Belar-giroa heldu da

Eguzki xuri udako solstizioaren kontzerturako egindako testua

(World Weather Network)

Eguzkia behar dugu non eta noiz gauden jakiteko,

harrobi bat izan baino lehenago zer ginen ezagutzeko,

belarra moztu baino lehenago zer behar dugun esateko.

Ezin diogu aurrez aurre begiratu, baina badakigu hor dagoela.

hutsuneak eta absentziak daudela dakigun bezala.

Lore bat behin eta berriz irekitzea da bizitzaren xedea,

baina belar gaiztoei ihes egiten digu begiradak tarteka.

Hatzez seinalatzen dizut eguzkia, begiak itxita.

Nire baitako sekretu bat kontatu nahi nizuke.

Nik ere izar txiki bat daramadala niregan

munduari nola begiratu esaten didana,

denbora nola igaro xuxurlatzen didana.

Ni eta zure arteko laztana da isilean nagoenean.

Hazarazi egiten dizkit lurretik gertu bizitzeko gogoak.

Barrurantz erakartzen ditu nire arrangurak.

Biluzian ez da ikusten ahal,

baina belar galgarrietatik babesten nau.

Belar giroa heldu da, belar-lanak egiteko sasoia.

Belar-lilien gisan igarotzen da jendea.

Ustez ez daude gurekin,

baina eguzkiaren dirdira ere ezin dugu ikusi,

eta sumatu egiten dugu aurpegian.

Dena hasten eta dena bukatzen da aldi berean.

Bakarrik sentitzen gara maiz jendez inguratuta gaudenean.

Belar-lipits batek kili-kilia egiten digu kolkoan orduan,

bihotzetik gertu.

Eguzkia behar dugu

zerbait, ezer gutxi, aldatzen ari dela ulertzeko.

Ez daude zaldiak bazkatzen,

baina harrizko paretetako zartatuetan landare berriak ageri dira orain.

Castillo Suárez
Irudia: Irene Larraza

Agurra

Hauxe zen zuri agur erratea :

Oihanak nola erretzen ziren ikustea

Eta ni zuhaitz guziak izatea.

Bai eta erortzen hasi zen

Euri gogorra.

Mireia Calafell
Itzulpena: Itxaro Borda
Irudia: Tore F Bos

Beranduegi

Denborarik gabeko lekuetan, denborak abandonatu dituen parajeetan posible da, agian, jende ona aurkitzea, hustutako pertsonak, grina txarrik gabeko gizakiak.

Baina ez. Horietan ere ez, ziurrenik. Denborarik gabeko lekuetan beldurrik ez balego, beharbada. Baina ez al dago beldurrik denborarik gabeko lekuetan? Izua hil egin ote da? Denborak bakarrik ematen al du beldurra?

Berak beti uste izan zuen norbaitekin atsegina izanez gero, norbait horrek ez ziola minik emango. Ez ziola minik emango nahita. Ez zuen bestelakorik espero. Orain beldur da.

Giza arimaren gaiztoa ezagutu du.

Alde egin, joan egin beharko luke… horrek izua kenduko balio, kenduko ahal dio.

Lourdes Oñederra
Irudia: Juan Mari Apaolaza

Zedarritze-ariketa bat

Zer da bihotz bat taupadarik ez badu.

Zer da zure baitatik erauzten dizuten hori,

bere aitari betiko lotuko zaituena nahi ez baduzu ere.

Fetu ilun, txiki eta likin bat,

odol eta mintzen artean igerian.

Biluzik zaude anda batean,

ume jaioberrien argazkiez inguratuta.

Eskutik heltzen dizu abandonatuko zaituela erabaki duen gizonak.

Arduraz apuntatzen du hartu behar dituzun botiken hurrenkera,

eta negar egiten du autora sartzerakoan.

Zuk ere negar egiten duzu.

Badakizulako dezepzio baten guraso izanen zaretela beti.

Ezerk ez zaituztela lotuko hemendik aurrera,

soilik zuen indar guztiekin entzun nahi zenuten bihotz hura,

oroitzapenetan besterik taupada egiten ez duena.

Medikuak hoztasunez esaten dizu

gorputzak memoriarik ez duela,

lehengo berbera izanen zarela.

Baina oroitzea da bizitzeko zure modua.

Beldur batek ordezkatzen du umeki bat.

Hura itzaltzeko zain zaude,

Erabaki dezan ez zarela nahikoa erakargarria zuri lotuta egoteko.

Beldur bat,

beste zerbaiten antzik ez duena,

ez bada lotsarena.

Hortzak garbitzen dituzu odola egin arte

zauri bat behar duzulako horri erreparatzeko:

odol gorri eta usaingabea.

Zauriak azkar sendatzen badu

elkar maitatzeari utzi diozuelako da.

