Arrosak parabrisan

Gauero arrosa bat aurkitzen nuen autoaren aurrealdeko kristalean, parabrisan –-artean, Tampa Jai-Alai-en ari nintzen jokatzen, 1978an. Frontoiko funtzioa bukatu, dutxa hartu eta, gero, aparkalekura abiatzen nintzen automobilaz etxera joateko. Han izaten nuen arrosa lorea nire esperoan. Eguna joan, eguna etorri, gauerdian gertatzen zen; bi hilabete iraun zuen jolasak.

Ez nuen jakin izan nork uzten zidan lore hura. Sikiera ohar bat utzi izan balu, izen bat edota telefono zenbakiren bat (noizbait gertatu izan zitzaidan bezala). Lore bat, oraingoan, arrosa bat, gauero.

Hasiera batean, lehenengo egunetan, pentsatu nuen egun gutxiko kontua izango zela; inondik ere ez, zortzi asteko luzera izango zuenik.

Nire egoa asebeteta sentitu zen halako miresle anonimoaren jokabidearekin; gauak pasa ahala, ordea, misterio hura areagotzen joan zen. Pasatu zitzaidan burutik security guard lagun bati esatea zer gertatzen ari zitzaidan; zelatan egoteko autoen atzean ezkutatuta, ea nor ote zen neska misteriotsua; izan ere, beti lotu izan nuen neska izatearekin, naturalena iruditzen baitzitzaidan gu bizi ginen giroan.

Ez nintzen ausartu; agian, espero nuelako argitzea zein ote zen nire miresle misteriotsua. Alferrik, gauzak zeuden horretan uztea erabaki nuen.
Erritual hark bi ilabete zirauela eta, gau batean, harriduraz eta penaz, ohartu nintzen arrosa falta zela parabrisan. Baten batek ostu dit, pentsatu nuen nire artean. Aldamenetik pasatzerakoan baten batek, arrosa ikusi eta eraman egin du, bere emazte edo andregaiari oparitzeko.

Hurrengo gauen, lorerik ez autoaren aurreko aldean. Ezta ondorengo egunetan ere.

Artean, supermerkatuko erosketak Publix-en egiten genituen. Bazuten bertan lore-denda bat, Carson izeneko neskaren ardurapean. Neska isila, lore-saltzailea.

Nik, Hillsborough Community College-tik ezagutzen nuen Carson, Introduction to English Literature I kurtso berean topo egin genuenetik. Gogoan dut ez izena bakarrik, baita bere abizena ere: MacCullers. Carson MacCullers hain justu. Izen eta abizen hain potenteak ez zihoakion haren itxura hauskorrari.

Apenas hitz egin genuen elkarrekin kurtso osoan; zein baino zein lotsatiagoak gu biok, nonbait.

Egun batetik bestera, ordezko beste neska bat arduratu zen Carsonen lanpostuaz, Publixen. Galdetu nion Joe, Assistant Managerrari, Carsoni buruz. Ea zer gertatu zitzaion aurreko lore saltzaileari.
Joe lagunak, beti irribarretsu agertzen zenak, aurpegi serioa jarri zuen oraingoan.
«Neska jatorra zen Carson», esan zidan Assistant Managerrak.
«Herenegun despeditu egin nuen. Arrosak dozenaka lapurtzen ari zen eta. Penagarria benetan».

Pena, nik hartu nuena.

Daniako saskigilea

Aldagelen goialdean dago saskigilearen gela. Handia da eta ondo argiztatuta. Horma batean telenobela bateko aktore famatu baten posterra ikusten da, jai-alai player bezala jantzita dago. Beste batean zumitz fardela dago zintzilik. Justu pareta honen aurre-aurrean gordetzen dira saskiak, gela itxi batean, hezetasuna mantentzeko.

Bi telebista daude funtzionatzen, bata bestearen gainean; bien tartean, labe txiki bat. Gainaldeko telebistan transmititzen ari dira futbol partida bat: Miamiko Dolphins New Yorkeko Jets-en aurkakoa; hiruna doaz markagailuan.
Behehaldeko telebistan pilotalekuko kinielak ari dira ematen. Mandiolak irabazi du banakako jokoa, igande honetako matineseko bosgarren kiniela.

Chabelo bere zumitzezko eserleku bajuan dago eserita eta adi jarraitzen du telebistek eskaintzen dutena; ez dago esaterik bere begiak non, zein telebistatan pausatzen diren, futbolean ala pilota jokoan. Litekeena da futbolean izatea. Dena dela, erlaxatuta dirudi, oraindik ez baitiote saskirik ekarri konpontzeko.
Jai-alaia saskigilerik gabe ezinezkoa da. Eurek fabrikatzen dituzte, baita konpondu ere. Pilotalekura ailegatzen aurrenekoak izaten dira; alde egiten azkenak.
Saskiak daude plastikozkoak eta hibridoak. Esperimentatzen aritu dira material berriekin eta jarraitzen dute, baina profesionalek, azken hitza dutenek, nahiago izaten dituzte eskuz, gaztainaz, haritzez eta zumitzez egindakoak. Chabelok konpontzen dituenak, Dania Jai-Alaiko saskigileak.
Bideo bat grabatzea proposatzen diot. Nooo! irrifarrez, “ezta pentsatu ere”. “Laburra izango da, galdera gutxi batzuk”, ez du merezi jarraitzea ezezkoaren aurrean.

Mexiko DFn lan egiten zuen, Isidrin Izagirreren tailerrean. Eguenero sei edo zazpi saski egiten ziren, D.Frako, Acapulcorako, Tijuanarako edo Floridarako.
Chabelok ez zuen etorri nahi Estatu Batuetara. Soldata txukuna irabazten zuen, baina Isidrin Izagirrek erretirua hartu zuen. Florida edo Connecticuteko frontoi batek saskiak konpontzeko norbait kontratatu nahi zuenean, Izagirreren tailerrera jotzen zuen.
Hartfordera (Connecticut) 1976an iritsi zen hango Jai-Alaia inauguratzeko. Sei urte eman zuen iparraldean Daniara (Florida) etorri arte, Fernando Orbea intendentearen eskaria onartu ondoren. Gaurdaino.

Ehunka pilotari ezagutu ditu urteetan zehar, euren saskiak bere esku trebeetatik pasa dira. Saskia saski-konpontzailearen eskuetan uztea da, pilotarientzat, maitalea beste edonoren eskuetan uztea bezala, ez da berbera itzuliko.
Pilotari ohiak bisitan etortzen direnean Chabelorengana jotzen dute, kontu-kontari aritzeko, mescal trago bat hartu bitartean.
“Nik uste dut Daniak ateak irekitzen jarraituko duela, bizpahiru hilabetez. Azken finean, begira —telebista seinalatuz— futbolean zenbat partida izaten dira denboraldi bakoitzean, 14 bat?”
“Miami Jai-Alaiko denboraldia, hastapenean, 1924an, hiru hilabeteko denboraldia izaten zen. Pilotari onenek ez zuten joan nahi izaten, diru gutxi irabazten zelako. Berensonek jabegoa eskuratu zuenean hasi ziren gauzak aldatzen”, esaten diot nik.

Chabelo tarteka pilotariek duten palkora, kontrakantxaren gainaldean, hurbiltzen da, ea zenbat jende dagoen harmailetan ikusteko eta bide batez, neska gazteren bat begiz jotzeko. Pilotarien palkoa leku pribilejiatua da jokoa jarraitzeko.
Gustukoa du Chabelok 22 pilotariz osatutako kuadroa: 9 Iparraldekoak dira; beste 13ak, Hegoaldekoak. Gazteak, hogeitapiko urtekoak gehienak. Van a lo que van, dio Chabelok. Gogotsu, arranke handiarekin jokatzen dutela, alegia.
Partida amaitu da eta Dolphinsek irabazi du, Buffalokoen kontra jokatuko dute hurrengoan. “Oso partida zaila”, Chabeloren arabera.
Bederatzigarren kiniela, banakakoa, funtzioko azkena, Zulaikak irabazi du, lehen postuan.

Urtarrilaren bukaeran bukatuko da jai-alaiaren denboraldia eta Chabelo langabeziaren saria kobratzen hasiko da, hiru bat hilabete irauten duen bitartean. Ondoren, part-time lanen bat aurkituko du, eskolaren batean edo trafikoa zaintzen.

Ez du diru premiarik, urteen poderioz aurreztu ditu sos batzuk. 60 urte ditu eta lasai dago alde horretatik, baita bere emaztea ere. Pozik bizi da, ailegatuko da urtearen bukaera eta jai-alai denboraldi berri bati ekingo diote Danian. Maitatua da bertan, daudenek eta joan zirenek ez dute ahaztuko. Chabelo baita Daniako saski-konpontzailea.

Dania-Gernika-Dania

“Akabo…!” pentsatu nuen nire artean Dania Jai-Alai pilotalekuak ateak itxi zituenean, orain dela urtebete. Izan ere, Daniakoa (Florida) baitzen zesta-punta profesionalaren azken gotorlekua Euskal Herritik kanpo.
Horregatik, askok gauza bera sentitu genuen: “Akabo…! Gureak egin du!”

Danian egokitu nintzen egun haietan, lekuko izatea tokatu zitzaidan. Eta bizi izandakoak ez ziren samurrak izan. Batik bat, azken jaialdikoa. Kantxaren erdian pilotariak, 30etik gora, euren senideekin batera, malkoak begietan eta besarkatuta ikustea… pilotalekuaren hormatzarrak: granitozko ezker pareta eta marmolez eraikitako frontisa ere bigundu zirela esango nuke.

Hain justu, pilotariek gehien maite dutena, xisteraz jokatzea eta hortik bizimodua ateratzea, eten beharra… batzuek betiko; ulertzekoa da emozioak aske, lotsarik gabe plazaratzea. Harmailetan geunden ehunka lagun ere, hunkituta geratu ginen bizitzen ari ginen egun historiko hartan.
Beteranoenak eta ez hain beteranoak, batzuk 20 urteko pilotari gazteak, jakin bazekiten hura izango zela azken baltsa eta eurek zirela azken baltseroak.
Beraiei tokatu zitzaiela ziklo baten amaieraren azken aktoreak izatea. Azken mohikanoak!

Bi hilabete lehenagotik bazekiten frontoiak ateak itxiko zituela, baina otsoaren ipuinean bezala… Badatorrela otsoa…! Badatorrela…! eta seinalatutako egunean otsoa azaldu zen, bestela sinetsi nahi bazuten ere.

Euskal Herrian ere oihartzun handia izan zuen albiste honek. Gaur egun, Teleberri eta hainbat mediotan; batzuk, sekula santan lerro bakar bat eskaini ez ziotenak, deika aritu ziren testigantzaren bila. Reality baten antza hartu nion zenbaitetan bizi izanari.

Lurrikara moduko zerbait izan zen zikloaren amaiera zesta-punta profesionalaren unibertso txikian. Daniako pilotalekuak bazuen balio sinbolikoa eta praktikoa aldi berean. Batetik, azken Jai-Alaia zela Floridan geratzen zena. Bestaldetik, pilotari ugari zela bertan debuta egin izana; kiniela sistema baliatuz ofizioa ikasitakoa.
Gaur egun, Gernikan Winter Series jokatzen ari diren pilotari gehienak, Danian aritutakoak dira.

Harrobi lanak egiteaz gain, Euskal Herritik kanpo Jai-Alai bat izateak balio sinbolikoa ere bazuen. Erakusgarri moduko bat. Den-dena galduta ez balego bezala.
Aurretik, azken 30 urteetan, Estatu Batuetan 15 pilotalekuren itxierak ez zuen halako oihartzunik ekarri, ezta hurrik eman ere! gelditzen zen bakarra itxi zenean, aldiz, berebiziko eztanda sortu zen. Halakoxeak izaten dira gauzak. Sinbolismoak indar handia du eremu guztietan. “Azken”… edozer horrek morbo handia eragiten du.

Lurrikarak —zeinek esan— tsunamia ekarri zuen. Non eta sorterrian; Gernikan.
Zerbait egin behar zela eta, urtarrilean hasita, bi hilabetetan, jokatu zen Winter Series txapelketa Gernikan. Aurretik, Azken Hegaldia, bi ataletako dokumentalak, eskaini zituen ETB1ek; pilotasoroa prestatzen goldea baliatuz. Ondoren, ETBk inoiz ez bezalako promo lanak egin zituen, jendearen atentzioa eta grina piztuz.

Txapelketak aurrera egin ahala, olatu bilakatu zen, Mundakakoaren pare, gero eta handiagoa, tsunami baten antza hartuz. Zer zen hura!

Urtebete joan da, eta, gutxien espero zenean, Daniako jabeek erabaki zuten ateak zabaltzea, bi hilabeteko denboraldia eskaintzea, abenduak batean hasi eta urtarrila arte. Pilotari gazteez osatutako koadro batekin, Iparraldekoak bospasei; beste horrenbeste, Hegoaldekoak. Debuta egitera profesionaletan gehienak eta ilusioz gainezka. Lege zaharrak agintzen zuen bezala.

Azaroan berrekin zioten, Gernikan, Winter Series txapelketari, lau bat hilabete iraungo duena. Oraingoan, sei bikote izan beharrean, zortzi ari dira.
Nobedadeak badira, batik bat kantxaren barruan. Odol berriaren presentzia, hiru gazte beteranoen artean. Azpimarratzekoa da, astelehenero jendetza biltzen dela Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, 1.500 bat lagun. Ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Onintza Enbeitak, egunkari honetan, Berrian, idatzi zuen: “lehen frikiak joaten ziren frontoira; orain, berriz, frikiak dira joaten ez direnak”…

Modan jarri da Gernikako plaza eta bertan egoteko ezinbesteko lekua bilakatu da “Jai-Alaiaren Katedrala”. Beste postura bateko frikiak hurbiltzen dira: betiko zaletuak aparte, politikariak, kirolariak, kazetariak eta modazale kuriosoak.

Olatuaz egiten zen berba iaz, eta, beste olatu bat, handiagoa, astintzen ari da pilotalekua (tsunami hitzak beldurtu egiten nau). Joaldiak segi dezala indarrean luzaroan!

Bitartean, 7.000 kilometro urrutirago, gehienez jota 500 ikusleren aurrean, jo eta ke arituko da 22 pilotariz osatutako koadro gaztea.
Puntisten amerikar ametsa betetzen. Jarraipena izango duelakoan eta amesten, noizbait, gai izango direla Gernikan jokatzeko, Winter Series barruan. Biak ala biak beharrezkoak baitira denon hobe beharrean.
Bada Gernikako parte hartzaileen batez besteko adina gaztetzeko premia larria!

Amesgaiztoa

Bart amesgaizto bat eduki dut. Bai, oso gaizki pasa dut. Oheratu nahiko asaldatuta oheratu nintzen. Izan ere, Baionatik eskainitako Bertso Txapelketa segitu nuen telebistatik eta buruan nituen nire baitan asmatutako errimak. Ni neu ere, bertsolariaren antzera, lehian banenbil bezala. Errimen gurpil zoroan, nire kasuan.
Pilotan nenbilenean ere gertatzen zitzaidan antzerako zerbait. Etxera ailegatu, nekatuta oheratu eta ezin begirik bildu. Buruan bueltaka pasatzen baitzitzaizkidan partidako tanto gehienak. Hau egin izan banu, edo beste hura…; alferrik, ordea, behin ura pasatu eta gero presa egiten hastea.

Ez dakit zein ordutan hartu ninduen loak. Kostata izan zela, hori bai. Ez dakit gaueko zein momentutan hasi nintzen ametsetan. Halakorik ez baita jakiten.
Pilotalekuan nengoen, Ipar Amerikako Jai-Alai batean, Floridan, Tampakoan; aldageletan nengoen eta kiniela-partida hastear zen. Soinean neraman elastiko morean zortzi zenbakia jartzen zuen. Xistera eta kaskoa hartzera abiatu nintzen zintzilik edukitzen genituen horretarako jarritako leku aproposera, kantxako kaiolaren atarian. Hasi naiz nire saskiaren bila eta ez dut inon topatzen. Badaude beste batzuk, baina nirea ez da ageri. Nire kaskoa ere ez dut ikusten.
Moskeatu naiz. Beti leku berean uzten baitut, erritual bati jarraituz. Beste errepaso bat. Nire saskia eta kaskoa ez daude.

Kiniela-partida laster hasiko da. Txirrinak jo du eta berehala, minutu gutxi barru, desfileari ekingo zaio pasodoble musikaren erritmoan. Ohikoa den moduan harmailak lepo daude, apustu egitera etorri diren 3.000 edo 4.000 lagunez gainezka. Aldageletatik sumatzen da jendearen marmarra. Tarteka esatariaren ahots trumoitsuak apustu egiteko gomendatzen du bozgorailuetatik.
¡Ladies and gentlemen, place your bets!

Goiko solairura abiatzen naiz laster batean. Agian, saskiak gordetzen ditugun gelan utzi ote dut nirea?; ez dut uste baina, badaezpada ere, ez zait ezer kostatzen begiratzea. Berahala konturatzen naiz nire xistera ez dagoela bertan. Urduritasuna gero eta nabarmenagoa da neure baitan.

Behera joan naiz berriro, eskailerak binaka jaitsi ditut. Beste errepaso bat erremintak zintzilik edukitzen ditugun hormari. Nirea ez da agertzen. Txirrinak azken abisua eman du eta hasi dira pilotariak desfilatzen, elastiko gorrian bat zenbakia daraman bikotea lehendabizi; atzetik doaz hilaran bia eta hirua osatzen duten bikoteak, ondoren gainontzekoak; zortzigarren bikoteak ixten du zerrenda. Azken bikote honek, ordea, kide bakarra du. Ni neu falta naiz.
Gero eta urduriago ari naiz jartzen.

Posible da desfileari ekitea pilotari bat falta dela, gertatu izan da. Okerrena —ez dut pentsatu ere egin nahi. Okerrena da bikotearen baten txanda tokatzen denean eta pilotari bat falta bada, epaileek jokoa eten egin behar dutela.
Non da? Hasiko da intendentea lehendabizi. Halako jardunaldietan, harmailak jendez gainezka daudenean eta apustuak gori-gorian… intendentea nerbioetatik egoten da.
Arregi jauna, intendentea, pertsona jatorra da eta, aldi berean, oso zorrotza. Lege-zaharreko diziplina maite duena. Ilea motz motza eta txorakeria gutxi kantxa barruan.

Pasatzen zait burutik beste pilotari baten saskia hartzea eta beste baten kaskoa. Kontua da kiniela-partida horretara irtetea. Pasa-pasa egin behar bada, egin eta kito. Gero, konponduko naiz. Hitz egingo dut konfiantzazko pilotari batekin.
“Hi, hau eta hau… utzidak zesta bat, puskatzen bazait konponduko gaituk”.

Amesgaizto honekin hain asaldatuta sentitzen nuen nire barrua, esnatu egin naizela. Eserita jarri naiz ohearen gainean eta komunera joatea erabaki dut. Bueltan oheratu, amets zitala moztu eta ahaztuko naizen esperantzarekin.
Bai zera!

Ametsa utzi dudan eszenatoki berberera itzuli naiz. Berriro ikusi dut neure burua saskiaren bila. Okerrena da ez daukadala ordezko xisterarik. Bere garaian ez nion saskigileari beste bat enkargatu, neukanarekin denboraldia bukatuko nuelakoan. Eta hara non zestarik gabe aurkitzen naizen une honetan,… kantxara nahi eta nahi ez atera behar dudanean.

Nirea ez den zesta bat hartzea okurritu zait. Eta ezer esan gabe egiten badut? Beste hainbeste kaskoarekin. Pilotari batenak hartu eta kito! Total, kiniela-partida jokatzea nuen helburu; ataka hartatik atera eta gero gerokoa.
Hain dira pertsonalak xisterak, eta garestiak… ez naiz ausartzen ezer esan gabe bat eskuratzeko eta kantxara irteten.
Nerbioetatik jota nago, azkar pentsatu behar dut, soluzioren bat aurkitu. Baina desfilea hasia da…
Eta intendentearengana jotzen badut?
“Aizu, Arregi jauna, beroketak egiten txorkatilean zartada izan dut, hezurraren ondoan, ezin dut ezta oina lurrrean jarri ere”…
Arregi jauna, intendentea, oso nerbioso jartzen da harmailak mukuru daudenean. Aurpegia itxuragabetuta edukitzen du.
“Orain esaten didak suspenditu behar duzula!? Irten hadi kantxara kojoka edo nahi duzun moduan. Hitz egingo diagu kiniela bukatzean!

Berriro igo ditut eskailerak korrika, saskiak gordetzen ditugun gelara itzuli naiz. Iñaki Gerena lagunaren saski bat eskuratu dut. Punta izorratuta dauka, uztaia ere apurtuta. Horrekin ezin dut kantxara irten. Xistera dagoen kondizioetan, ez naiz kapaz izango pilota frontisera jaurtitzeko.
Ai ze erridikulua!
Bozgorailuetatik zabaltzen da lau haizeetara esatariaren ahotsa. Elastiko beltzean bost zenbakia soinean daraman bikotea kantxan da jada. Laster helduko da gure txanda. Ohartu ote dira ni falta naizela kaiolan?
Ez! Bestela intendenteak bidaliko zuen dagoeneko ball-boya nire bila.

Halako batean, zesta bat hartu dut apal batetik. Asis II.a izena dago idatzita xisteraren takoan. Ez da saski normal bat: eskuz egin, zumitzarekin eta gaztainarekin egindakoa; plastikozkoa ematen du, saihetsak ez ditu zurezkoak, polimero batekin edo auskalo zer materia klaserekin egina dagoen. Zumitzaren arre kolorea baino geruza zuri bat du. Muturra ere ez dauka biribildua. Zapala. Eskuzerra baten punta ematen du.
Xistera honekin ateratzen banaiz kantxara asmatuko al dut? Nora joango zait pilota?
Juezari eskatzen badiot pilota bat jaurtitzeko baimena, mundu guztia ohartuko da ez dela nire xistera, Asis II.arena dela.
Nahikoa biharamunean Arregi jaunak kontratua eteteko eta etxera, Euskal Herrira, bidaltzeko.

Urduri nago, blokeatuta. Zer egin ez dakidala.
Arregiri ezin dudala jokatu esatea berriro pasatzen zait burutik. Hain desesperaturik bainago.

Halako batean, despertadorearen burrunbak atera nau amesgaiztotik. Izerditan nago eta ohean eserita. Nahigabeak jota utzi nau. Sentsazio txarra, benetan, amesgaiztoarena!

Markina-Xemein: zesta-punta edo odolaren mintzoa

Atentzioa eman zidaten Magic Cityko (Florida) jai-alaian jokatutako “World Super Court” txapelketako txapeldun eta txapeldunordeen argazkiek. Irabazleen artean, Goixerri eta Aratz anaiak ageri dira 25.000 dolarreko txekearekin. Eta beste argazkian, txapeldunordeak, Iñaki eta Julen, Goitia anaiak, 10.000 dolarreko beste txeke bat erakusten.

