138-140 egunak: 4985m, bidaiaren gailurra

138-140 egunak: 4985m, bidaiaren gailurra

138. eguna: Naro Moru Park Gate – Met Station (9.5km, +675m)

Bazkaldu ondoren ekin diogu espedizioari. Izan ere, egun erreza eta lasaia genuen aurretik: distantzia motza, mendiko pista zabala ibiltzeko eta desnibel gehiegirik ez. 

Animalia basati ugari bizi omen dira Mount Kenya parke nazionalean. Besteak be lehoinabarrak eta hienak aurkitzen direla jakiteak harritu gaitu. Etxean animalia oso arriskutsutzat ditugun arren, ez omen da horrela. Gauez soilik ehizatzen dute eta gizakiei beldurra diete. Sinetsi dugu esandakoa eta lasai gaude. Hala ere, kanpin denda ondo itxiko dugu gaur gauean. Badaezpada.

139. eguna: Met Station – Mackinder’s hut (9.7km, +1124m)

Goizean goiz atera gara, baina presarik gabe. Egun guztia dugu aurretik 10km egiteko. Pauso bakoitzarekin menditzarra gertuago sentitzen dugu, eta asko motibatzen gaitu honek. 3300m ingurura igo garenean bukatu da baso tropikala, bertatik aurrera tundra moduko batean murgildu gara.

Goiza zoragarria izan dugu, baina aterpetxera iristearekin batera azaldu dira hodeiak. Arratsalde osoan euria eta hotza izan ditugu, eta mendi goietan elur dezente egin duela ikus daiteke. Biharkoak egun ahaztezina izango denaren itxura guztia du.

Patrick mendi gidariak goizeko 3:30etan abiatzeko prest egoteko eskatu digu. Egunsentia tontorretik ikustea da helburua. Lotara sartu gara eta euri hotsa kanpin barruan. Lo hartzeko soinu paregabea, baina espero dugu laister atertzea. Bestela gorriak ikusiko ditugu biharko egunean!

140. eguna: Mackinder’s hut – Lenana tontorra – Old Moses Camp (19.3km, +833m, -1620m)

Esnatu eta egin dugun lehen gauza kanpin dendatik atera eta gora begiratzea izan da. Zerua guztiz garbi eta ilargi betea distiratsu, a ze poza! Ahalik eta azkarren dena bildu eta te bero bat edan ostean, prest gara oinez hasteko. Egiten duen hotzarekin mugitzen hastea onena!

Linternak gurekin ditugu, baina ilargi beteak egiten duen argia nahikoa izan da gauez tontorrera heltzeko. Ekuatoretik kilometro gutxira ilargiak argiztaturiko elur artean ibiltzea esperientzia latza izan da.

Bide guztian bakarrik izan gara, mendia eta gu. Tontorra berriz jendez gainezka. Beste bide batetik igotako espedizio batek egunsentia ikusteko plan bera izan du dirudienez. Hainbeste jenderen tartean komeriak izan ditugu argazkiak lasai ateratzeko! 

Hotzak eta jende pilaketak eraginda segituan hartu dugu beherako bidea. Beste bide batetik egin dugu itzulera, eta eskerrak. Egin beharreko kilometro guztiak eramangarriagoak izan dira horrela. Mendiaren beste aurpegiaz gozatzeko aukera ere eman digu.

Espedizio honetan behar izan dugun guztia guk eraman dugu motxiletan. Beste talde batzuk ordea karga eramateko porterrak kontratatu dituztela ikusi dugu. Bitxikeria harrigarria izan da mendira zer igo duten ikustea: komuneko eserleku bat! Hamaika gauza ikusi ditugu bidaia honetan, baina gauza gutxik harritu gaitu honek bezainbeste.

Miresgarria izan da 62 urte dituen Patrick mendi gidariak duen sasoia ikustea. Hiru hilabete irauten dituen mendi sasoi bakoitzean 10 aldiz igotze omen du mendia. Datozen urteetan berdin jarraituko duela dio, osasunak errespetatzen dion bitartean behintzat. Autentikoa Patrick-zaharra.

Zorteko izan gara, ez dugu altuerako gaitzik izan eta abentura guztia topera bizi ahal izan dugu. Ezin dugu gehiago eskatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer