ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Aniztasuna aberastasun dela entzuten dugu maiz, eta izan hala da. Guk, hizkuntzari dagokionez, aberats izateko aukera handiak ditugu. Batua ala euskalkia non-noiz-norekin eta nola erabili asmatzearekin bidearen zati luzea geneukake egina.

Tolosako adiskide zahar batek kontatzen zuen. Alabetariko batek, artean neskato, partxis jokoan elkarren kontra ari zirela bostekoa ateratzen zuelarik «aita, bortz!» egiten ziola oihu. Eskolan, kalean eta etxean «bost» zerabilen umeak bazekien telebistaren bidez ikasitako «bortz» hark bazuela bestelako esanindar bat bere ahotan. «Aita, bostekoa atera dut eta izorra zaitez» luze eta lauaren ordezko adarjotzaile bikaina zen «aita, bortz!» hura. Hori ulertzen duenak badaki hizkuntzak zertarako balio duen.

Gazte eta ez hain gazteen artean kirolariak animatzeko azkenaldian sarri entzuten den «eurre!»-ren arrakasta ere forman datza. Batuaren «egurra!» borobilegia da bide ertzetik txirrindulari bati botatzeko. Batzuetan pasa egiten gara ordea, eta ez dugu asmatzen. Zarauzko kaleetan ikusi berri dut txartel bat festa baterako gonbitea eginez: «Egongo dia bokaillok'e». Eta hori ez da esanindarrean irabaztea. Hori da uste izatea albokoaren euskalkia jatorragoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.