Anoeta

 Obabako lurraldean hazi nintzen, herri txiki batean, Anoetan, Gipuzkoa ahaztuan. Nire ume denborako oroitzapenak Anoetarekin lotuta daude. Sei urte bete arte, behinik behin; Tolosara bizitzera joan arte.

Alkizara zeraman bide bazterrean zegoen hiru solairuko etxe isolatu batean bizi ginen. Gure azpian etorkin familia bat bizi zen. Zuzenago esanda, bi familia bizi ziren elkarrekin; bietako bat, “con derecho a cocina”.

Alkizatik jaisten zen errekasto bat pasatzen zen etxearen aldamenetik: errekatxo deitzen genion. Gauetan ur-emariaren soinu gozoa entzun zitekeen ohetik.

Etxetik Anoetako erdigunera joateko, errementaritzan aritzen ziren etxe ondotik igaro behar zen; Arregitarrena. Hiru anaia ziren: Patxi, soinujolea, auzoko hauerrei solfeoko klaseak ematen zizkiena. Ni ere joan nintzen klasera, ez luzaroan ordea. Agian, gazteegia nintzelako edo belarri eskasa nuelako musikarako.

Telesforo zen beste anaia bat. Pilotaria, erremontean jokatzen zuen Donostiako Urumea pilotalekuan. Nire bizitzan ezagutu nuen lehendabiziko pilotaria. Gogoan dut bere irudia apeaderoan trenaren zain, Donostiara joateko. Esku batean egurrezko maletatxo bat; erremontean aritzeko zesta bestean.

Hirugarren anaia Kasto zen, behiei ferrak jartzen ibiltzen zena. Baliteke hiru anaiak ogibide horretan jardunak izatea, errementaritzan, urte asko joan dira eta xehetasunez ez naiz akordatzen.

Behin, bai, behi batek korrika ihes egin ziela  Mostoneko aldapatik gora. Hura festa!

Gure etxea Arregitarren etxetik 200 bat metrora zegoenez –tartean, labaderoa, arropak garbitzeko arraskak zeuden–, harreman handia genuen Arregitarrekin. Udaran, iluntzean, etxeko atarian aulkian eserita egoten ginen zeru oskarbira begira edo, lainoak bazeuden, zeren itxura zuten asmatzen aritzen ginen, jolasean. Batek, zera esango zuen, laino hark txakur baten buruaren antza zuela; beste batek, berriz, txori batena… Horrela pasatzen genituen udako gau ugari, denok lotara erretiratu arte.

Beste behin, Alkizatik behera, bizikletaz ziztu bizian zetorren auzoko mutil batek, bide erdian harrapatu ninduen. Balaztaren biraderak belarri ondoan jo eta seko geratu nintzen lurrean. Uste zuten hilda nengoela. Irurara eraman ninduten medikuarengana. Ez dakit zenbat egunetan eraman nuen bendatuta buru buelta osoa, begietaraino. Harrezkero, orbaina bat geratu zitzaidan eskumako belarriaren ondoan.

Auzo guztia belardiz eta soroz inguraturik zegoen. Artasoro batetik gindoazela, erori eta kanabera mutur batek esku-ahurra ireki zidan, bost bat zentimetrokoa. Amak hartu eta zuzenean Irurara, kura egitera. Negarrez ari nintzenez, medikuak esaten zidan isiltzen banintzen sabaitik zintzilika zegoen belaontzia opari egingo zidala. Ez zen sekula ailegatu belaontzirik etxera. 

Ordu laurden bat behar zen Anoetako erdigunera heltzeko baserri eta kale etxe solteak aldamenean utzita. Artean, etorkinen etorria indartu gabe zegoen; orduan hasiko zen, zeren eta coreano hitza jadanik ezaguna egiten zitzaidan.

Gurasoekin plazarantz gindoazela, soro batetik atera zitzaigun mutil gazte bat galdezka ea ikusi genituen bere gurasoak. Inguruko gehienak ezagunak ginen, eta nik bera eta bere gurasoak zeintzuk ziren ezagutzen nuenez. Galdera entzun bezain prest, barru-barrutik atera zitzaidan: “¿Quién, el de la pata de madera?” 

Izan ere, mutilaren aita gerran hanka bat galdutakoa baitzen.