Ez dira sariak, ezta notizia honen oihartzun eskasa Euskal Herriko medioetan. Gogora etorri zitzaidana euskal pilotaren modalitate honetan eman diren familia bereko pilotari profesionalen kantitate harrigarria izan zen.

Begi hutsez, azterketa zehatzik egin gabe, kantitatea neurriz kanpokoa da edozein kirolekin alderatuz.

Euskal pilota modalitateetan pilotari sagak egon dira, baina zesta-puntak kopuru handiagoak lortu ditu.

Zergatik ote? Zeintzuk dira arrazoiak?

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da zesta-punta Euskal Herriko bi gune jakini lotuta egon dela historikoki. Markina-Xemeingo (Bizkaia) frontoia da fokurik garrantzitsuena. Herri honek eta inguruko guneek profesionaleen % 30 bildu dute, 3.500 inguru. Migel Angel Bilbaok bere `Cesta Punta: Los profesionales de la especialidad´ liburuan datatuak.

Markina-Xemein eta bertako pilotalekuan sortutako 1.000 pilotari profesional baino gehiagori buruz ari gara. Bada zerbait!

Beti pentsatu izan dut antropologikoki aztertzeko modukoa dela, soziologoen lana edo. Nire burutazio xumeak, ordea, hauek dira.

Markina-Xemeingoari beste gune bat gehituko nioke, Tolosakoa (Gipuzkoa), Beotibar pilotalekuko eskola, Rafael Elizondoren esku izan zena, hortik ere ehunka puntista sortu ziren.

Eskola hau Miami, Habana eta Mexikoko enpresen ekimenez sortu zen, etorkizuneko profesionalen haztegi edo harrobi gisa. Hau da, lan-premia bati erantzunez.

Markina-Xemein bailararen kasuan, zesta-puntaren gotorleku bilakatu zen, baita ekonomikoki ere, baina modu naturalean.

Zergatik Markinan eta ez Eibarren, Bilbon, Errenterian edo Biarritzen?

Baliteke zenbait zirkunstantzia eta kasualitatek bat egitea. Beharbada pareta ederreko frontoi zabala (1928ra arte irekia); bertako pilotari ospetsuen presentzia, hala nola esku-pilotari famatua, Laba apaiza, desafio historikoen protagonista. Baita ere, Pola edo Vega erremontista.

XIX. mendean jada emigratu zuten pilotariak, eta afizioa sortuz itzuli ziren. Zesta-punta aurrekaririk gabeko fenomenoa bilakatu zen urteen poderioz, lehen esan dudan bezala.

Fenomeno horren zergatia ulertzeko kontuan hartu behar dira hainbat puntu. Herriaren kokapen geografikoa, barnealdeko herria, garraiobide urriek isolatuta zegoena eta beste haranetara edo kostaldera erraz iristeko moduko komunikazio-biderik ez zuena.
Landa-ingurune batean. Eskualdean ez zen tailerrik, ezta lantegirik ere. Industria-eskaintzarik ezak gazteak bultzatu zituen, hein handi batean, munduan zehar zabaltzen ari ziren frontoietan dirutza bilatzearen alde.

Zesta-puntak habitat aproposena aurkitu zuela, esango nuke.

(Markina-Xemeingo pilotarien testigantzak YouTubeko kanalean: “Zesta Puntaren Lagunak”, Txorixe Bideoak ekoiztuak, argi eta garbi uzten du xistera bihurtu zela lan-irteera nagusia, beste aukerarik ez zegoelako)

(Kontrako efektua, nire ustez, Oarsoaldean, Gipuzkoan (Pasai, Lezo edo Errenterian), gertatu zen, XIX. mendearen amaieran, xistera pilotari handien fokua. Pasaiako portuak, mugaren eta hiriburuaren hurbiltasunak, industrializazio goiztiarra ahalbidetu zuen, pilotarismoa karrera profesional gisa erabat geraraziz).

Bestalde, zesta-puntako pilotarien eskari handiak bultzatu zuen irteera. Izan ere, frontoien irekiera, zabalkundea, hain izan zen handia, non esku-lan premia sekulakoa izan baitzen.

Eskulanaren eskari handiak dei efektu bat eragin zuen, anai-arrebeen eta seme-alabeen artean lehendabizi. Denboraren poderioz, pilotarien dinastiak sortu eta indarrean jarritako sistema behin eta berriz elikatuz. Zesta-punta herriko DNAn sartu zen, ogibide gisa lehenik eta kultur faktore bezala gero.

Ingurune endogamiko batean, enpresen kontratazio-sistemak, askotan gomendioetan oinarritutakoak, berebiziko garrantzia zuen. Intendentea laguna izanez gero, nahikoa izaten zen kontratua izateko, nahiz eta honek pilotaria jokatzen ikusi gabe ere.
Intendenteez ari naizela, deigarria da herri honetatik eta bere periferiatik hemezortzi bat intendente sortu izana garai eta pilotaleku desberdinetan. Datuak berretsi besterik ez du egiten sistema behin eta berriz berrelikatu zela fenomeno endogamikoa bilakatuz.

Kirol-merezimendua, lehen baldintza gisa, ez zen ezinbesteko baldintza, apustuan oinarritutako merkatu batean. Horrek erraztu egiten zuen xistera lan-alternatiba bihurtzeko arrazoia.

Deigarria da lehen aipatutako bideoetako adierazpenak, puntista markinar ohien testigantzak, non esaten den ikaskuntza modu enpirikoan ematen zela, maisurik gabe egindako entseguetan oinarrituta, tarteka pilotari zaharren aholkuak jasoz edo herrian bisitan ziren pilotarienak.
Maisuen gabezia hori ohikoa zen duela hamarkada gutxi arte, Tolosako eskola izan ezik.

Eskulanaren premia handia zela eta, gazte hasberriek denbora gutxi ematen zuten ofizioaren martingalak ikasten, zenbaitetan, hilabete gutxi batzuetan egin zuten debuta.
Denboraren poderioz, “Chucho” Larrañaga bezalako figura handia izan zena, adibide garbia da.
Debuta egitera, Bartzelonara bidean, trenez, bi pilotari ezagunekin topo egin eta hauek, iseka, sinesgaitza egiten zitzaien Larrañaga han ikustea. Ez zuten uste debuta egingo zuenik.
Eskarmentu gutxiko pilotariak onartzeko, karteldegien eraketak erraztu egiten zuten bidea. Partida nagusiak, “estelarrak”, izaten ziren. Baita, ordea, bigarren eta hirugarren mailakoak.
Zer esanik ez frontoi amerikarretan, “kiniela” sisteman. Non pilotariak protagonista papera galtzen zuen bitarteko subjektu bihurtzeko, zenbaki bat, apustulariaren aurrean.

Hala ere, ofizioa, lan-irteera, bai; baina baita xisterareriko maitasun-osagai sendoa ere. Afizioa, deitzen dioguna, askotan bokaziozkoa. Familia, transmisio katea bihurtuz.
Etenik gabeko dinamikak, Markina-Xemeingo bueltan, pilotariaren sustraitzea gizartean ekarri zuen. Estatusa lortuz, eta ez nolanahikoa. Odol-loturek, dinastien bitartez, gizartea kohesionatuz.

Egunkarietako kronikalariek, berehala ohartu ziren zer gertatzen ari zen. Pilotaleku ederra, Markinakoa, ez nolnahikoa: “Unibertsitatea” izendatu zuten.

