Arrosak parabrisan

Gauero arrosa bat aurkitzen nuen autoaren aurrealdeko kristalean, parabrisan –-artean, Tampa Jai-Alai-en ari nintzen jokatzen, 1978an. Frontoiko funtzioa bukatu, dutxa hartu eta, gero, aparkalekura abiatzen nintzen automobilaz etxera joateko. Han izaten nuen arrosa lorea nire esperoan. Eguna joan, eguna etorri, gauerdian gertatzen zen; bi hilabete iraun zuen jolasak.

Ez nuen jakin izan nork uzten zidan lore hura. Sikiera ohar bat utzi izan balu, izen bat edota telefono zenbakiren bat (noizbait gertatu izan zitzaidan bezala). Lore bat, oraingoan, arrosa bat, gauero.

Hasiera batean, lehenengo egunetan, pentsatu nuen egun gutxiko kontua izango zela; inondik ere ez, zortzi asteko luzera izango zuenik.

Nire egoa asebeteta sentitu zen halako miresle anonimoaren jokabidearekin; gauak pasa ahala, ordea, misterio hura areagotzen joan zen. Pasatu zitzaidan burutik security guard lagun bati esatea zer gertatzen ari zitzaidan; zelatan egoteko autoen atzean ezkutatuta, ea nor ote zen neska misteriotsua; izan ere, beti lotu izan nuen neska izatearekin, naturalena iruditzen baitzitzaidan gu bizi ginen giroan.

Ez nintzen ausartu; agian, espero nuelako argitzea zein ote zen nire miresle misteriotsua. Alferrik, gauzak zeuden horretan uztea erabaki nuen.
Erritual hark bi ilabete zirauela eta, gau batean, harriduraz eta penaz, ohartu nintzen arrosa falta zela parabrisan. Baten batek ostu dit, pentsatu nuen nire artean. Aldamenetik pasatzerakoan baten batek, arrosa ikusi eta eraman egin du, bere emazte edo andregaiari oparitzeko.

Hurrengo gauen, lorerik ez autoaren aurreko aldean. Ezta ondorengo egunetan ere.

Artean, supermerkatuko erosketak Publix-en egiten genituen. Bazuten bertan lore-denda bat, Carson izeneko neskaren ardurapean. Neska isila, lore-saltzailea.

Nik, Hillsborough Community College-tik ezagutzen nuen Carson, Introduction to English Literature I kurtso berean topo egin genuenetik. Gogoan dut ez izena bakarrik, baita bere abizena ere: MacCullers. Carson MacCullers hain justu. Izen eta abizen hain potenteak ez zihoakion haren itxura hauskorrari.

Apenas hitz egin genuen elkarrekin kurtso osoan; zein baino zein lotsatiagoak gu biok, nonbait.

Egun batetik bestera, ordezko beste neska bat arduratu zen Carsonen lanpostuaz, Publixen. Galdetu nion Joe, Assistant Managerrari, Carsoni buruz. Ea zer gertatu zitzaion aurreko lore saltzaileari.
Joe lagunak, beti irribarretsu agertzen zenak, aurpegi serioa jarri zuen oraingoan.
«Neska jatorra zen Carson», esan zidan Assistant Managerrak.
«Herenegun despeditu egin nuen. Arrosak dozenaka lapurtzen ari zen eta. Penagarria benetan».

Pena, nik hartu nuena.