Egipton ikusi eta ikasitakoa

Egipton ikusi eta ikasitakoa

Desberdina izan da Egiptoko egonaldia. Bizikletak albo batera utzi eta trukean etxekoen berotasuna jaso dugu. Ez da aldaketa txarra izan! Bizi estilo berri batean, turista moduan, gurutzatu dugu Afrikan bisitatu dugun azken herrialdea. Honek, orain arte pentsatu gabeko gogoeta batzuk  egitera bultzatu gaitu. Hona hemen horietako batzuk!

Turismoaren zerga

Bidaia honek duen gauza politenetako bat da herrialdeak beste perspektiba batetik bisitatzeko aukera izatea. Naiz eta gure jatorria ezin dugun ezkutatu eta ezin garen bertako bat izan, turismo eremuak albo batera utzi eta herrialdeak gertuko errealitate batetik ezagutzeko aukera izan dugu. Hala ere, momentu batzuetan turista paperean sartzeko gogoa sentitu dugu eta leku ezagunagoak bisitatzera joan gara. Egiptoren kasua da honen adibide. Toki hauetan, zoritxarrez, bertako jendearekin sortzen den harremana guztiz aldatzen da. Herri batera iritsi berri diren bi txirrindulari despistatu izatetik, haien bezero izango diren bi pertsona izatera pasatzen gara eta horrek bertakoekin sortzen den harremana hosten du.

Trenean izan genuen gertaera kontatuko dugu honen adibide moduan. Bizikletak trenean sartzea onartua zegoela eta doakoa zela genekien arren, (aurretik galdetu genuelako dakigu hau) trenean gindoazela bi langile gerturatu eta bizikleta sartzerik ez genuela esan ziguten. Trukean dirua ematen ez bagenien hurrengo geltokian kalera joan beharko genuela esan ziguten. Ia ordu-erdi eztabaidatzen egon ostean ordaintzen bukatu genuen. Era honetako gertaera bat baino gehiago izan dugu Egipton eta bertako estantzia aspertu samar amaitu dugula onartu behar dugu.

Bizikletak debekatuta

Egipton bizikletak albo batera utzi eta trenez bidaiatu izanaren arrazoietako bat aurretik jaso ditugun gomendioak izan dira. Gure antzeko bidaia egin duen pertsona baten blogean irakurri genuenez, igaro dituen herrialdeetan txarrena izan da Egipto bizikletaz egiteko. Aipatzen zuenez gobernuak ez ditu bidaiariak leku turistikoetatik kanpo izan nahi eta traba mordoa jartzen dituzte leku hauetara iristeko. Errepideetan kilometro gutxiko maiztasunarekin polizia kontrolak jartzen dituzte bidaiari fluxua kontrolatzeko.

Egipto bizikletaz gurutzatu berri zuen bidaiari bat ezagutu genuen Kenyan eta honek ere antzeko esperientzia bizi izan zuela kontatu zigun. Poliziaren kontroletan gelditu eta aurrera jarraitu ezin zuela esaten zien. Bera burugogor jartzen zela esan zigun eta azkenerako pasatzen uzten zioten, baina baldintza batekin. Atzetik polizia kotxe batek jarraitzen zion kontrolpean egoteko. Polizia kideak azkenerako nazkatu ere egin ziren eta treneko bidaia ordainduko ziotela ere esan zioten, bakean uzteko helburuarekin. Ez dakigu zein den gobernuak bidaiariekiko neurri hauek hartzeko arrazoia, baina ez diogu susmo onik hartu.

Itzala garestia da

Egiptoko basamortua bizikletaz zeharkatu ez dugun arren, beroa gertutik bizi izan dugu. Honekin lotuta anekdota dibertigarri bat gertatu zitzaigun Abu Simbelen. Eguerdiko 13:00ak izango ziren. Basamortua kiskaltzen zegoen. Gure hostatura joatea erabaki genuen lo-kuluxka txiki bat egin eta ordu bero hauei aurre egitera. Eraikinaren parean zegoen zuhaitz batek itzal eremu bat sortzen zuen. Zuhaitza txikia eta eguzkia buru gainean izanik honek sortzen zuen itzala ez zen handia. Hostatuko jabeak toki batera eta bestera mugitzeko kotxe bat eta zaldi bat zituen. Egin behar zuen bidaiaren arabera bata edo bestea aukeratuko zuen ziurrenik. 

Kontua da etxe pareko zuaitzaren azpian ez zegoela bientzako tokirik. Kontua da etxe pareko zuhaitzaren azpian ez zegoela bientzako tokirik. Beraz, kotxea edo zaldiak bietako batek zuen freskoago egoteko aukera. Ba hortxe zegoen, zaldi gaixoa eguerdiko 13:00tan basamortuko ondar aleen gainean eguzki azpian kiskalita, gizonaren kotxea itzalpean fresko zegoen bitartean. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer