230-232 egunak: Mantenu lanak eta aisia greziar mendietan

230-232 egunak: Mantenu lanak eta aisia greziar mendietan

230. eguna: Antirio – Kallitea (66km, +1197m)

Mantenu lanik egin gabe bizikleta oso fin ibili da aspaldian. Ez zulaturik, ez arazo mekanikorik, ezta soinu arrarorik ere. Matxuraren bat espero nuen egun hauetako batean, baina ez bi egun berean. Biak ala biak aurretik izandako arazo berdinak. Alde batetik, atzeko parrila bizikletako koadrora batzen duen lotura puntua puskatu da. Beste aldetik, atzeko parrila bera osatzen duen barretako bat apurtu da. Behin-behineko irtenbidea bi kasutan, nola ez, bridak izan dira. 

Zortea lagun, lotara gonbidatu nauen etxeko gizonak soldatzeko erreminta guztiak ditu eta lehen arazoa soldadura puntu berri bat aplikatuz konpondu du. Bigarren arazoaren kasuan, barra metaliko berri bat, zinta isolatzailea eta brida gehiagoren bidez indartu dut apurturiko eremua. Ez dakit luzaroan iraungo duten baina… fidatu egin behar!

Plastiko zati xume bat mota guztietako arazo mekanikoak konpontzen. Sekulako miresmena hartu diet bridei. Zikloturista zaretenoi edo izan nahi duzuenoi iradokizun bat: ez ahaztu zakutoetan eskukara bat brida zuekin izatea.

231. eguna: Kallitea (Deskantsua)

Ehunka ordu igaro ditut bizikleta beraren gainean, eta oraindik falta direnak. Ez da batere atsegina soinu mekaniko gogaikarriak egiten dituen bizikleta marmarti batean ibiltzea. Horregatik egin behar dira mantenu lanak noizean behin, ordu guzti hauetaz gozatzeko. Lehenik, pilaturiko lokatz, harea, hauts eta zikinkeria oro garbitu ditut. Ondoren, kateko koipe zikina garbitu. Azkenik, bizikleta lehortu eta gero, katean lubrifikatzaile berria ezarri eta kito.

Arropa ere garbitu behar, nola ez. Arropa gutxi izanda, eskuz garbitzea ez da hain lan nekeza izaten. Ez dut abilezia handiegirik arropa eskuz garbitzeko, baina kanpin-denda barruan izerdi usainak eragiten duen kiratsa ekiditeko bezain beste bai. Nahikoa.

232. eguna: Katelavos mendi irteera (12km, +1240m)(oinez)

Azken bi egunetan Jeremy izeneko belgikar batekin harreman ona egin dut. Gaur mendira joango nintzela eta animatu egin da bera ere. Mendian ez duela esperientziarik onartu dit, baina nitaz fio dela. Ez nau gehiegi ezagutzen oraindik… hiruzpalau ordutan bueltan izango garela esan diot, baina goizean goiz etxetik atera eta ez gara ilundu duen arte itzuli. 

Mendian inprobisatzea gustatzen zait eta gutxitan egiten dute bat aurreikusitako iraupenak mendian benetan igarotzen dudan denborarekin, beti igarotzen dut pentsatutakoa baina denbora gehiago. Eragile asko izan ohi dira tarteko luzatze honetan: zer ikusi dagoen bakoitzeko bidetik atera, paisaia ederrak patxadaz gozatu, kidea konbentzitzeko estrategia ere izaten da, eta nola ez, ezustekoak.

Beti izaten dira ezustekoak, eta ezagutzen ez ditudan mendietan gehiago. Gaurko ezustekoa bidea izan da. Mapan bidea dagoela jarri bai, eta hasieran hala izan da, baina erditik aurrera bidearen arrastorik ez, sasia eta harrikaria besterik ez une oro. Ikusten da greziarrek ez dutela erroturik guk dugun mendi zaletasuna, hemendik ez da aspaldian arimarik pasa! Patxadaz eta umorez hartu dugu ezustekoa eta egun paregabea pasa dugu Katelavosen. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer