227-229 egunak: Olinpiak sortzen duen zirrara

227-229 egunak: Olinpiak sortzen duen zirrara

227. eguna: Voidokilias hondartza – Olinpia (100km, +746m)

Hondartza turistiko batetik herri are eta turistikoago batera egin dut salto. Kirolzale amorratua izanik, hasieratik izan dut begiz jota Olinpia eta ilusioz ekin diot etapari. Irrikaz naiz antzinako joko olinpikoetako historia zein den ezagutzeko. Arratsaldean iritsi naiz eta guztia ikusteko denboraz larri. Arrapataka ibili baino, nahiago izan dut biharko eguna museo eta hondakin historiko guztiak patxadaz ikusteko erreserbatu.

228. eguna: Olinpia (Deskantsua)

Bidaia honetan hondakin eta monumentu historiko ugari ikusteko aukera izan dugu. Bat aukeratzekotan, gaurkoa izan da zirrara gehien sorrarazi didana, batez ere estadio olinpikoan sartu naizen unean. K.a. 776 urtean lehen jokoak ospatu zirenetik, K.o. 393 urtera arte, lau urtez behin, inguruko kirolari onenak hemen biltzen ziren indarrak neurtzeko, jainkoen pare jartzeko ahaleginetan. Ikusleek erromes bide luzeak egiten zituzten jokoen lekuko izateko eta milaka elkartzen ziren harmailetan. 

Jokoei ematen zien garrantzia ez zen nolanahikoa, ez zen etenaldi bakar bat egon mila urtetik gorako tarte horretan! Krisi edo gerrateak ez ziren aitzakia nahikoa izaten ekitaldi bat bertan behera uzteko.

229. eguna: Olinpia – Antirio (116km, +1419m)

Olinpiarekin nituen espektatibak guztiz asebeteta, bidaiarekin jarraitzea tokatzen da. Mendi giroan egindako etapa izan da, paraje zoragarriez lagunduta. Bisitari bat ere izan dut, dortoka jauna. Aldapa tente batean egin dugu topo, indarrez justu nintzela eta, fabore bat eskatu diot: aldaparen azkeneko txanpa berak egitea. Bizikletaren aulkian jarri da baina… alferra da gure lagun dortoka gero!

Jada ohikoa den moduan etapa hondarretan amaitu dut. Eguneko izerdi eta zikinkeriak itsasoan garbitu eta lotara. Peloponeso penintsulan egin beharrekoak eginda geratzen dira gaurkoarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer