Egurbide eta Goiko

Bitxikeriak gertatzen dira noizbehinka pilotalekuetan ere. Urrutira jo gabe duela egun batzuk Markina-Xemeingoan, Grand-Slam txapelketaren barruan.
Pilotazaleak bitan zutitu ziren txalo-zaparrada ez ohikoak eskaintzeko. Lehenengoa, jaialdia hasi aurretik, Egurbide (Mutriku, 1939) zenaren alde. Hain justu, bezperan hil baitzen Estatu Batuetako Connecticuten.

Jaialdiaren bukaeran pilotazaleak berriro altxatu ziren euren eserlekutik esku zarta apartekoa eskaintzeko Goikoetxeari. Partida galdu ostean, txapelketatik at geratu ostean, agur esaten ari zitzaiolako zesta-puntaren “Unibertsitateari”. Datorren neguan, Gernikako Winter Series txapelketaren ondorenean, pilota profesionala utziko baitu zumaiarrak.

Goikorekin ziklo baten bukaeraren aurrean gaudela esaten badut, ez dut esango inongo astakeriarik. Bera izan da aurreko koadroetan jaun eta jabe, zer esanik ez buruz buru. Txapelak ezin konta ahala eskuratu ditu.

Egurbideren nagusitasuna ez zen izan hain nabarmena. Habanan egin zuen debuta 14 urterekin (Goikok 15ekin Milanen). Berehala hasi zen estelarrak jokatzen eta hainbat urtetan beti punta-puntan ibilitakoa izan zen. Lehia, ordea, beldurgarria zen aurrelarien artean. Pistón, J. L. Salsamendi, Orbea I.a, Ondarres, “Txino” Bengoa, Alex… geroxeago etorri ziren Bolibarko Txikia eta “Katxin” Uriarte.

Aurrelarien artean, nik ezagutu ditudan jotzaile handienak izan dira Egurbide eta Goikoetxea. Remen bermeotarrarekin batera. Baita era beste pilotari bat gehituko nuke zerrendan: Txarola izenekoa.

Garai desberdinetako kirolariak ezin dira alderatu.
Posible izango ote da gaur edo bihar —bolo-bolo dabilen adimen artifizialaz baliatuz— Egurbide eta Goiko aurrez aurre jokatzen ikustea?
Ez nintzateke harrituko halako zerbait gertatuko balitz. Egurbide eta Goiko birtualak buruz buru borrokan.

Nik aukera izan nuen Egurbiderekin jokatzeko, bera 17 urte zaharragoa izan arren. Bartzelonan gertatu zen, 1972an; Bridgeporteko Jai-Alai pilotalekuan 11 urte geroago. Goikoren kasuan harmailetatik ikustea egokitu zait.

Norekin geratzen naizen? Egurbide edo Goikorekin?

Ikusi zumaiarra bazterrak astintzen, arerioak txikitzen… eta zera etortzen zait gogora. Mutil honi, Egurbideri egokitu zitzaion sailean tokatu izan balitzaio, noraino ailegatuko zen bere joko muga?
Izan ere, kirolari indibiduala arerioaren arabera hazi egiten baita, edo kikildu. Goma elastikoa balitz bezala. Premia larriak eramaten du muturrera askotan kirolaria. Egurbiden erakustaldiak Bartzelonan, Tximelaren laguntzarekin, koadroko hiru onenen aurka… ikusgarriak ziren!
Deskuidatzen zenean, ordea, konfiantza galtzen bazuen, beste aurrelari batek hartzen zuen aginte makila. Txandaka. Halakoxea baitzen orduko top-5ekoa.

Dena dela, erretiro kontuak medio —Egurbide bizialdi honetatik eta Goiko kantxetatik— jaialdi berean txalo-zaparrada galantak jaso zituzten bi erraldoiek. Edozein garaitan, punta-puntan, top-5ean, euren lekua izango zutenak.