Sua barruan

Kaixo, seme!
Zer moduz Florida aldean?
Ikusi al zenuen joan den igandean, ETBn, Altuna III.a eta Jakaren arteko partida?
Hura eromena, motel!

Biharamunean lagun batekin topo egin nuen kalean eta halaxe esan zidan:
“Altunari ez zaio gustatzen galtzea, alajaina!”.
Inori ez zaio gustatzen galtzea, baina ematen du batzuek min gehiago sentitzen dutela.

Kontua zer da, batzuk lehiakorragoak direla edo jenio biziagokoak? edota biak?
Zuk, adibidez, tantoa galdu arren, ez duzu ezer adierazten. Jokatzen jarraitzen duzu. Ez zara zure onetik ateratzen. Jakak ere, lehengoan, partida osoa, jestu txarrik egin gabe pasatu zuen, azken tantoak arte, bertan behera amildu arte.

Baziren pilotariak, badira eta izango dira, tanto bat galdu ondoren, edo partida amaieran, harrapatzen duten guztia txikitzeko kapaz direnak. Pete Townshend rock gitarra jotzailearen moduan. Hura izan omen zen lehena gitarra pusketan uzten hasi zena agertokian.

Badira tenislariak, baita ere, erraketa lurraren kontra astintzen hasten direnak, eskuan soilik kirtenarekin geratu arte.
Andre Agassik, OPEN izeneko bere autobiografian, kontatzen du izaten zituela halako oldarraldiak partida galdu ostean; inoiz ez irabazitakoan, ordea. Hain zuzen, irabazleek horixe baitute amankomunean, denok bihurtzen garela irabazle onak.

Zuk, Jon, egin al duzu inoiz partida bukatu, aldageletara joan eta xistera hormaren kontra astindu?
Gogoa sentitu, seguru baietz.

Bazen gure garaian Gerrika izeneko puntista bat. Hark bi-pareta bota edo goitik beherakoa, eta ez bazitzaion pilota berak nahi zuen bezala ateratzen, askotan, hartzen zuen xisteraren muturra ezkerreko eskuarekin eta birrindu egiten zuen saskia. Haren amorrazioa!
Zer esanik ez ikusleak zoratzen jartzen zirela show hura ikusita.

Merezi al du horrela jartzea?
Batzuek ezin dute kontrolatu duten jenio bizia, kosta egiten zaie. Altunak, tarteka, egiten ditu bereak. Aurreko igandean telebistaren tramankuluren bati astindu ederra eman zion. Galtzaile txarra delako, galtzea gustukoa ez duelako?

Lazkao Txiki bertsolaria ere jenio bizikoa omen zen, haserretzen zenean, kontuz, edozer gauza esateko prest izaten zen.
Beasainen ba omen zituen hiru lagun, tabernaria eta beste bi, harekin botila ardoa jokatu behar izaten zutenak beti musean.
Behin, tabernaria kontrarioa zuen, eta nonbait hamarreko bat jaso omen zuen tranpaz. Joxe Migel ohartu egin zen eta kargu hartu omen zion. Besteak ukatu.
Orduan Lazkao Txiki, horrelakoetan ohi zuen bezala, oso berotu omen zen. Bere mus-lagunak, hura baretzeagatik-edo, honela esan omen zion:
“Baina, Joxe Migel! Ez adi horrela jarri, ardo botila besterik ez da eta!”
Eta Lazkao Txikik orduan:
“Joño! Hi ere nire kontra! Nik orduan ardo botila batengatik etzeukeat hola jartzerik; eta horrek lapurtzea bai?”
Bota kartak mahai gainera eta alde egin omen zuen handik, sututa. Horrelaxeko jenio bizikoa zen.

Jakak 22 eta 21 galdu ostean, ez zuen denbora larregi pasatu Altuna III.a zoriontzen. Ozta-ozta jarri zion esku bat bizkarrean, Jokinen kaltetutako sorbalda ez ukitzearren edo…
Kartak mahai gainera bota eta ziztu bizian alde egin zuen aldageletara; sua barruan.

Beste bat arte, Jon.

Pitbull eta Pello Errota Gernikan

Zuzeneko emanaldia ematen ari ziren ETB1en, Gernikako Jai-Alai pilotaleku dotoretik, hain justu. “Urriko azken astelehena”, egun handia Gernikan; hori gutxi balitz, Winter Seriesen lehenengo jardunaldia jokatzekoa zen. Pantailatik sumatu zitekeen sekulako giroa zegoela jai-alaiaren katedralean.

Hara! nire artean, kamerak harmailetan jarri zuen fokoa eta bat-batean konturatu nintzen aurpegi haiek ezagunak egiten zitzaizkidala. Are gehiago, ETB1eko kazetariak esan zuenean Jose Anjel Iribar Athleticeko atezain historikoa bertan zegoela, baina ez zuela adierazpenik egin nahi partida lasai ikusi nahi zuelako.

Harrigarriena da Euzkitze ere ez konturatzea zeintzuk zeuden Makatzaren (Iribar) alboan. Ni berehala ohartu nintzen zeintzuk ziren. Pitbull rap-abeslaria eta Pello Errota bertsolaria; honen alboan Mikela alaba ote zegoen ere iruditu zitzaidan, ilea gorriztatuta eta larruzko traje beltz batekin.

Winter Seriesera agertzen dira ospetsuak, artistak, beste kiroletako punta-puntako kirolariak… Jon Ander Peña, esku-huskako izarra ere elkarrizketatu zuten. Baita Onintza Enbeita bertsolaria ere. Iaz, gogoan dut Iñaki Artola eskularia agertu zela edo Iker Vicente aizkolaria.

Iñaki Artolak zestapuntari buruz hitz egin ziolako azaldu ote zen Gernikan Pello Errota? Elkarrekin etorri ote ziren, lehendabizi feria bisitatu, bapo bazkaldu eta pilotalekura gero?
Batek daki.

Bolo-bolo zebilen aspaldian Pitbull Euskal Herrira etortzekoa zela. Nik apenas entzuna nuen izena zen Pitbullena, ez naiz ni musikazale amorratua, atzean gelditu nintzen musika kontuetan, Sinatra, Don Mclean edo Simon eta Garfunkelekin.
Pitbull? Txakur arraza bat zela hori banekien, baina rap-abeslaria, hiru grammy irabazitakoa? Sakira edo Ricky Martinekin orpoz orpo ibiltzen dena?

Miamin (Florida) hazitakoa da Pitbull, jatorriz kubatarra. “Miami” marka, bertako kultura, asko estimatzen duena. Hainbat negozioren jabe egin da, baldin eta Miamirekin zerikusia badute. Miami Grill jatetxe katearen jabea da bera.

Duela aste gutxi, sare sozialetan agertutako albistea zen Pitbullek World Jai-Alai Leaguearen akzioak erosi dituela. Jai-alai Miami inguruko kulturarekin lotuta dagoelako. Florida hegoaldeko ezinbesteko partea delako. Kirol hau orain ia ehun urtetik esistitzen dela Floridako hegoaldean eta bultzada bat merezi duela zioen musikariak.

Irudi batean Pitbull ikusi nuen berebiziko azalpenak ematen Pello Errotari. Zer ote zuen mingainaren puntan Pitbullek? Rap-abeslarien eta bertsolarien arteko desberdintasunak zeintzuk ote diren?
Edo Miamin jokatzen den jai-alai mota eta tradizionalaren arteko diferentziaz ari ziren? Miamin, Magic City Jai-Alai pilotalekuan, 36 metroko kantxa batean jokatzen dute, paretak polimeroekin egindakoa, porlanarekin ezer gutxi ikusteko dutenak; pilotak ere, bestelakoak, plastikozkoak, nolabait esatearren.
Horretaz ari ote zen Pitbull?
Makatza, berriz, isil-isilik, zintzo demonio partida jarraitzen. Goiko eta Leke sekulako jipoia ematen ari zitzaizkien Erik eta Minvielli. Iribar ez da berriketan aritzen den horietakoa; Pitbull ez bezala.

Bitxia egiten zait Euskal Herrian, Ipar eta Hegoaldean, sortu berria duten marka: Jai Alai League liga, alde batetik. Bestaldetik, Miamin, World Jai-Alai League.
Perspektiba kontua?
Gurea lokala, etxetik ibiltzekoa? Floridakoa, aldiz, munduari begirakoa? Denborak esango du.

Bat-batean, ideia zoro bat pasatu zitzaidan burutik. Ez ote da Pitbull Eraman!-en (Gernikako enpresa) akzioak erostera etorri? Miamin egin duen bezala? Bi ligak bat eginda.

Hoberena, Asteasutik pasatzea, Pello Errotaren etxetik, jakiteko nire burutazio horrek funtsik ba ote duen. Zarautzera joan eta Makatzari galdetzen badiot badakit ez didala ezer kontatuko.

Erreferenteak

Donostiako Liburu Azokan izan nintzen eta bost minutu pasatu baino lehen banituen poltsikoan bi liburu. Biak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren saltokian erositakoak.

Bata, Salbador Zapirainen, “Ataño”, Tantxangorri kantaria (batuara egokitatukoa) liburu zoragarria. Joan Mari Irigoien zenaren hitzaurre ederrarekin.
Bestea, bigarren liburua: Pilota eta bertsoak Joxemari Iriondok paratutakoa. Biak ala biak Hauspoa sailekoak.

Hirugarren aldiz hasi naiz irakurtzen “Ataño”ren liburua eta, bat nator Irigoienekin esaten duenean: (…) badira liburuak, izan ere, bigarren irakurketan ez hain ederrak iruditzen zaizkigunak, eta badira alderantzizkoak, zenbat eta gehiago leitu, orduan eta hobeak iruditzen zaizkigunak: bada, Txantxangorri kantariarekin hauxe gertatu zait (…)”.
Baita niri ere. A zer liburu ederra!

Irigoienek Atañori egindako elkarrizketaren bat ere aipatzen du. Euskal idazleen artean, Txomin Agirre omen zen bere erreferente kuttuna gai literarioetan.

Pilotan ere denok ditugu erreferenteak, pilotari kuttunak. Nire laguna den Martin taxilariak ere baditu bere erreferenteak. Duela egun gutxi, Donostiako erdigunean egin nuen topo berarekin, Prim kalean, bezero baten zain zegoen bitartean. Martin pilotazale amorratua da, esku-huskako moldea du gogokoen eta sare sozialetan parte hartzeko beti prest agertzen da. Gainera, ez du ahoan bilorik.
Hizketan hasi bezain pronto Altuna III.a hasi zen goraltxatzen. “Jokin bezalakorik, inor ez, ezta Irujo bera ere”, zioen.
Bitartean, nire buru barruko ganbaran Retegi II.aren irudiak hasiak ziren mugitzen txokotik zabalera kantxan bezala eta zerbait esateko gogoari eutsi ezinean… eskerrak orduantxe azaldu zela bezeroa, bestela ez zuen amaierarik izango Martinen bakarrizketak.

Denok ditugu gure erreferente kuttunak.

Zesta-puntan aritzen den Goikoetxeak, erretiroaren bidean dela-eta, duela egun gutxi agur esan ziei herritarrei Aitzuri pilotalekuan, Zumaian.
Han bildutakoentzat, askorentzat, Goiko da xisteraz inoiz aritu direnen artean pilotari handiena. Herriko semea kuttuna izatea ulertzekoa da. Orohar, zesta-puntazale berrientzat ere erreferente nagusia.
Niretzat, aldiz, erreferenteak, xistera kontuak hizpide, nire nerabetasunarekin lotuta daude, Bartzelona garai hartako, 1972, izarrekin: Txurrukarekin, Tximelarekin, Ondarresekin… edo zendu berria den Egurbide I.arekin.
Behin, Egurbide zenak bere autoan eraman ninduen etxera, Tolosara. Aita-semeak bagina bezala.
Ez da harritzekoa, geroztik, Egurbide nire erreferenteen artean kuttunenetakoa bilakatu banuen.

Barne-joera makurrak, direnak eta ez direnak, sartzen dira erreferenteak aukeratzerakoan.
Zergatiaren arrazoiak, askotan, aski irrazionalak. Afinitate kontuak, estiloa, hitzen bat edo keinuren bat; lehendabiziko kolpea nahikoa izaten da norbait kuttunen sailean barneratzeko.

Bada beste elementu bat erreferenteak hartzerakoan.

Txantxangorri kantariaren egileak, batuaz hizketan ari zela, zera zioen: nahi eta nahi ez behar da batua: orain zer batua, hori da diferentzia. Idazteko beharrezkoa dugu, bai, baina euskalkiak hiltzen hasten baldin badira, orduan, gaizki ibiliko gara. Nik, auzi honetan, ikasitakoari segitzen diot eta kitto.

Ikasitakoa soilik ez, ikusitakoa gehituko nuke. Izan ere, erreferenteak hautatzerakoan ikusitakoan oinarritzen gara neurri handi batean. Gertuen daukaguna errazago ikusi eta onartzen dugulako.
Zumaiarrek Goiko dute gogoko mingainaren puntan. Martin taxilariak, Altuna III.a…. Egurbide edo Retegi II.a, aldiz, nik.

Ezinbesteko baldintza da, baita ere, sinesgarritasuna. Erreferenteak ez dira izaten erdipurdikoak.
Ongi azaltzen du Joan Mari Irigoien zenak liburuaren hitzaurrean “Ataño”ren lana goraipatzerakoan.
(…) Literaturaren munduan bada urrezko maxima bat, obra baten balioa eta kalitatea erabakitzen duena —ona edo txarra den, bestela esanda—; bada, mundutxo horren parte sentitzen garenok hainbestetan errepikatzen dugu maxima hori, non, hondarrean, literaturarekin zerikusia duen idazlan bat egiteko orduan, conditio sine qua non bihurtzen dugun. Eta zein da, bada, maxima hori? Hauxe: sinesgarria izatea du aurrebaldintza, baldintza eta ezinbesteko postbaldintza (…).

Erreferenteak, normalean, sinesgarriak egiten zaizkigu.

Pilota eta bertsoak liburuan, gainbegiratu batean ohartu naiz, bildutako bertso asko Iparraldeko bertsolariek osatutakoak direla. Eta Hegoaldekoen hautuak gehienak esku-huskako modalitatearekin lotuta daudela.
Zergatik?
Erraketistei buruz, esaten digu Joxemari Iriondok, ez duela ezer aurkitu. Honela dio Iriondok.
Harrigarri samarra da 1917-1980 artean Madrilen, Bartzelonan, Sevilla, Valentzian, Tenerifen, Mexikon, Filipinetan, Estatu Batuetan eta abarretan jokatu eta hain entzutetsu eta ikusgarri izan ziren ehunka emakume euskaldun erraketista famaturen bertsorik ez aurkitu izana (…).

Ezta ere jai-alai edo atzerrian ibilitako puntistei buruzkoak. Gertuago ibili zirenak, erremontelariei edo palistei buruzkoak, Abrego erremontelaria kenduta, ez dut ezer aurkitu Iriondoren bilduman.

Ez al da fenomeno bitxia?

Bertsolarien jatorriarengatik, behar bada?
Esku-pilota izanik hurbileko moldea?
Zer ikusi eta hura hartu erreferente eta hartaz kantatu?

Egurbide eta Goiko

Bitxikeriak gertatzen dira noizbehinka pilotalekuetan ere. Urrutira jo gabe duela egun batzuk Markina-Xemeingoan, Grand-Slam txapelketaren barruan.
Pilotazaleak bitan zutitu ziren txalo-zaparrada ez ohikoak eskaintzeko. Lehenengoa, jaialdia hasi aurretik, Egurbide (Mutriku, 1939) zenaren alde. Hain justu, bezperan hil baitzen Estatu Batuetako Connecticuten.

Jaialdiaren bukaeran pilotazaleak berriro altxatu ziren euren eserlekutik esku zarta apartekoa eskaintzeko Goikoetxeari. Partida galdu ostean, txapelketatik at geratu ostean, agur esaten ari zitzaiolako zesta-puntaren “Unibertsitateari”. Datorren neguan, Gernikako Winter Series txapelketaren ondorenean, pilota profesionala utziko baitu zumaiarrak.

Goikorekin ziklo baten bukaeraren aurrean gaudela esaten badut, ez dut esango inongo astakeriarik. Bera izan da aurreko koadroetan jaun eta jabe, zer esanik ez buruz buru. Txapelak ezin konta ahala eskuratu ditu.

Egurbideren nagusitasuna ez zen izan hain nabarmena. Habanan egin zuen debuta 14 urterekin (Goikok 15ekin Milanen). Berehala hasi zen estelarrak jokatzen eta hainbat urtetan beti punta-puntan ibilitakoa izan zen. Lehia, ordea, beldurgarria zen aurrelarien artean. Pistón, J. L. Salsamendi, Orbea I.a, Ondarres, “Txino” Bengoa, Alex… geroxeago etorri ziren Bolibarko Txikia eta “Katxin” Uriarte.

Aurrelarien artean, nik ezagutu ditudan jotzaile handienak izan dira Egurbide eta Goikoetxea. Remen bermeotarrarekin batera. Baita era beste pilotari bat gehituko nuke zerrendan: Txarola izenekoa.

Garai desberdinetako kirolariak ezin dira alderatu.
Posible izango ote da gaur edo bihar —bolo-bolo dabilen adimen artifizialaz baliatuz— Egurbide eta Goiko aurrez aurre jokatzen ikustea?
Ez nintzateke harrituko halako zerbait gertatuko balitz. Egurbide eta Goiko birtualak buruz buru borrokan.

Nik aukera izan nuen Egurbiderekin jokatzeko, bera 17 urte zaharragoa izan arren. Bartzelonan gertatu zen, 1972an; Bridgeporteko Jai-Alai pilotalekuan 11 urte geroago. Goikoren kasuan harmailetatik ikustea egokitu zait.

Norekin geratzen naizen? Egurbide edo Goikorekin?

Ikusi zumaiarra bazterrak astintzen, arerioak txikitzen… eta zera etortzen zait gogora. Mutil honi, Egurbideri egokitu zitzaion sailean tokatu izan balitzaio, noraino ailegatuko zen bere joko muga?
Izan ere, kirolari indibiduala arerioaren arabera hazi egiten baita, edo kikildu. Goma elastikoa balitz bezala. Premia larriak eramaten du muturrera askotan kirolaria. Egurbiden erakustaldiak Bartzelonan, Tximelaren laguntzarekin, koadroko hiru onenen aurka… ikusgarriak ziren!
Deskuidatzen zenean, ordea, konfiantza galtzen bazuen, beste aurrelari batek hartzen zuen aginte makila. Txandaka. Halakoxea baitzen orduko top-5ekoa.

Dena dela, erretiro kontuak medio —Egurbide bizialdi honetatik eta Goiko kantxetatik— jaialdi berean txalo-zaparrada galantak jaso zituzten bi erraldoiek. Edozein garaitan, punta-puntan, top-5ean, euren lekua izango zutenak.

Badaranen

Zer dute amankomunean Philippe Carricartek (Lakarra, Nafarroa Beherea, 1966) eta Carlos Gabarrik, “Gabarri II” (Badaran, Errioxa, 1959)?

Biak esku-huskako pilotariak izan zirela? Bai.
Carricart Iparraldeko plazetan txapeldun handia izan zen hainbat urtetan. Gabarri, berriz, Errioxa eta Hego Euskal Herriko plazetan, profesionaletan bi urte eman zituen erretira hartu arte artzain ebanjeliko bilakatzeko.

Ez zuten elkarren berri joan den igandea arte, ekainak 18. Biek, beste 94 lagunekin batera, egun-pasa ederra izan zuten Badarango herrian, Errioxan.

Pilotarien Batzarrak urtero ospatzen du festa nagusia lurralde ezberdin batean, aurten Errioxari zegokion antolakuntza. Pandemiarengatik, 2019a ezkero ez zen ospatu. Labastidan (Araba) izan zen azkenekoa.

Iparraldean Pilotarien Biltzarra dute; Hegoaldean Pilotarien Batzarra dugu. Anai-arrebak, etxekonekoak baina bakoitza bere sukaldean. Bazkideak: pilotari ohiak eta pilotazaleak nahastuta sail berean.
Hegoaldeko Pilotarien Batzarra duela 38 urte sortu zen. Ilea urdindu eta burua soildu zaigu. Gaur egun ez gara ailegatzen 300 lagunera kuota ordaintzen dugunok; hain zuzen, 20 eurokoa urtean. Huskeria, baina batek daki zer arrazoirengatik: ezezagutua delako behar bada, jendeak atzera egiten du kontu korronteko zenbakia eskatzen zaionean. Kostata lortzen ditugu bazkide berriak.
Agian, errua mezulariaren baitan datza.
Zertarako halako elkarterik? galdetuko du batek baino gehiagok.

Adineko jendea biltzeko eta urtean behin bazkari eder bat egiteko?
Baita hori ere! Baina bada zerbait gehiago.
Euskal pilotak, jokamolde guztiak hartuta, herrialde ezberdinak bateratzen ditu. Mugak hautsiz, bakoitza bere hizkuntzan
Badira alor batzuetan horri sports diplomacy deitzen diotenak. Donostian, urrutira jo gabe, ekainaren 28 eta 29an, World Congress, nazioarteko kongresu bat burutuko da Miramar Jauregian, eta punta puntako adituak etorriko dira atzerritik, kirola eta diplomazia uztartuz. Oso garrantzitsua omen bien arteko lotura. Kirola eta diplomazia.

Batek daki noiztik ari diren euskal piloten jokoak diplomazia lanak egiten, jende desberdina batzen.

Agian, horregatik jaio zen Pilotarien Batzarra orain 38 urte. Enbaxadore lanak eginez diplomazia sustatzeko, besteak beste.

Ikusi egin behar zen ekainaren 18an Badaranen Carricart eta Gabarri II.a solasean. Baxenafarra gaztelaniaz poliki; errioxarra, artzain ebanjelikoa, suelto-suelto bere hizkuntzan. Pilota zuten hizpide; ez ardi gazta edo mahastiak. Jainkoa behin ere ez zuen aipatu Gabarrik.
Badaranen jai giroan omenaldia egin zitzaien lurralde ezberdineko pilotaren alde lan handia egindakoei; 12 lagun, batez beste. Bakarren bat Kataluniatik etorria, Madrildik edo Asturiastik. Baita Estatu Batuetatik, oporretan zeudela probetxua atereaz.
Elkarte xumea da Pilotarien Batzarra, baliabide gutxikoa, baina izpiritua, izatea, sortu zuena bera du.
Carricart eta Gabarri bezalako bi pilotari ohik elkartzen segitzen duten bitartean, etorkizuna bermatuta dago. Diplomazia lanetan buru belarri jarraituko dugu.

Erik

Tantoa egin du eta sakea egitera abiatu da. Ibiltzeko nagiz, oinak arrastaka. Badirudi onenak emandako pilotaria dela eta, edozein momentutan, erretiroa hartuko duela.
Ezagutzen ez duenari ziria sartuko dio. Ez aurkariari, ordea; aurrelaria bada, are gutxiago.
Eszena erabat aldatzen da sakea egin eta tximista bezala korrika abiatzen denean aurreko koadrorantz, zabalera edo txokora, nahieran.
Hamarretik zortzi harrapatzen ditu kontrarioak botatako erremateak. Hain bizkorra da!
Ez zangoak soilik, bista eta kolokazioa ere apartekoak ditu. Badirudi GPS txip bat daramala bi begien artean.
Trakets itxura horren barruan depredadore krudela ezkutatzen da. Arranoak atzaparrak untxiaren lepoan jartzen dituenean bezala, goitik behera ziztu bizian hegaldatu eta gero, Erikek —Izena Erik baitu. Erik Mendizabal, 37 urte duen mutrikuarra. Hainbat urtetan jaun eta jabe Daniako Jai-Alai pilotalekuan— behin pilota xisteraren barruan duenean, labankada jaurtiko dio aurkariari erraietara, txiki-txiki uzteko.
Urte eta erdi zeraman inon jokatu gabe. Berriro agertu da kantxan. Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan, Jai-Alive enpresaren eskutik. Eta dagoeneko Grand-Slameko finalerdietarako sailkatu da Erik; Lekerika lagun duela.
Danian (Florida) ikusi nuen jokatzen egunero, zortzi astez. Bere jokoa deskribatzeko euri-langarra etortzen zitzaidan gogora. Konturatu orduko, blai eginda uzten zaitu. Ematen du ez duela ezer egiten, ez jokorik, ez ezer. Baina eguna joan eguna etorri, kiniela bat bestearen atzetik, bere nagusitasunak ez zuen parekorik.
Pilotari izandakooi, niri behinik behin, gertatzen zaidana da konparazioak egiten hasten naizela, nahi gabe, erreferentzien bila aritu behar… Bazen harmailetan Steve izeneko jai-alaizale amorratua, azken 45 urteetan Floridatik pasatako puntista guztiak ezagutzen zituena.
Behin galdetu nion ea Erik ikusten zuen Miamin jokatzen, duela 40 urte, pilotari on haien artean, izarrez jositako koadroan. Baietz, erantzun zidan. Zalantzarik gabe.
“He´s got all the tools”, esan zidan. Erreminta guztiak dituela Erikek, alegia.
Izan ere, Eriken jokoak “suitzar labana” bat dirudi. Segun eta zertarako behar duzun, estuasunetik aterako zaitu. Den dena egiten baitu ondo Erikek.
Ez da jotzailea, baina pilota atzera jaurtitzen du erraztasun osoz. Altuna III.ak eskuz egiten duen bezala.
Behartu gabeko pilotak, nekez galtzen ditu. Pilotak punpa arraroa egiten duela, ez du ustekabean harrapatuko. Gauza bera pilota erreboteko hormatik datorrenean eta motz edo luze gelditzen zaionean. Zuzenduko du postura azken unean eta, gutxi balitz, ez du bere burua salduta utziko.
Berri ona zesta-puntarentzat Eriken berragerpena. Arerioak, ordea, bekozkoa zimurtzen hasiak dira.

Itsua nagusi

Badira hamaika istorio euskal pilotarekin lotutakoak. Denetatik dago, baita kontu bitxiak ere. Ondorengoak merezi du lekutxo bat bitxikerien artean.
Eskutitz bat da, aspaldikoa. 1885eko uztailaren 13koa. Izenburua, hauxe:

GUTUN BAT URBERUAGATIK

El Noticiero Bilbainoko Zuzendari Jauna

Zuzendari txit agurgarria
Albiste bat ematera natorkizu zure egunkarian argitara dezazun. Hain zuzen, Ubillako Urberuagako bainuetxean jokatu den pilota partidari buruzkoa, arratsaldeko ordu batean, bainulari eta ikusnahi ugariren aurrean.

Pilota partidan honakoek hartu dute parte: Gillermo Garetxana ospetsua (Ubillako Urberuagako itsua) eta Silverio Ruiz, Prádanos herrikoa. Los Arcos eraikinaren arkupetan izan da partida, 16 tantotara, eta itsua, sakatzaile beti.

Nahiz eta aurkaria, Silverio —planta ederreko gaztea, bide batez—, sake-errestoan ondo moldatu, itsuaren sakeak hain azkarrak eta paretaren kontra baztertuak izaki, hau bost tantoko aldearekin nagusitu zaio lehenengo partidan.

Galtzaileak hala eskatuta, bigarren partida burutu da, 16 tantotara. Eta berriz itsua nagusi, hiru tantoko abantailaz.

Harrigarria dira Urberuagako itsuaren dohainak, banatzaile bezala eta, batik bat, ukuiluetan. Askok baino hobeto ezagutzen omen ditu zalditeria eta uhaleriak. Baita ere, hitz egiten dioten pertsonak, aurretik ezagunak badira: belarri oso finekoa izan behar du.

Gaur, bainuetxean, 130 lagunek hartu dute ostatu.
Har ezazu nire agurrik beroena.
G.

Hamaika ikusteko jaioak gaituk.

Gernikan: bi aldeetako plekariak

Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, Winter Seriesen (Neguko Txapelka), zortzi bikotek hartzen dute parte. Bederatzi pilotari dira Hegoaldekoak eta mendiz bestaldekoak, zazpi.

Hirugarren jaialdian jokatuko den partidan hiru pilotari dira Iparraldekoak: Olharan, Urrutia eta Basque; erdaldunak hirurak. Laugarren pilotaria, Aimar, Berriatukoa (Bizkaia), euskaraz egin dezakeen bakarra.

Euskal Herriko bi aldeetako plekariek (pilotari puntistak) elkarrekin nahastuta aritzen dira hainbat jaialditan, urtean zehar. Udan, Lapurdin batik bat; tarteka Hondarribian, Donostian, Mutrikun, Markina-Xemeinen ere bai.
Ez da Euskal Herrian beste kirolik halako fenomenoa bizi duenik. Zesta-punta profesionala da modalitate bakarra.

Aspaldiko kontuak dira hauek, ez pentsa. Esku artean dut Jean Elissalderen Zerbitzariren Idazlan Hautatuak´, Jabier Kaltzakortak paratutako liburu mardula. Bada liburu honetan atal bat,`Oraiko pilotariak´, oso interesgarria iruditu zaidana. Hainbat pilotari omenen erretratua egiten baitu. Zerrenda luzeena da Iparraldeko pilotariei dagokiena: Chilar, Sarako Chantrea, Larralde, Darraidau, Leon Dongaitz, Chiki eta abar.

Mendiz bestaldekoak, berriz: Vitoriano Embil (Jorge Oteiza eskultorearen osaba), semea Enrique, Piztia, Errezabal… Bada agertzen den beste bat ere: Porteño, Montevideon (Uruguay) jaioa.
Artikulu solteak dira, behinola Gure Herria aldizkarian jasotakoak.

Errebotean (joko zaharra, aurrez aurre jarduten dena, tenisean bezala) egiten zuten aipaturiko pilotariek. Baita plekaz ere (xisteraz, horma nagusiaren kontra). Pilotarien zerrenda luzea da Zerbitzarik aipatzen duena. Izan ere, taldeka jokatzen zenez (errebotean bost lagunek osatzen dute taldea), ugariak dira XX. mende hasierako pilotariak. Begi-bistakoa da xisteraz jokatutako moldeak berebiziko indarra zuela mugaz bi aldeetan. Iparraldean batik bat. Plazen zerrenda ikusita, ematen du herri gehienetan aritzen zirela pilotan. Ez horrenbeste Hegoaldean.

