BERRIAko analisiaren (2020-7-16) laburpena: Berriz ere EAJk aise irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, (…) eta ez du deus aldatuko duela hamar urtetik —Ibarretxe erretiratu zenetik— argi eta garbi daraman estrategia. EH Bilduk alternatiba eraikitzeko baluke zer sakondua, eta PSEk, zer berritua biziberritzeko. (…) EH Bildurentzat garrantzitsua da EAEn EAJren alternatiba izaten hasteko sentsazioa izatea. Duela lau urte hamar aulkiko aldea atera zion EAJk (28-18), eta orain, bederatzikoa (31-22*), baina orain lau urte 173.000 botoko diferentzia kendu zion, eta orain, 100.000koa. (…) Datozen urteetarako badu kontakizun bat: alternatiba josteko aukera du. (…) Errealitateak errealitate, agenda soziala ere prozesu independentistan kokatuz, EH Bilduri, adibidez, gertutasun kontuagatik-eta, bere eredu munizipalistak ematen dio espazioak irabazteko egokierarik, eta aukera luke, batetik, lan horri proiekzio nazionala emateko, eta, bestetik, mugimendu handiago bilakatzeko. (…) PSEk babesa nabarmen galdu du. Eta, alderdi sozialistan, batzuk hasi dira ezbaian jartzen EAJrekiko koalizio estrategia. (…) Lopezen belaunaldiak eraman zuen PSE babes elektoral handieneraino, eta belaunaldi berak txikieneraino. Ez zaio ikusten bide berririk jorratzeko asmorik; EAJri kateatutako PSE bat da hau. Biziberritzen hasteko belaunaldi aldaketaren garaia ote han?♦
Zer lehendakarigai ibili da ondoen BERRIAren porran?
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaiei elkarrizketak egitean, emaitzez porra bat egitera animatu zituen BERRIAk. Ezkutuan egingo zuten, orria gutunazal batean sartu eta BERRIAk bozen biharamunean —gaur— zabalduko zituen. Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (EP), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Jose Ramon Becerra (Equo Berdeak) animatu ziren egitera; Iñigo Urkullu (EAJ), berriz, ez, halako ariketak egiten ez dituela esanda. Carlos Iturgaizek (PP-C’s) ez zuen eman elkarrizketarik. Legebiltzarkide zifren desbideraketa formulatzat hartuta, Iriarte ibili da ondoen: lauko desbideraketa izan du. Becerrak hamarrekoa, Mendiak hamabikoa eta Gorrotxategik hamaseikoa.
Galderarik ez
Eta kontraesanaren bidean jarraituko dut
errotulagailu iraunkor batekin
kontakizun autobiografiko bat idatziko dut sabelean
inoiz ere gehiago erantzun behar ez izateko
nondik heldu naizen
zer bizi izan dudan
nola egin didaten iruzur
nori eman diodan min
zergatik sufritu dudan
zenbat
galdu dudan.
Horixe guztia bukatzeko esaten
urteen poderioz ikasten dugula galderarik ez egiten.
Anna Gual
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Kate Hlinitsova
Desioa hitz
Bakardadea ez da moilan eseri eta itsasoari nahikeriaz begiratzea. Bakardadea berau esan ezin izatea da paisaia baten sinonimo bihurtzeko ezintasunagatik eta, aurpegirik jarri ezin zaionez, inguratu ezin daitekeelako. Bakardadea nire esaldien melodia hautsi hau litzateke.
Alejandra Pizanik
Itzulpena: Asier Sarasola
Irudia: Luisa Brimble
Etorkizuna
Etengabe galdetzen duzue zer eginen dugun gero.
Baina guk ez dakigu hitzekin erantzuten.
Ez dakigu.
Baso bateko zuhaitzak aldi berean haizearen norabidean makurtzen direnean bezala da.
Iskanbila hori. Nahaspila.
