Estoikoak

Partida gogoangarria ikusten ari nintzen. Ematen zuen Altuna III.a eta Tolosa nagusituko zirela. Izan ere, 19 eta 16 joanda, hiru tantoko abantaila, nahikoa zirudien. Are gehiago, kontuan hartzen bada partidan zehar uneoro aurretik joan zirela. Bai, ondo bidean, gipuzkoarrak astebetera Iruñean izango ziren Lasorekin eta Imazekin Bi-bitako txapela borrokatzeko.

Ondo bidean esan dut, zeren derrepente keinu txar bat antzeman zitzaion Anoetako (Gipuzkoa) atzelariari. Zerbait serioa gertatu zitzaion, ez aurreko batean bezala, karrankak medio, partida amaitu ezinean ikusi nuenean Ez, oraingoan, lesio gaiztoren bat, zaintiraturen bat, haragi-etena edo batek daki… Itsusia, inondik ere!

Estoizismoaz idaztea pentsatuta neukan Jokin Altunaren adierazpenak entzun eta gero, astean zehar, komunikabideetan.
Modan daude estoiko klasikoak: Epikteto, Seneca edo Marco Aurelio, besteak beste. Modan, baita ere, horien gainean idatzitako liburuk, dozenaka aspaldi honetan.
Liburuak, ordea, edozein liburuk, ez du inongo baliorik ez badigu laguntzen eguneroko bizitzan. Nik ez dakit Altuna III.a liburuzalea den ala ez. Epikteto edo Marco Aurelioren berri ba ote duen. Jokabidearen arabera ematen du baietz. Edo ez. Zeren gertatu liteke ateratzen zaion guztia sena baliatuz egitea. Kantxa barruan bezala, pilotakada bakoitza intentzioz egina du.

Partida irabaztea helburu baino, sistema du estrategia amezketarrak. Gauzak ahalik eta ondoen egin, dena eman, eta gero gerokoak. 22arekin itsutu gabe.

Epiktetok azpimarratzen du badirela zure mendean dauden gauzak; eta, bestaldetik, zure kontroletik kanpo geratzen direnak. Altuna III.a eta Tolosa ondo ari ziren jokatzen, euren partea egiten. Baina, ai bigarren partea! Zure eskutik at geratzen dena…
Zorte txarra, destino petrala.
Estoizismoa modan omen, dozenaka liburu argitaratzen dira eta lagungarriak dira bizi dugun ziurgabetasunari aurre egiteko, soseguz bizitzeko ahal den neurrian.
Epiktetok esan zuen (idatzita ez baitzuen ezer utzi): “Gauzek, berez, ez digute minik egiten, ezta eragozpenik jartzen. Ezta beste pertsonen jokabideek ere. Nola ikusten ditugun gauzak, beste kontua da. Gure jarrerak eta erreakzioak dira arazoak sortzen dizkigutenak”.
Hasi hori guztia azaltzen Altuna III.a eta Tolosari partida bertan behera utzi zutenean. Kirolaren gordintasunak, goi mailakoarenak, zaplaztekoa ematen dizu gutxien espero duzuenean. Lehenago edo geroago gertatzen den bezala. Bizitzak berak, ataka gaiztoetan jartzen gaituen moduan.
Bai, sinetsita nago estoikoak inoiz baino beharrezkoak ditugula zoratu ezean.