Zerbitzarik aipatzen dituen pilotalekuak hauek dira: Donostia, Oiartzun, Tolosa, Usurbil, Villabona eta Orio. Bilbaon ere izaten omen ziren partidak bi aldeetako pilotariez osatuta.
Argentinara edo Uruguayra joaten ziren denboraldiak egitera garai beretsuan edo lehenago, XIX. mendearen bukaeran, alegia.

Ehun bat urte edo gehiago pasa dira baina bi aldeetako pilotarien beharrak berean segitzen du, taxuzko partidak antolatu nahi badira.

Sasoi haiek oraingoekin alderatuz gero, badute zerbait bereizteko modukoa: elkarrekin komunikatzeko hizkuntza.

Ez du Zerbitzarik gai hau kroniketara ekartzen. Hain xuxen, mugaz bi aldeetako pilotarien hizkuntza euskara izaki, bakoitzak bere erara baina den denek euskaraz.

Gernikan parte hartuko duten zazpi pilotari frantsesetatik bakar batek ere ez du euskaraz egiten. Gazteleraz, ordea, nahiko poliki moldatzen dira. Derrigorrez ikasi behar, ulertuak izan nahi badute.
Gainontzeko bederatzi pilotariak, Hegoaldekoak, denak gai dira euskaraz egiteko. Nahiz eta, kantxan, batzuek bestela egiten duten, gazteleraz, alegia. Paparrean daramaten mikroa horren lekuko.

Euskal Herriak bizi duen egoera soziolinguistikoa?
Hala dirudi.

Niri, behinik behin, belarriko mina eta bihotzean tristura sortzen dit euskaraz dakitenek euren artean jo eta su erdaraz entzuteak. Jende aurrean batik bat, telebista lekuko.

Hau esanda putzu batean sartzen ari naizela iruditzen zait. Ni, neu ere, tarteka, erdaraz aritzen naizelako hainbat euskaldunekin.
Baina, ez al dugu behingoz —Euskaraldian gaude— kontzientzia apur bat norberaganatu eta ahaleginak egingo euskaraz aritzeko?
Ez al dute kameren aurrean jarduten diren pilotariek abagune ezin hobea eredugarri izateko?

Mundu guztiak aipatzen du zer nolako susperraldia bizitzen ari den zesta-punta. Bolo-bolo dabil “Olatuarena”, beste hizpiderik ez da.

Plekaren (zesta-punta) urak gorantz doazenean, euskararenak, aldiz, itsasbehera bizi du. Eta ez du ematen mugituko direnik. Zikloa erabat “normalizatutzat” hartzen badugu.
Has gaitezen, beraz, norberarengandik hasita, ahalik eta gehien euskaraz egiten pilota plazetan, Zerbitzariren garaietan bezala.

“Komandantea Berbetan”

Bilbotik Bartzelonarako hegazkin-bidaia batean gertatu zitzaiona kontatzen du Bernardo Atxagak “Kilker bat Autopistan” liburuan. Aireratzera zihoazela Bilbon, halako batean, “komandantea berbetan” entzuten du, euskaraz, “bizkaiko azentu amiñi batez”, bidaiaren nondik norakoak azaltzen.

Atxaga don Jose Lizarrabengoa XIX. mendeko Sevillan bezala sentitu omen zen.
Don Josek —nafarra, Elizondon jaioa— herritik alde egin beharrean izan zuen gaztetan pilota partida baten gorabeherak tarteko.

Sevillara joan eta soldadu lehendabizi, brigadier gero. Bertako tabako-fabrika zaintzeko ardura eman zioten. Laurehun edo bostehun bat emakume lanean ari ziren lantokian.

Gitanilla bezala ezagunak, Sevilla osoan emakumerik politena eta lotsagabeena, beste langile bati eraso egin eta atxilotu omen zuten, don Joseren zaintzapean.
Gitanillak don Joseren azentua ezaguna egin, euskaldun batena alegia, eta, neska hau bitxo ederra zenez, erabat nahastu zuen don Jose. Elizondoko mozoloa Etxalarko sorginaren sareetan erori zen. Etxalarkoa baitzen, jatorriz, Gitanilla.

Aske utzi zuen neska eta bera, don Jose, ondorioz, brigadierraren uniformea sastraketara jaurtiz, bandidu bilakatu zen: José Navarro, hortik aurrera.
Heriotza-zigorraren aurrean: “Gure hizkuntza, jauna, hain ederra non, atzerrian entzuten dugunean, zirrara eragiten digun…”.

Pilota-kontuak medio, itsasontziz joan ziren hogei bat pilotari Txinara, 1929an, Shanghaira hain justu. Handik egun gutxietara, zirrara eragin zien agure zahar batek euskaraz hizketan hasi zenean. Aboitiz jauna, lekeitiarra. Enpresa-gizona, inportazio-esportazio lanetan aritzen zena. Euskaldun batekin ezkonduta, hiru seme-alabaren aita.

Hegazkinez joan ziren Las Vegasera (Nevada) pilotariak. Metro Golden Mayer hotelaren barruan zegoen Jai-Alai pilotalekuan jokatzera. 1976an, lan-baldintzak eskasak nonbait eta, Teamsters Union sindikatu ahaltsuan afiliatu ziren. Kamioizaleen babesean gauzak erraztuko zirelakoan. Usteak ustel!, ordea. Grebara jo zuten eta ataka estu batean aurkitu ziren. Agindutako laguntza inon agertu ez.

