204-206 egunak: Agur Afrika

204-206 egunak: Agur Afrika

204. eguna: Kairo (Logistika)

Goizean goiz hartu dute Beñat eta Ekaitzek etxera bueltako hegazkina. Agur guztiek izaten dute tristetik, gaurkoak ordea, agurra baino, gero arte baten sentsazioa utzi digu. Euskal Herria izango da hurrengo elkargune. 

Bi egun barru izango da gure hegaldia, eta honekin loturiko logistika guztia antolatzeke oraindik. Kartoia eta zeloa aurkitzea izan da lehendabiziko lana. Zortea lagun, hoteletik gertu nahi bezainbeste kartoi kaxa saltzen dituen denda bat topatu dugu. Arratsaldean bizikletak desmuntatu eta guk geuk neurrira eginiko kaxetan sartu ditugu bizikletak txukun-txukun. Lan hau egiten dugun bigarren aldia da, eta Kampalan ez bezala, egun bakarra behar izan dugu guztia antolatuta uzteko. Hori bai, bat eta beste blogerako argazkiak ateratzea erabat ahaztu zaigu! Kampalako artikuluan ikus daiteke kaxa hauek nola sortzen ditugun.

205. eguna: Kairo (Deskantsua)

Afrikan egindako egonaldi honetan meritu handiko makina bat ekintza burutu ditugu: basamortua gurutzatu, 800km 8 egunetan, Mount Kenya igo… Baina bada bat guzti horien parean jarri nahi dugun bat. Eguzkitako krema poto bakarra behar izan dugu bidaia osoan zehar, eta pare bat egunetan soilik erre gara. Sinesgaitza ezta?

Krema lepoan eta aurpegian soilik erabili izan dugu eta gainerakoa arropa bidez babestu. Ordu luzez izan gara eguzkipean eta krema ez da nahikoa. Tanzanian futboleko galtzerdi luzeak erosi genituen, eta harrezkeroztik, hauek besoetan jantzita eraman ditugu babes gisa. Konponbide bitxia baina eraginkorra. Hori bai, poto honetan ez da krema arrasto txikienik ere geratu! 

206. eguna: Kairo – Atenas (Hegaldia)

Dena prest. Afrikan egin beharrekoak eginda. 200 egunetik gora eta beste hainbeste anekdota kontinente zoragarri honetan, esperientzia bete-betea.

Hilabete hauetan gure dietaren zutabe nagusietako bat izan da fruta. Niloren alboan (bai Sudan eta bai Egipton) egindako egonaldian bat nabarmentzekotan laranja nabarmenduko genuke ezbairik gabe. Oso urtsua eta zaporez betea, basamortuko bero lehorrerako paregabea.

Omenaldi moduan laranja zukua izan da Afrikan ahora sartu dugun azken elikagaia. Basamortuko momentu latzak etorri zaizkigu burura, eta oroitu gara laranja zuku bat nahikoa izaten genuela benetan zoriontsu izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer