Jaka txapeldun, buruko minak

Eric Jaka zeruan sentitu zen Eskuz Banakako finalerdia irabazi zuenean. Geroztik, zeruan eman du ia astebete. Zerutik lurrera zetorrela —finala jokatzeko Altuna III.aren aurka— lainoen artean, Maradonarekin egin zuen topo. Zertaz aritu ziren, ez dut elkarrizketaren berri. Dakidana da: “Maradona ez zela edozein izan, larruzko pilota bati itsatsitako pertsona bat izan zela, dohain zerutiarra izan zuena baloia oso ondo tratatzeko, gerlari bat”… Halaxe kantatu zion Andres Calamarok.
Donostiako Kontxako paseoan buelta bat emanez, 20 bat lagunez osatutako taldea sumatu nuen hondartzan, argentinar bandera airean, Bocako kamisetak, Argentinos Juniorsekoak ere bai, kandelak piztuta zeuzkaten aldaretxo batean, burumakur batzuk, zerurantz begira besteak; otoitzean denak. Santutegi bat. Maradonianoen elizako feligresak? Maradona, dagoeneko, zeruko bidean zen, gerlariei dagokien Olinporako bidean.
Zestoan (Gipuzkoa) bada beste santutegi bat, Xabier Iriondo pilotazale amorratuak sortutakoa. Etxabe bat santutegi bihurtu duena, ez Maradonaren aldekoa, ez. Eskuzko pilota memorabilia pilatu du bertan: ehunka argazki ditu, liburuak ugari. Pareta korrederak mago baten xistera batetik bezala agertzen dira derrepente, sabaia, dena eskuzko pilotari txapeldunekin beteta. Museo txiki bat da Iriondorena. Buruz buru txapeldun izandakoek leku berezia dute santutegian.
Egunero joaten da etxabera. Ez dut uste kandelak piztera, ezta otoitz egitera ere. Pilota bizimodu bat izan da beretzat. Entretenimendua. Gozatu eta lagun asko egin ditu pilotari esker. Dedikatoriak ikusi besterik ez.
Iriondok begi onez ikusten du Jokin Altuna, faboritoa finala jokatu aurretik. “Beldur baino, ez ote zuen finala galduko”…
Eric Jaka ez da edozein hemendik aurrera. Finala irabazi zion Altuna III.ari, kostata, 22-20, baino irabazle. Eric Jaka pilota bati itsatsitako pertsona bat zela bagenekien. Pilota oso ongi tratatzen duela erakutsi zuen Bizkaia pilotalekuan. Gerlari bat dela Eric Jaka.
Galdetu bestela Xabier Iriondo “beldur zen gizonari”. Ba ote zuen zestoarrak Maradonak eta Jakak edukitako elkarrizketaren berri? Edo, agian, bere beldurrak terrenalagoak ziren. Ez daukala leku gehiago bere etxabean beste gerlari baten argazkia sartzeko. Izan ere, Jaka txapeldun berria baita. Bere tartetxoa irabaziz santutegian. Baina non? Biharamuneko buruko minak Iriondorentzat.