Hankartea minberatua duzu oraindik,  

baina zerbait egin nahiko zenuke orain arte egin ez duzuna:

diskoteka batean dantzatu,

larrutan egin hondartzatik gertuko hoteletan,

urruneko familia bisitatu auto alemaniar batean,

ezpainak gorriz pintatu,

etorkizun brioleta zarela sinetsi,

gauza xumeak ulertzen saiatu,

minutuen leku zehatza jakin.

Izan ere, ingurukoei ez diegu erreparatzen

min ematen diguten arte.

Mundua hondoratzen ari da,

baina salbamendu txalekoa duzu jantzita

zuen bihotzen oihartzunak estaltzeko.

Bainugelako zakarrontzian pilatzen dira haurdunaldi-probak.

Orbain batzuk ez dira inoiz erabat sendatzen,

baina erre gabe ukitu ahal izaten ditugu.

Orbainek ez dute ezertarako balio,

ez bada oroitarazten digutelako beste batzuen beharra dugula.

Aldi berean ikasten da maitasuna eta dolua zedarritzen.

Castillo Suárez
Irudia: Timothy Paul Smith

Zuhaitzak

Barruko zuhaitzak kanpora doaz, basora

hainbeste egun hutsik egon den baso horretara

non ezin zen txoririk pausatu

ez intsekturik gorde

ez eguzkiak ere oinak itzaletan sartu;

baso hori, hainbeste gau hutsik egona,

zuhaitzez beteta egongo da goizerako.

Gau guztian sustraiak lanean

portxeko zoruko

arrakaletatik askatu nahian.

Hostoak tenk kristalerantz

adaxkak zurrun eginahalaren eginahalaz

adar luze bihurrituak teilatupean nahaspila

senda-agiria jaso berri duten pazienteak bezala

erdi nahastuta

klinikako aterantz.

Barruan eserita nago, portxeko ateak zabalik

gutun luzeak idazten

baina doi-doi idatzi dut nola basoa

badoan etxetik.

Gaua fresko, ilargi betea dir-dir

zeru oraindik garbian

hosto- eta liken-usaina

aditzen da oraindik geletatik ahots baten gisan.

Xuxurlaz beterik daukat burua

baina isilduko dira biharko.

Entzun. Puskatzen ari da kristala.

Badoaz zuhaitzak estropezuka

gauerantz. Haiekin batera, haizea ziztuan.

Puskatu da ilargia ispilu bat bezala,

eta haren zatiek distira orain haritzik

garaienaren gailurrean.

Adrienne Rich
Itzulpena: Maialen Berasategi
Irudia: Elurre Iriarte

Absentzia negu era bat da

Elurretan garaitutako gizon baten gorputza bezala,
abestiak izozten dituen negu horrekin berarekin
arratsaldea gau bihurtzen denean auto baten irratian,
telegramak bezala, ahots zauritua bezala
gaueko telefonoak gurutzatzen dituena,
itsasargi batek gurutzatzen duen bezalaxe
lehorreko txalupen malenkonia,
zalantzak eta ziurtasunak bezala,
leihoko nire silueta bezala,
horrela min ematen du gau batek,
zure falta dudan negu horrekin berarekin,
zuri utzi nauen elur horrekin berarekin, dena ahazten baitzait
zu gogoratzen ikasi behar badut.

Luis García Montero
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Aleksei Min

Iraun behar duenaren alde

Zer esan nahi dute

lore urdinek sasietan

eta asunen artean.

Zeren seinale dira

tximeleta zuriak

eta tximeleta iluna.

Zer iragartzen dute

benetan, zer

txoriak eta katuak

bide-ertzean hilak.

Zeri eskaini kantu bat.

Zer isildu.

Nola jakin

nola jardun

nola paratu behar —beti—

iraun behar duenaren alde.

Jon Gerediaga
Irudia: Elurre Iriarte

Laino gorriak

Batzuetan

gure baitan paisaia urratu bat daramagu.

Lorategia zena belar txarrek hartu dute, 

hesi hautsiek,

iratzeek,

lurrean dauden adaxkek.

Lorategi abandonatu bat daukagu barrenean,

eta ez dakigu noiz arte bizi ahal izango garen

beste batzuen oroitzapenetan

ezinezkoa zaigulako landareen hizkuntzan mintzatzea.

Batzuetan

bizitzea urpean geratutako herri batera bueltatu nahi izatea da.

Urtegia hustu eta etxerako buelta hartu nahiko genuke, ahal izatera.

Ez dugula inoiz leku propiorik izango sentitzen dugu,

urak dena hartu baitu.

Gauez euria deitzen dugu

eta egunez lehortearen zain egoten gara.

Batzuetan

min ematen diogu geure buruari.