Etorkizuna dei geniezaioke izaten saiatzen garena eta garenaren arteko aldeari,
edo ustez garena eta egiazki garenaren artekoari.
Dezepzioaren antzeko formula bat.
Ismael Ramos
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Pello Urzelai
Hizkuntzaz
Hizkuntza inportantea baita, batez ere esateko zerbait dagoenean.
Gorka Urbizu
Irudia: Durangoko Azoka
Hotza da, besterik ez
Ezingo zenuke irudikatu
une honen handitasuna:
nire azalaren gainean
izotz geruza fin bat aurkitu dut.
Koadrodun orrietako lerroak
Tippexarekin margotu ditut,
hirina bota dut
ordenagailuko teklatuaren gainean,
armairua betetzen duen arropa
pertza batean sartu dut
lixiba konzentratuarekin.
Ezin dut elurra
ikusteko zain egon.
Anna Gual
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Daria Nepriakhina
Denak balira ere…
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berriaren legealdia izango omen da datorrena. 2012-2016koa hala izango ei zen; Iñigo Urkulluk kanpainan iragarri zuen lehendakari hautatuz gero 2015ean deituko zuela erreferendumera. Hautatu zuten lehendakari, eta ez zen izan erreferendumik. 2016-2020koa ere ez da izan estatutu berriaren agintaldia, juristen jugadarena baizik. Duela lau urteko bozetako programak aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidearen aldeko 57 legebiltzarkide egon dira: EAJko 28, EH Bilduko 18 eta EPko 11. Legebiltzarkideen %76. Euskal eragileekin tarteka BERRIAk izaten dituen bilkuretan, haietako ordezkari batek bota zuen: “Eta legebiltzarkideen %100a erabakitzeko eskubidearen aldekoa balitz ere, zer?”.♦
Etxegarai
Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egitean, bi aldiz elkarrizketatu genuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakaria, bietan Baionan bertan. Aurrenekoan, Café du Musée jatetxean, bazkaltzen; Ekhi Erremundegi lankidea eta hirurok izan ginen, pare bat orduz. Bigarrengoan, udaletxean, Etxegarairen bulegoan, beste pare bat orduz, berriz ere hirurok. Armagabetze prozesuan inplikatu egin zen Etxegarai, busti. Besteak beste, 2017ko martxoaren 20an Bernard Cazeneuve Frantziako orduko lehen ministroarekin bildu zen, Pauen, eta Café du Muséeko bazkarian esan zigun, liburuan bederen ez jartzeko eskatuz: “Cazeneuvek gauza bat galdegin zidan: errepublikaren ordezkari bat naizela eta, zuhurrago ibiltzeko”. Lehen aldiz zen Baionako auzapez Etxegarai, Euskal Elkargoaren estreinako lehendakaria zen, baina segitu zuen bustitzen. Herriak proban jarri zuelako ere busti zen; hartarako baldintzak joan ziren sortzen. Armagabetzearen ondoren ere gisa berean jarraitu zuen euskal presoen auzian; kasurako, gaur zortzi, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideekin batera, Justizia Ministerioarekin batzartu zen, herriko bozak baino sei egun lehenago. Berriro hautatu dute auzapez, orain sei urte baino alde handiagoarekin. Iñigo Urkullu sekula ez du proban jarri herriak.♦
Errukia pizten dit lorategiak
Beldurra ematen dit bihotza galdu duen garai honek.
Beldurra ematen dit esku hauen guztion ezerezkerian pentsatzeak
eta aurpegi guztion arroztasuna irudikatzeak.
Bakarrik nago geometria-eskolak zoratzeraino maite dituen ikaslearen antzera.
Otu zait ospitalera eraman dezakegula lorategia.
Lorategiaren bihotza puztu egin da eguzkipean
eta bere memoria hustear da berdetasunaren oroitzaz
Forugh Farrokhzad
Itzulpena: Miren Agur Meabe
Irudia: Ester Marie Doysabas