Konpainiako Joko Arduradun Nagusiak bilera batera deitu zien hiruzpalau pilotariri. Alde batera uzteko Teamsters Union delako hura; horren ordez, Pilotarien Elkarte independente bat sortzeko izan zen agurearen aholkua.
Joko Arduradun Nagusia, milaka langile bere agindupean zituenak, euskalduna zen, Ispasterkoa.

Hala ere, pilotariek muzin egin zien “komandantea berbetan” aritu zenari, bizkaiko azentu amiñi batez”, eta kale gorrian geratu ziren. Las Vegasko Jai-Alai pilotalekua betirako ateak itxiz.
Etxerako bueltan, hegazkinean, komandantea berbetan hasi zenean, ingeles hutsean jardun zuen. Oklahomako azentu amiñi batez.

Bi sarrera

Armairutik txaketa bat atera dut, txupa marroi kolorekoa, dotorea. Auskalo noiztik jantzi gabea, zoko usaina du.

Hasi naiz poltsikoak miatzen. Batean bi paper mutur, bi tiket topa ditut. Inprimatuta “FESTIVAL DE PELOTA”. Eusko BASQUE. SARRERA. FRONTOIA zein zen ez du ipintzen. EGUNAren laukia, hutsik. Aspaldiko enpresen zigiluak agertzen dira: MASTERJAI S.L. eta JAIALIVE, S.L. Desagertuak biak, lehendabizikoa bai, behinik behin.

Noizkoak ote dira tiketak, ezin esan. Txupa hori soinean eramateko, udaberria edo udazkena izan behar zuen. Negua ez dut uste, udara zenik ere ez. Bi tiket direnez, ez nintzen bakarrik joango. Emaztea edo semearekin seguruenik.

Garai bateko zesta-punta kudeatzen zuten entrepresak bi ziren. Tiketetan agertzen direnak. Zesta-puntaren monopolioa, Eusko Basqueren esku zegoena, JAIALIVEk apurtu zen. Hasiera batean, etsai amorratuak. Egoerak bultzatuta auzolanean aritu ziren. Jaialdi batzuk, txapelketak seguruenik, bien artean antolatu zituzten.
Bi sarrera horiek Donostiako Carmelo Baldan sartzeko balioko zuten. Urte batzuk pasatu dira harrezkero, 10 bat, gutxienez.

Egun hauetan, astelehenetan, Neguko Seriak jokatzen ari dira Gernikako Jai-Alai pilotalekuan. Zesta-puntaz, jakina. Auzolana, Gernika Jai-alai Professional enpresak eta ETB 1en artekoa, berebiziko fruitua ematen ari da. Edukiera mugatua dela eta, 800 bat lagun sartu ziren joan den astelehenean; 200 bat lagun kalean, sartu ezinik Ez da txantxa.

Antolatzaileek erabaki dute hurrengoan sarrera bakoitzeko bost euro kobratzea, aldez aurretik erosi behar direnak. Lehengoan gertatu zena ekiditeko. Interneten daude salgai, eta nik dagoeneko hiru sarrera erosi ditut bi lagunekin batera joateko.

Txupa marrroia eskuilatu eta aireratzen jarri dut, zoko usaina kentzeko. Dotore asko joango naiz Bakearen hirira txaketa marroiarekin, beisboleko kapelarekin. Floridan erositakoa Tampa Bay Rays beisboleko taldearena. Sugearen larruarekin egindako kanpero batzuk er baditut. Indiano baten moduan azalduko naiz Gernikan. Hemen dator Donostiako “Croocodile Dundee”.

Egingo dudana, baita ere, sarrera berriak poltsiko berean gorde. Txupa marroian. Armairuan utzi eta hemendik hamar bat urtera berriro atera.
Egoera nolakoa izango da hamar bat urte barru. Pilotariak, bakarren bat kenduta, gainerakoak erretiroa hartuta egongo dira. Izan ere, Neguko txapelketaren batezbestekoa 35 urtekoa da. Atera kontuak.

Antolatzaileak berak izango al dira? EITBk jarraituko al du “Pilotaren Etxea” izaten, zesta-punta apopilo gisan?

Zesta-punta aro berri batean sartu dela entzuten dut. Olatua gero eta handiagoa bilakatzen ari dela. Surflariak pozez zoratzen, baita ikusleak ere. Eta ni hondartzatik begira nagoela largabista batzuekin ikusten dut neure burua. Ez dadila itsasoa baretu. Etor bitez olatu gehiago eta ez dadila festa giroa bukatu, all night long.

Mahai gainean ditudan bi aspaldiko tiketetara joaten zaizkit begiak, eta Sisiforen mitoa etortzen zait gogora.
Sisifo gizagaixoa Jainkoen kontra errebelatu omen zen desafioa eginez. Jainko ahaltsuek zigortu zuten. Harri puska galanta bizkarrean bota, eta mendi tontorrerarino eramatea behartu zuten. Behin, mendi puntan, harria askatu eta maldan behera joaten utzi behar zuen. Operazio bera behin eta berriro errepikaraziz, epemugarik gabe.