Ikusi ez ditugun txoriak

eta bizi izan ez ditugun uneak

zenbatzen ditugu:

gertatu ez zena,

ia gertatu zena,

gertatzea nahi genuena.

Maite genuenaren etxearen aurretik igarotzean

hura ez dela egongo badakigu eta, hala ere,

sartu egiten gara barrura.

Batzuetan

hiri lokartu betean gaude,

doluzko arropak jantzita, 

eta ohartu ere ez gara egiten edertasuna beti dagoela zelatan:

laino gorriek ilargia estaltzen dute,

eta, aldi berean, euria iragartzen.

Dolu-jantziek ez dute sobera berotzen, ordea.

Izan ere, gure inguruko jendea ez dago inoiz prest

agurrei, hausturei edo galerei buruz hitz egiteko.

Batzuetan

bizi izandako lekuaren parte bihurtu garela ematen du.

Edo ez:

beharbada gutako bakoitza leku bat da beste batendako.

Castillo Suárez
Irudia: Maddi Barber

Pago egurrezko gila bat

Euskalgintzaren Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian irakurritako testua

Hizkuntzaren alde egitea jendearen alde egitea da,

bulkada eder bat, neguko itsasoa ere eder egiten duena.

Ez du amorerik ematen, arnasa hartzea bezalakoa da.

Hizkuntzaren alde egitea ados jartzea da,

kaio saldoak zerua gurutzatzeko ados jartzen direnean bezala,

elkarrekin joaten direnean nekea txikiagoa baita.

Hizkuntzaren alde egitea kausa galduen bilduma egiteari uko egitea da,

injustizien antologia egitea denean bezala,

edo ezinikusien zein etsaien zenbaketa egiten denean bezala.

Badago jendea itsasoaz ekaitz egunetan baizik oroitzen ez dena.

Euriak hartzen ditu neguko paisaia bustiak.

Dena goibeltzen dute euri kolpeek.

Zaila da laztasuna edertasunarekin estaltzea.

Itsasbeherak agerian uzten du egitate mingarrien lurraldea,

eta hondaleko lur galaraziak azaleratzen ditu.

Itsasargiek inor gutxik ikusten dituen seinale galduak egiten dituzte.

Irabazi eta galdu dugunaz galderak egiten ditugu maiz.

Ez da nahikoa gogoa, ez da aski nahi izatea.

Inor gabeko lurra da iragan-mina; haztearen mina da gurea, ordea.

Ontzia osatzeko piezak daude ontziolan.

Gila sendo bat, haizeak ontzia eraman ez dezan eta lastari eutsi diezaion.

Kemenaren definizioa zurajearen eta galipotaren arteko zerbait da.

Batzuetan buiak besterik ez dugu ikusten, gasolio-aztarnak, deslilura.

Hala ere, aurrera goaz.

Baditugu ontzia eraikitzeko planoak, teknika eta eskulana.

Talde bat eta norabide bat.

Pago egurrezko gila bat.

Castillo Suárez
Irudia: Mendi Urruzuno (Albaola)

Erraiak

Lurraren erraietara nekez iristen zen argia.

Dena zen gaua, dena da isiltasuna.

Urak eta lokatzak kamusten zuten hezurreria.

Izenik ere ez zuten hezurkiak itzalaren mendekoak ziren.

Egun-argiaren zantzuak ahulak ziren oroitu nahi ez zuenarendako.

Lurraren barrenean iragana gordetzen zen.

Iragan lausoa eta mingarria aldi berean.

Harriekin bat egiten zuten ez-memoriak eta absentziak.

Lurraren erraietara ez zen argitasunik iritsi

geldikinak lurretik erauzi eta izendatu genituen arte,

oroitzapenak orainaldira ekarri genituen arte,

laguntasunaren babesa sumatu genuen arte.

Galdutakoa zaila da neurtzen,

baina zenbatu ditzakegu argitara ekarritako izenak. 

Eremu laiotza da memoria,

justiziaren atezura eramaten gaituena

eta gotortutako minak arintzen dituena.

Oroitzen dugulako, iluna zena argi bihurtzen da;

zatia zena, osotasun;

urrutikoa, hurbil;

izengabea, izendun.

Memoriak taxutzen digu etorkizuna,

eta ez baditugu emakumeak gogora ekartzen,

ez baditugu garaituak gogora aipatzen,

doilorkeria eta atsekabea ez dira guztiz desagertuko.

Izan ere, memoriak pitzadurarik gabekoa behar du,

salbuespenik gabekoa.

Atzoa deskorapilatu gabe ez dago oraina ulertzerik.

Lurpean ezkutatuta dagoen guztia azalera ekarri ezean ez dago aurrera egiterik.

Castillo Suárez
Irudia: Enara Otxoa-errarte