Azaroak 23, Arantzatzuko Amaren Egutegiak orriaren erdian esaldi hau: “Gose handiarentzat ez da ogi beltzik”.
Ogi beltzak fama txarra dakar: miseria, eskasia, arrazionamendua… garai beltzen adierazle. Gerra edo gerra osteko denborarekin lotzen dut nik, aurrekoei entzun bainien ogi beltza nola jaten zuten, ogi zuria geroago etorri zela bizi baldintzak hobetzen joan ahala.
Gure zesta-puntako maisuak, Rafael Elizondo andoaindarrak, gerra Filipinetan ezagutu zuen, Manilan, 1944an. Beltzak ikusi zituzten japoniarren hiru urteko inbasioaren ondorioz, egoera beltzten joan omen zen estatubatuarrek erasora jo zutenean, eta, japoniarrak desesperaturik, sekulako triskantzak atzean utzita. Bi pilotarik, Aiestaranek eta Mugartegik, Elizondoren lankideak biak, bizia galdu zuten. Bizirik atera zirenak, apenas ezer jateko edo edatekorik. Ezta ogi beltza ere.
Tolosako Beotibar frontoian Elizondo gurekin, mutikoekin haserretzen zenean, kasurik egiten ez geniolako, zera leporatzen zigun, irribarre sarkastikoaz: “Zuek! Ogi beltza besterik ez duzue jango”… Guk ez genion ulertzen, bakarrik etorkizun beltza aurreikusten zigula antzematen genuen. Irribarre txikiarekin erantzuten genion munduan zehar ibilitako maisu zaharrari.
Bestetan, berriro haserretzen zenean (maiz gertatzen zen), zera esaten zigun: “Zuek! Alegiatik (Tolosatik hiru kilometrora dagoen herria) haratago ez zarete joango”. Berriz ere, etorkizun beltza iragartzen zigun, oraingoan ogi beltza bertan jatera kondenaturik. Mundu txiki hura izango zela gure destinoa, eta ez Alegiatik harantz imajinatzen genuen Lur Agindua, Madril, Bartzelona, Estatu Batuak, Mexiko… Irribarre txikia agertzen zen gure aurpegi inozoko ezpainetan.
Alegiatik gertu sortu zen Altuna III.a, Amezketan. Ez zuen, adinarengatik, entzungo “ogi beltzarenak”, etorkizun beltzaren seinale. Txikitatik ogi zuria ezpainetan, bide gozoa ezagutu du orain arte. Atzo, azaroak 22, une beltzak pasatu zituen amezketarrak Darioren kontra eskuz Banakako Txapelketan. Azkenean, ordea, erraz antzean nagusitu zen, finalerako pasea lortuz.
Elizondok, Alegia aipatu ordez, Lizartza aipatu zezakeen, hiru bat kilometro baitaude Tolosatik, garai hartako bide bakarra Iruñera joateko, handik Zaragoza… mundu zabalera. Lizartzakoa da Eric Jaka: hark ere Banakako finalerako txartela lortu zuen joan den larunbatean, Elezkano II.aren kontra. Ez du bide samurra izan lizartzarrak, beltzak ikusi zituen Bakaikoaren aurka lehendabiziko kanporaketan; erraz irabazten joan arren, azken beltzean bi tantoko bentajarekin konformatu behar izan zuen. Urrutikotxea kanporatu ondoren, Elezkano gero, zeruan sentitzen dela adierazi zuen.
Gose da Jaka, gose Altuna III.a. Eta “gose handiarentzat ez da ogi beltzik”. Zeruan seguru ezetz, hala baitio azaroaren 23ko Frantziskotarren Arantzatzuko Amaren egutegiak.
Finala, Altuna eta Jakaren artekoa, datorren igandean jokatuko da. Alegiatik haratago: Bilbon, hain zuzen.