Lan-gatazketan, 1968ko greban, edota 1988.an, Ameriketako pilotalekuetan, Markina-Xemein inguruko eskirolen kopurua oso txikia izan zen.
Hainbeste herriko pilotari inplikatuta egon arren, zergatik hain gutxi izan ziren grebalarien aurka jo zutenak?
Errotua zeuden herrian, inon ez bezala. Presio soziala handia, bestaldetik. Bi norabideko errepidea.

  1. urtetik aurrera jai-alaiak behera egin zuen arren, pilotari profesionalen eskaria beherakada izugarria izan zen; baina, hala ere, familia-harremanak zituzten pilotarien presentziak eutsi egin zion. Are gehiago, indartu egin dela, esango nuke. Agian, pizgarri ekonomikorik ez zegoenez (lan-irteera), bokazio bidezko transmisio sentimentalak iraun zuen, apaizgoa balitz bezala.

Odolaren mintzoak aurrera egin du, merkatua deitzen diogun horri jaramonik egin gabe. Familia, gurasoak, sakrifizioz, oharkabean borrokan, espeziea betiko iraungi ez dadin.

Dania Jai-Alairen (Florida) azken urteetako pilotari koadroak ikustea nahikoa da. Gernikako Neguko Serieak eta beste txapelketa batzuetako partaideak. Eta Magic Cityn (Miami), `World Super Court´ torneoan, non lau finalistak dinastia ezberdinetakoak diren.

Bakardadean

Dania, Florida (AEB)

Uberrak etxe eder baten atarian utzi ninduen, txoferrak esanez: “Hau da helbidea”. Kanpotik ederra bazen, behin barruan sentsazio bera. Sukaldea eta egongela izugarri handiak, mostradore baten bitartez bereiziak. Izkina batean adineko gizon bat eserita gurditxo batean, buruan kapela eta galtzamotzetan.

Aurrez aurre nuen Luis Etxaniz, Etxaniz I.a, 73 urteko azkoitiarra, Habanako Jai-Alai ospetsuan 1950eko hamarkadan atzelari onena izandako pilotaria.

Banuen, bai, grina berarekin hitz egiteko. Beraren ezpainetatik hainbat istorio entzuteko. Non hasi zen zesta-puntaz ikasten; debuta non eta gailurrera nola iritsi zen, besteak beste. Orri batzuk beteko nituela sartu nintzen etxean. Jakinaren gainean nengoen osasunez pattal zebilela, aste gutxi batzuk lehenago ospitaletik pasatuta; halere, esku hutsik ez nintzela aterako konbentzituta nengoen.

“Papa”, esan zion atea ireki zidan gazteak, Charly izeneko semeak, “elkarrizketa bat egingo dizute”, eguna alaitzeko balio zezakeen tonua erabiliz. Aita, berriz, niri begira geratu zen, mutu.
Galdera sorta nuen buruan. Banekien Tolosan ikasi zuela pilotan; 17 urterekin Habanara joan zela, eta, urte gutxi barru, onena izan zela, Fidelek (Castro) pilotalekua itxi arte. Hortik urruti, ezer gutxi nekien Luis Etxanizi buruz. Leku egokian nengoen, beraz.

Galdeketarekin hasi nintzen, baina trukean monosilaboak soilik jasotzen nituen. Ez nuen hori espero. Halako batean, Charlyk, paella plater bat eskuratu zidan. Aitari ere eskaintzen zion bitartean. “Ez, goserik ez zuela”, erantzun zion. Azkura zuela bizkarrean, esan zion semeari; faborez igurtzi batzuk emateko erregutu zion.

Gurditxoan zegoen gizonak berearekin jarraitu zuen, monosilaboekin, galderen trukean; eta ezpainetan, irribarre txiki batekin. Ohartuko zen semea zer gertatzen ari zen. Halako batean, koaderno bat eta egunkarietako paper mutur batzuekin agertu zen, mahai gainean utziz. Material polita, nire artean. Zerbait aterako dut kronika horietatik. Koaderno txukun hartan agertzen ziren Etxaniz I.ak Habanan jokatutako partida guztiak, emaitzak ere bai. Gero jakin nuen Egurbidek oparitu ziola.

Esku artean nuen harribitxiak azalduko zidan zein izan zen azkoitiarraren pilotari maila. Gainbegiratu batekin ohartu nintzen berari buruz esandakoak egiak zirela. Izen handikoen artean, bera izan zela izar nagusia.

Agur esateko ordua iritsi zen. Ez nintzen eroso sentitzen hitz gutxiko gizonaren aurrean. Gurditxoan eserita ordu asko ematen dituelako edo, azkura zuela esaten zion behin eta berriro semeari, igortzeko erregutzen zion bitartean. Ez nuen nahi molestatu.

Uber aplikazioa erabiliz, abisua jaso nuen ordu laurden batean auto bat izango nuela etxe atarian.
Alde egin aurretik okurritu zitzaidan galdetzea ea zer moduz moldatzen zen euskaraz. Izan ere, Luis Etxaniz 17 urterekin Azkoititik irten, eta aste gutxi batzuk baino ez ditu pasatu sorterrian. Askori gertatu zaien bezala, ahaztu edo erraztasuna galdu izanak erdarara bultzatzen dituela.

Iturri bateko txorrota ireki izan banu bezala, orduan hasi zen hizketan. Alargun geratu zela esan zidan. “Zoaz, zoaz nire aurretik, gustura ez bazaude, esaten zion emazte zenari”.

Habanan ezagutu zuen Alejandrina. Ezkontza ederra antolatu zutela. Etxe bat ere erosi omen zuen Habanan. Egurbiderekin bizi zen han, ezkondu arte. Anaiak bezala direla. Beti elkarrekin.

900 dolar partida bakoitzeko kobratzen zuela. Diru asko. Etxe bat alokatzea 50 dolar kostatzen zenean. Bizimodua merkea zen Habanan.
Alejandrinarekin etxeko balkoian zeudela ikusi zituzten errebeldeak kaletik pasatzen, hirian sartu berriak. Handik denbora gutxira maletak egin eta Floridara abiatu ziren, Daniako pilotalekuan zortzi denboralditan jokatu omen zuen.

“Aizu, Luis, eta nola hasi zinen puntaz jokatzen azkoitiarra izanik, eskuzko pilotarien sorlekukoa?”

“Bai, aita eta osaba Santi eskuzko pilotariak izan ziren. Aita bigarren mailako txapelduna izatera iritsi zen. Baita ere Atano III.aren kontra jokatu.
Ezkonberrietan, gurasoak Bartzelonara joan ziren, eztei-bidaietan. Han ikusi omen zuen nola bizi ziren zesta-puntako pilotariak, soinean zeramaten harribitxiak.

Luis semea koskortzen hasi zenenean, esan zion aitak: “Hasi hadi puntaz ikasten, hemen (eskuz) ez zegok dirurik”.

Etxeko negozioan lagunduz gaindi —aitak Lizarza ile-apaindegiaren jabea zen— Azkoititik Tolosara joaten hasi zen astean hirutan. Autobusa hartu eta Errezil barrena, bihurgunez jositako bide gaizto batetik, ordubete pasatxo, Tolosara iristen ziren bera eta beste herriko-seme bat: Migel Isuskiza, “Azkoitia” izenarekin jokatuko zuena Miamiko pilotalekuan.

17 urterekin, hiru urteko kontratua eskaini zioten Habanan jokatzeko. Lehendabizi Habana-Madrid pilotaleku txikian (33 metroko kantxan). Luis beste sei lankideekin batera atera zen Tolosako Beotibar eskolatik Habanarantz; gipuzkoarrak denak, Jose Antonio Egurbide mutrikuarra ere tartean zela.

Debuta egin eta gero, Etxanizek eta Egurbidek berehala hasi ziren nabarmentzen. Urtebete pasatu zenean, Jai-Alaiko intendente zenak, Egiluzek, “El Palacio de los Gritos-en” jokatzeko aukera eman zien. Sekulako urratsa gailurrera heltzeko.

Ezin dut galdera saihestu. “Aizu, Luis. Zuk eskuinaz bakarrik jokatzen zenuen (errebesez edo zeharka apenas ez), nolatan 64 metroko kantxa batean moldatzen zinen?”

“Ikaragarria zen nirea. Lehenengo tantotik hasi eta 30 arte, eskuinaz.
“Matadera” deitzen zioten pilotariek Jai-Alaiko kantxa luzeari.
“Hil arte, eskuinaz”.

Atzelari onena izatera iristea sinestezina egiten zait, nire begien aurrean ez banu ikusi zer konbinaziotan parte hartu zuen azkoitiarrak. Sei bat urte iraun zuen Etxanizek tontorrean. Aurkariek pilota berria, motelena, ateratzen zioten behin eta berriro. Besoa erori zitzaion arte. Oker-oker eginda geratu zitzaion besoa.

Habanatik irten zenean, derrigorrez, Danian, Daytonan (Florida) eta Tijuanan (Mexiko) aritu zen jokatzen. Errebesez ikasi zuen, baina ezta hurrik eman ere izan zenarekin.

Erretiroa hartu eta gero, intendente lanetan aritu zen Ocala eta Fort Pierceko (Florida) pilotalekuetan.

Anaia batek ere, Santik, lau urte gazteagoa bera, jarraitu zuen Luisen bide beretik. Ez Habanan; bai, ordea, Floridako frontoietan.

Baita bi semeak ere, berarekin bizi direnak, Charly eta Joseph. Danian eta Tampan jokatzen aritutakoak.

Etxetik ez da ateratzen, ez bada Egurbide etortzen Connecticutetik eta bazkaltzera eramaten duen. Orain dela aste batzuk bezala.
“Aspaldian izan nuen egun zoriontsuena”.

Oh, my God, Ava!(Gardner)


Zoragarria iruditu zitzaidan ikusi nuenean hegazkinetik eskailerak jaisten, are zoragarriagoa guregana hurbildu zenean, ile beltzarana zapi zuriz estalia, betaurreko ilunak eta ibilera… oi, ibilera! Dotorea benetan!
Eskua buru gainetik luzatuz astindu zuen agur eginez, irribarre zabala ezpainetan, xarmagarria, klase handiko emakumea.
Ava, you look as beautiful as ever, esan nion guregana heldu zenean; segidan, bi musu eman nizkion. Ekipajea jaso eta aparkalekura joan ginen. Sebastian zain genuen Cadillac berdearen ondoan, berak eramango gintuen etxera Tampako aireportutik (Florida). Ava aldamenean nuela, hipnotizatuta sentitzen nintzen bere ondoan.  
Etxera heldu ginenean atarian zen Gillermo, ile beltzarana gominaz atzeraka orraztuta, traje zuriz jantzita, gorbataren ordez cow-boy-ek lepo-bueltan ematen duten lakio bat. Uhalatik behera, urrezko kate bat urrezko zesta txiki batetik zintzilik. Oinetakoak, botak: kanpero tipokoak, Daytonan aspaldian erositakoak. Habanako, Mexikoko eta Miamiko garai bateko izarra baldar antzean hurbildu zen autoarengana, besoak zabal-zabalik.
“Oh my God, Ava! It´s been so long since the last time I saw you. You look marvelous!” Gerritik heldu zion Gillermok; besarkatu zuen aspaldiko amodioa.
“Gillermo, darling, so strong and handsome as ever”.
Urteak ziren biek elkar ezagutu zutela. Palm Beach-en (Florida), Palm Beach Gardens aberatsen klubean. Ohorezko bazkidea izendatu zutenean Gillermo, urrezko zesta frontoian irabazi ostean. Celebrity bat zen Gillermo jai-alai mundu txikian, eta baita high class aberatsen artean ere. Karisma zuen ondarroarrak, eta klasea, Avak bezala. Hizlari trebea zen, gainera, eta dantzari hobea.
Ava Gardner eta Gillermo Amutxastegiren begiradek bat egin zutenean, berehalako kimika sortu zen bien artean: vodkak eta mendak; koka-kolak eta ronak bezala, osagarriak biak. Bata bestearentzat.
Ava eta Gillermok elkar ezagutu zuten gauan, pianojolearen hitzek bientzat asmatutakoak ziruditen: All you have to do is touch my hand to show me that you understand and something happens to me that´s some kind of wonderful.
Arrazoi zuen kantariak, Avak nahikoa zuen zure eskua ferekatzea zerbait zoragarria gertatzeko, mundua toki hobea bihurtzeko. Gillermok sentitu zuen bezala. Bat-bateko amodioa. Gozo sentitzen ziren biak. Zurruta eta dantza ordu txikiak arte eta, gero, demasezko amodio pasionatua.
Ava Tampara heldu zen egunean, Centro Vasco-n afaltzera gonbidatu gintuen Martin Odriozolak, bertako nagusiak. Habanatik ihes eginda, Odriozolak ostatu bat ireki zuen Tampan. Gau hartan, kasualitatez, atxagatarrak, Bernardo eta Asun emaztea, Nevadako bidean eskala egin zuten Floridan. Afaltzen ari ginela, Bernardok, ahapeka, azalpenak eman zizkion Avari Obabako munduari buruz eta, aldi berean, noizbait Asteasura joatea erabakitzen bazuen, gustura erakutsiko ziola “Muskerraren Bidea”. Giro ezin hobean afaldu genuen, Gillermoren balentriak, Avaren Hollywoodeko esamesak. Martin Odriozolaren istorio harrigarriak Cuban, Fidelen garaian pairatutakoak; inoiz ahaztuko ez dugun gaua pasatu genuen Sebatian eta biok. Despedidan, Avak zorte onena desiratu zion Atxagari; ondoren, esango zigun a real nice guy zela eta poztuko zela noizbait asteasuarrak Nobel saria eskuratzen bazuen.
Avari sartu zitzaion buruan frontoira joan behar genuela, Tijuanaz geroztik, ez zela jai-alai batean egon, nahi zituela sosa batzuk jokatu. Gaua luzea zen…
Zurrumurrua hedatu zen Ava Gardner, Hollywoodeko izarra, Jai-Alaira joango zela. Sebastianek gidatutako Cadillac berdea pilotalekuko sarrera nagusira heldu zenean, jendez inguraturik zegoen, poliziak dozenaka. Autotik irteten lehena Gillermo izan zen: korrika txiki batean ireki zion atea Avari, eskua luzatuz, gentleman bati zegokion moduan. Avak oinak lurrean jarri bezain prest hasi ziren biba eta txaloak.
 “Welcome to jai-alai.  Ava. We love you!” Ezkerreko besoa jasota, eskua graziaz astinduz, eskuarekin musuk bidaltzen zizkien bildutakoei, esker ona erakutsiz. Bi bizkartzain inguratu zitzaizkion frontoiko ate nagusia zeharkatzen hasi zenean.
Eskailerak gora gindoazela, on Pedro Mir intendenteak ongi etorria ematera hurbildu zitzaigun, Avari bi musu ematen zizkion bitartean, Habanatik ezagutzen zuten elkar biek. On Pedrok bi behatzekin klask egin, eta palko batean zegoen Tommy Dorseyren orkestrak bat-batean hasi zen Blue Moon pieza jotzen.

Zestazko pilotariak

Pelotariak, zestozko pelotariak, Ameriketan urte asko eginda etortzen ziranean, musika joten jaken illuntzean etxeaurrean, eta jendeak baltseoan egin. Au musikeruak dirua atarateko asmatakoa izango zan.
(José María Etxaburu, “Ondarroako kontuak”).

Gillermo Amutxastegik (Ondarroa, Bizkaia, 1910) aipatzen zuen, bere biografian, etxera itzultzen zenean herriko musika bandak ongietorria egiten ziola. Gillermok ardoa edatera konbidatzen zituen herritarrak.
Daniel Guridi (Arrasate, Gipuzkoa, 1906) ere, ibili zen munduan zehar xisteraz jokatzen. Italian, Egipton, Txinan, Filipinetan eta Mexikon. Arrasatearrak kontatzen zuen herriko musika banda esperoan izaten zuela herrira itzultzen zenean. Villabonan (Gipuzkoa) gauza bera. Pilotari ospetsua izatea ezer gutxi ikusteko zeukan ongietorria jasotzerakoan. Nahikoa zen herriko semea izatea, halako festa antolatzeko.
Noiz eten ote zen usadioa, ezin erantzun. Agian, Euskal Herrira etorkinak etortzen hasi zirenean. Gizartea apurka-apurka nahastu ahala, identitate peto-petoa gutxitzen hasi zenean.
Zestazko pilotariaren itzulera, hainbat urte atzerrian eman eta gero, herri txiki batean, derrigorrez akontezimentua izan behar zuen. Zer ote zuten kontatzeko. Jendea prest, munduaren azalpenak entzuteko: ohiturak, bizimodua, politika, ekonomia, istorioak. Atzerrian geratutako lankideen berri senideei emateko baliagarria izango zen. Ekarritako enkarguak, eskutitzak, opariak, dirua…
Isidoro Fagoaga tenorra Berara (Nafarroa) itzultzen zenean, Europan zehar denboraldiak pasatau eta gero, Pio Baroja idazleak galderaz josten omen zuen. Barojak lehen eskuko testigantza jaso nahi izatea ez da harritzekoa. Are gehiago, Fagoaga bezalako intelektual batengandik.
Informazioaren gizartean bizi gara: McLuhanen herriska globalean; duela 80 bat urte ez bezala. Gaur egun, zestazko pilotariak Ameriketatik itzultzen dira. Oharkabean. Shanghaitik bueltan datorren Fagorreko langileak bezala, senitartekoak soilik itxaroten Loiun edo etxean; gainera, aspaldian desagertu ziren herriko musika banda gehienak.
Eskuzko pilotariak, txapela bat irabazten dutenean (pandemia aurretik bederen) zain izaten dituzte herritarrak, lagunak, sagardotegira joateko. Izango dute musika, sortuko da festa. Pilotariak xanpaina edatera konbidatuko ditu herritarrak. Inork ez dio galdetuko, ordea, nondik datorren, zer ikusi duen. Noiz arte itzuli den.

Marken indarra!

Lastima apur bat sentitu nuen jakin nuenean Goikok (Iñaki Osa Goikoetxea) munduko errekorra hautsi zuela, xisteraz baliatuz: jaurtialdi batean. pilotak orduko 313 kilometroko abiadura hartzea lortu zuen. Bitartean, Dani Pedrosa pilotua abiadura hori gainditzen saiatzen zen motoziklismorako pista batean, Red Bullek antolatutako performance batean. 

Goiko da zesta-puntak azken urteetan eman duen pilotari onena. Eskuko behatzekin ezin konta zenbat txapel irabazi dituen. Binaka nahiz banaka. Amerikan edo Euskal Herrian. Bere ospea, ordea, oso mugatua izan da, etxekoa, familiakoa. Pilotazaleei ezaguna egingo zaie. Marka hor geratzen da. 

“Goiko, nor?”, esango dizue kalean galdezka hasten bazarete. 

Kirol minoritario bateko jokalaria izatearen kalte-ordaina. Izar bat izan arren, herritar kirolzale xumeen begietan ez zara existitzen. Sare sozialetan, gauza bera. Komunikabideetan kirol sailean agertuko da, urtean behin, bitan agian. Herriko aldizkariak edo Hitzak elkarrizketatuko dute Miamira joan arretik, edo bueltan. Hor bukatzen da kontua.

Azken egunetan, ordea, Goikoren marka biral bilakatu da bideoaren bidez. Bere balentriaren berri zabaldu da imajinatu ezin dugun komunikabideetan, munduan zehar. Radio Vaticanok ere jaso omen du albistea.

Bidaide ezin egokiagoa izan du Goikok: Red Bull marka. Erakusleiho ezin hobea eskaini dio zumaiarrari. Bikote perfektua. Muturreko kirolak babesten ditu Red Bullek. Duela bizpahiru urte Goiko fitxatu zuen. Geroztik, irabazi izan dituen txapelek oihartzun eskasa izan dute. Errotik aldatu dira gauzak abiaduraren errekorra puskatu duenean. Muturreko balentria baita nonbait markak puskatzea.

Jendeak errekorrak maite ditu. Ez dakit nondik etorriko zaigun halako zaletasuna. Guinness Errekorren liburua da inoiz historian gehien saldutako liburua, Bibliaren, Koranaren eta Maoren Liburu Gorriaren atzetik. Egile eskubideak dituzten liburuen artean, berriz, salduena da Guinness Errekorren liburua. Bada marka!! Beldur naiz, beste edozeinek hobetu ezean, gaur edo bihar Goiko gogoratua izango dela, behin motoziklismorako pista batean, Red Bullek antolatutako performance batean, pilota batekin inoiz lortutako abiadura marka hautsi zuelako. Eta ez, ordea, urtez urte emandako errendimenduagatik. 

Halako indarra baitute markek! Galdetu bestela Txetxu Urbieta kazetariari! Euskadi Irratian elkarrizketatu zuten Goiko, “Hiru Erregeen mahaia” saioan. Nola gertatu zen, nondik norakoak. Bideoan agertzen ez diren bitxikeriak kontatu zituen pilotariak. Elkarrizketa berean, Ibon Aldazabal puntistak ere parte hartu zuen. Bera baita ohiko xistera erabiliz orain arte marka onena egin duena. Esatariaren arabera, saioko zuzendaria den Txetxu Urbieta halako markazale amorratua omen da. Urbietak egin beharreko gestioak egingo dituela noizbait nonbait desafio bat antolatzeko: abiaduraren marka puskatzeko lehia. Pilotariak prest, jakina!

Lepoa jokatuko nuke taxuzko lehia edo performancea antolatuko balitz, berebiziko oihartzuna lortuko lukeela. Hain maiteak ditugu errekorrak, markak puskatzea!

Irabazlea markatuta geratuko litzateke. “Bera da”, jendeak miresmenez esango luke, “markaren jabe. Pilota orduko 300 kilometrotik haratago jarri zuena, aizue!… 

“Ni naiz Lete” dokumentalean, bitxia iruditu zitzaidan Antxon Valverdek kontatu zuen pasadizoa. Letek, txantxetan, esan omen zion: “Hiltzen naizenean, zeruko atarian, San Pedro galdezka hasten zaidanean, zer merituak egin ditudan zeruan sartzeko, zer esan ez dakidala gelditzeko zorian ikusten dut neure burua: “Poeta… kulturgile… umm! ez dakit”…

Azken momentuko okurrentzia esango ziola: “Ni naiz ´Xalbadorren heriotzean` kantaren egilea”. Orduan, bai, San Pedrok esango ziola. “Aurrera! Sar zaitez zeruan”.

Bere bizi guztia poesia lantzen, kantari, kulturaren alde borrokan… ez nahikoa nonbait zeruan sartzeko. Kanta bakar batek, horrrek bai, horrek irekiko zizkion zeruko ateak. 

Marken indarra!

