Atzoko neska

Memoria toki antzeko bat da, behinola bizi izan ginena. Iraganaren ausazko laburpenak beti kokatzen dira gertaleku jakinetan, gertaleku horiek lausoak izan arren.

 “Oroitzapenak bere antzinako erretorika gordetzen du, zuhaitz baten edo zutabe doriko baten moduan jaikitzen da, normalean gure ametsen barruan egoten da lo eta haren jabe bakarrak gara” idatzi zuen Silvina Ocampok.

Ez dago lekukorik hau edo beste honetara edo horretara izan zen egiaztatu edo gezurtatzeko.

Miren Agur Meabe
Irudia: Ángel Suárez

Beldurra da

Beldurra da

izatea

pentsatzea

aldiro pertsona ezberdina naizela

esate baterako begiradaren

edo usaimenaren arabera beldurra da

nire gorputzaren zati gorri bakoitza erakustea

eta ez jakitea

oraindik

nola egin zerbait uniformea neure buruarekin

Irati Iturritza
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Engin Akyurt

Zuhaitzak

Barruko zuhaitzak kanpora doaz, basora

hainbeste egun hutsik egon den baso horretara

non ezin zen txoririk pausatu

ez intsekturik gorde

ez eguzkiak ere oinak itzaletan sartu;

baso hori, hainbeste gau hutsik egona,

zuhaitzez beteta egongo da goizerako.

Gau guztian sustraiak lanean

portxeko zoruko

arrakaletatik askatu nahian.

Hostoak tenk kristalerantz

adaxkak zurrun eginahalaren eginahalaz

adar luze bihurrituak teilatupean nahaspila

senda-agiria jaso berri duten pazienteak bezala

erdi nahastuta

klinikako aterantz.

Barruan eserita nago, portxeko ateak zabalik

gutun luzeak idazten

baina doi-doi idatzi dut nola basoa

badoan etxetik.

Gaua fresko, ilargi betea dir-dir

zeru oraindik garbian

hosto- eta liken-usaina

aditzen da oraindik geletatik ahots baten gisan.

Xuxurlaz beterik daukat burua

baina isilduko dira biharko.

Entzun. Puskatzen ari da kristala.

Badoaz zuhaitzak estropezuka

gauerantz. Haiekin batera, haizea ziztuan.

Puskatu da ilargia ispilu bat bezala,

eta haren zatiek distira orain haritzik

garaienaren gailurrean.

Adrienne Rich
Itzulpena: Maialen Berasategi
Irudia: Elurre Iriarte

Batzuei poesia gustatzen zaie

Batzuei,

erran nahi baita, guztiei ez.

Gehienei ere ez, gutxi-gutxiri baino ez.

Ez kontuan hartu eskolak, hor derrigorrezkoa da-eta,

eta poetak beraiek ere bazter utzita,

mila lagunetik biri gustatzen zaie.

Gustatzen zaie,

bati fideo-zopa gustatzen zaion gisan,

bati kunplimenduak eta urdin kolorea gustatzen zaion

gisan,

bati bufanda zaharra gustatzen zaion gisan,

bati beti berea lortzea gustatzen zaion gisan,

bati txakurrari laztan egitea gustatzen zaion gisan.

Poesia,

baina zer da poesia.

Zalantzazko erantzun bat baino gehiago

eman zaio galdera horri.

Eta jakin, nik ez dakit, eta gogor heltzen natzaio poesiari

helduleku bati heltzen zaion gisa berean.

Wislawa Szymborska
Itzulpena: Josu Jimenez Maia
Irudia: Garoa liburu denda

Amodio hil batetik

Amodio hil batetik geratzen da

Denbora astun usadiozko bat

Non keinuak estropezuka baitabiltza

Urtean harat eta honat

Amodio hil batetik ez da geratzen

Oroitzapenik batere

Iraganak amore ematen du

Orainaldiak irentsirik

Eta denboraren itsasontziek

Zorrotz eta astiki

Urrunera dute eramaten

Amodio hil batek ez baitu uzten

Gugan haren potreta

Luzamendu azkengabearena

Egitate bat besterik ez da

Eternitateak ahantzi duena

Sophia de Mello
Itzulpena: Iñigo Roque
Irudia: Guido van der Werbe

Ontziola

Egurrak, oihal gihartsuen gisa,

sastre arotzen menera:

haritza branka eta korastarako;

akazia txarrantxetarako;

tapetarako pinua;

eukaliptoa zeinahi ataletarako.

Basoaren taupada,

itsasoaz ezjakin.

Eta sustraiak urrun,

lurrari lotutako aingurak,

haize-arrosari madarikazioka.

Miren Agur Meabe
Irudia: Arturs Kipsts

Txoriaren nolakoa

Ura zer den egarriak irakasten du.

Lurra — igarotako Itsasoak.

Bozkarioa — Saminaldiak —

Bakea — Batailen omenak —

Maitasuna, Lurpeak —

Txoriaren nolakoa, elurrak esaten du.

Emily Dickinson
Itzulpena: Angel Erro
Irudia: Aaron Burden