Handem herrian

   Duela 31 urte Amerikako Estatu Batuetan bizi nintzen, Connecticuten, Bridgeport izeneko herrian. Neguak hotzak baziren, otsaila oso gogorrago egin zitzaigun grebako piketetan urtebete generaman  600 bat pilotarioi. Animoak, hala ere, sinetsi nahi badidazue, goian genituen. Euskaldunok, izan ere, gatazka giroan, egoskorrak bilakatzen baikara, nekez emango dugu amore. Jarrera kolektiboaren jatorria, auskalo nondik datorren. 

   Handem herrian, nire etxetik 30 bat kilometrotara, United Auto Workers (UAW) sindikatuaren 148. egoitzan, ekitaldi bat burutzekoa zen. Greban zeuden sindikatu ezberdinetako partaideak biltzekoak ziren, solidaritate jaialdi baten barruan. Pilotariok, jai-alai player-ok tartean ginela, joan behar genuela esan zigun piketean Gabino Ezpeletak, IJAPAko (International Jai-Alai Player Association) gure sindikatuko ordezkariak. Ricky Lasak, elkarteko  lehendakari ahalguztidunak, Ezpeletari azpimarratu zion Handemen egoteko garrantziaz, komunikabide askotariko bidali bereziak agertuko zirelakoan.     

    Handemera, autoz inguratu ginen 80 bat lankide, emazte eta adiskide. Uniformatuta azaldu ginen pilotariok. Ez praka zuriekin eta kolore ezberdinetako elastikoekin, iraganean kantxaratzen ginen bezala, baizik eta  jaka gorriarekin, bizkarrean “Ijapa Player”  jartzen zuenarekin. Aurreko aldean, berriz, ikurrez josita: IJAPA, UAW, God Bless America, USA… Buruan kapela gorria, pin-ez beteta..        

   Aparkalekura hurbildu ginenean ohartu ginen dagoeneko sekulako jendetza gerturatu zela, lekurik ez autoak aparkatzeko. Egurrezko egoitza zaharrean sartu ginenean bero bafada bat sentitu nuen. Berehala erantzi genituen neguko berokiak eta bufandak, gure sindikatuko uniformea agerian sartu ginen areto nagusian. Ehun bat lagunentzako lekuan, halako hiru zeuden dagoeneko. Gure kolore gorriak berehala nahastu ziren beste sindikatuetako ordezkarien uniformeekin, nolabaiteko erromako zubia osatuz. 

   New Hampshireko paper fabriketako langileak ziren batzuk; Maine aldeko zerrategietakoak, besteak; Connecticuteko makina-erremintakoak ere baziren han. Kolore batekoak ala bestelakoak, grebalariak denok.

   Maiatzaren  Leheneko “Langileen eguna” ospatzeko asanblada egiten ari ginela zirudien. Une batetik bestera, kaleak hartzeko manifestaldian. 

   Kanpoan haize leia egiten bazuen, barruan, sekulako anaiarteko giroa; beroa eta emozioz beteta. Hura zalaparta! Hango iskanbila! Denok batera berbetan, builaka mintzo behar aldamenean zenuenarekin. Oholtzan igota, dozena erdi bat lagun, hizlari bakarra. Basomutil baten itxura hartu nion hizlari bizargorriari. Koadroaz osatutako franelazko alkandora, ukondoraino bilduta, zerrategietako langilearen planta zuen, Errezilgo (Gipuzkoa) baserritarra zela esan zitekeen

     Hizketan ari zela, esaldia bukatzear, hango txistu eta esku-zarta! Langileria baturik, jatorri ezberdinetako partaideak eta, tartean gu, euskaldunok. Grebalari guztien artean, New Hampshireko paper lantegietakoak izan ezik, geu ginen beteranoenak. Egun hartan, Handem herrian, historia egiten ari ginela sentitu nuen nire barrenean.

 Antolakuntzatik esan zioten Ezpeletari komenigarria izango litzatekeela guretako batek, gaztelaniaz hitz batzuk esatea oholtza gainetik. Izan ere, aretoan hainbat latino jatorrizko langile zelako. Estimatuko luketela euren hizkuntzan hitz batzuk  entzutea.

   Halakoetan —lehen ere gertatu zen— Ricky Lasaren (IJAPAko lehendakaria) parte hartzea ezinbestekoa izaten zen. Hain justu, ikaragarri gustukoa zuen jende aurrean nabarmentzea. Plazagizona eta planta ederrekoa izateaz gain, hazi egiten zen jende aurrean. Lasa, ordea, Washington-era joana zen, Espainiako enbaxadako diplomatiko batekin biltzera. 

    Ezpeleta niregana hurbildu zen. Aretoko izkina batera eraman ninduen. Belarrira —seminarioan ikasitako estiloan— zuri-zuri, gozo-gozo, barre txikian. Ni nintzela egokiena oholtza gainera igotzeko, latinoek eskertuko luketela. “Atera kontuak, Iñaxio, zenbat komunikabide dauden. Prime time-en aterako gaituk”, erregutu zidan.

    Charles Chaplinen filma bat etorri zitzaidan gogora, “Tempi Moderni”, Milanen (Italia) jokatzen nengoenean ikusitakoa. Eszena batean, oker ez banago, oso ondo ez banaiz gogoratzen, estolda batetik ateratzen da Charlot. Lurretik jasotzen du bandera gorri bat, manifestari batek galdutakoa. Haien atzetik doala, bandera gorria eskuan, beste multzo bat hurbiltzen zaio gibeletik. Poliziak atxilotu egiten du Charlot.

     Ni ere, jaka gorriz jantzita, kapelu gorria buruan, konturatu orduko oholtza gainean ikusi nuen nire burua. Urduri jartzeko betarik gabe. Ehunka lagun, behean, denak niri begira. Nik zer esango.

     Konortea galdu edo amets gaizto bat bizitzen. Protagonista, protagonismoa bilatu gabe. Zerrategiko ordezkaria sumatu nuen nire aurkezpena egiten. Urrutitik helduko bailiren hitz solteak… jai-alai players, strike, Basque heroes… Bai, gutaz ari zen. Kameren argiek eta argazkilarien flashek itsutu ninduten. Isildu zen hizlaria eta, nonbait, nire txanda izan behar zuen. Baina ni, mutu, izoztuta, ehunka lagun, behean, niregan begiak josita. Ez dakit bertsolariak oholtzaren gainean zer sentitzen duen gaia eman eta gero, isilune horietan, burumakur, denek zain, zerekin ekingo dion… Ez zen nire plaza, baina, ezin bertatik ihes egin.

     Halako batean, hasi nintzen zerbait esaten. Gaur da eguna, ordea, ez dakidala zehatz-mehatz zertaz aritu nintzen. Beste baten gorputzean sartuta banengo bezala sentitu bainintzen. Ez ni, beste bat, arituko balitz bezala hizketan nire ordez. Entzuten nituen gauzak ezagunak egiten zitzaizkidan. Nazioarteko Brigadak, Victor Jara, Allenderen Txile… Zarauzko Zinema pilotalekuko mitinetan Ortziri eta Esnaolari entzundakoak. Baita esloganak: “Herri elkartua ez da inoiz zanpatua izango”…  “Duintasunak ez du mugarik ezagutzen”… ¡”Gora langileria elkartuta!”… Sacco eta Vanzetti ere, sartu nituela zaku berean, uste dut. Txistu eta txalo artean sumatzen nuen beste ni hura. Ezin gelditurik, trenak abiada hartzen duenean bezala, balaztari sakatu gabe, aurrera eta aurrera…

    Ezpeletak atera  ninduen trantze hartatik, oholtzan bertan. Besarkada bat eman eta esanez:  “Hori duk, Iñaxio!… Lortu diagu!”.

    Zorabiatuta jaitsi nintzen oholtzatik, non nengoela jakin gabe. Lankideek besarkatzen nindutela, kazetariak mikroekin eta kameren flashekin, osatutako laino batean.