Andereño Marisol genuen irakaslea, Tolosatik etortzen zena, klaseak gaztelaniaz ematen zizkiguna. Eskola publikoak ziren eta eraikina, solairu batekoa, plazaren gainaldean kokatuta zegoen. Artean, Anoetak zuen konfigurazio urbanistikoa, Euskal Herrian herri gehienek zutena bezalakoa zen; eliza hilerriarekin, udaletxea, eta pilotaleku irekia: frontisa eta ezkerpareta. Belardiz eta soroz inguratuta, Obabako herri guztiek antz handia zuten.

Oilo batek gaitza zuela eta, ume kuadrilla bildu ginen hegaztiaren atzetik, pilotalekuko ezker paretaren kontra preso harrapatu eta, hantxe, harrika aritu ginen oiloaren aurka, “gaitza” zeukalako.

Beste behin, eskale baten atzetik ibili ginen, harrika baita ere; herritik Guadalupe auzora eramaten zuen bidetik ihes egiten saiatzen zen bitartean, gu atzetik segika, harriak jaurtiz.

Alkizaranzko, bidezidorretik joaten ziren mandozainak mandoekin eta artzainak artaldeekin. Estuasun ederra pasa genuen behin, arreba eta biok, artalde baten atzetik abiatu, gehiegi urrundu eta etxerako bidea asmatu ezinik ibili ginenean. Garunean irarrita daukat ardien usain sarkorra.

Hego-haizeak jotzen zuenean eskolarako bidean, Arregitarren etxea alde batera utzi, Mostonetik gora, haizeak bizkarretik astinduta, eta Alkizatik behera, ama zenarekin gaztainak biltzen ibili eta gero, baserritar ezagun batekin topo egin eta belarrez betetako gurdi gainean, aldapan behera… ebaki berrriaren belarraren usain gozoa… Oi! Obabako egun ahaztezinak!

Bi urte geroago, zortzi urterekin, dagoeneko Tolosan bizi ginela, anaia Jexusmari eta biok trenez abiatu ginen Anoetara, Telesforok trena hartzen zuen apeaderoan jaisteko, pilotalekua helburu. Xistera bat zeraman anaiak besapean, zaharra oso. Poltsikoan pilota bat, aitak erabiltzen zuena pala motzean jokatzeko. 

Hamar urte lehenago, Martin Odriozola anoetarra, plazaren ondoan zegoen Goikoetxea baserrikoa, Habanara abiatu zen beste sei pilotari gazterekin batera, denak Tolosan ikasitakoak (ikusi Miel A. Elustondok egin zion elkarrizketa zoragarria erlea-9 aldizkarian).

Martin Ignazio Odriozola ez zen izan Anoetatik sortutako pilotari bakarra, xisteraz aritutakoa, alegia. Bere anaia batek ere, Agustinek (“Anoetako Txikito”), jarraitu zuen ibilbide beretik. Baita Mujika anaiak ere, Aranzabal izeneko beste bat edo Akaitz deitzen zioten beste bat. Hain justu, bizikletarekin harrapatu ninduena. Martin Zelaia ere anoetarra zen. Berarekin jokatuko nuen bost urte geroago, 1967an, Gipuzkoako Zesta-punta Txapelketa, Donostiako Urumea pilotalekuan.

Telesfororen seme bat, Tomas, hura ere ibili zen hainbat pilotalekutan munduan zehar. Pentsatzen jarrita, Obabako inguruetan sortuak dira xisteraz jardundako hamaika pilotari.

Pilotalekura hurbildu ginenean, kantxaren erdian, zer egin ez genekien. Artean, Tolosako Beotibarko zesta-punta eskolan hastear ginen. Ikusita geneuzkan mutilak jokatzen, besterik gabe. Moldatu zen anaia, hala moduz, eskua eskularruan sartu eta zinta batekin lotuta. Horixe izaten baita lehendabiziko ikasgaia. Anaia berez trebea zenez, lortu zuen pilota batzuk paretaren kontra jaurtitzea. Saio bat egin ondoren, nire txanda ailegatu zen. Betidanik baldar samarra izan naizenez, ez zen denbora asko pasa pilota bat frontisaren gainaldetik jaurtitzerako… 

Nazka-nazka eginda, artasoroan pilotaren bila denbora puska bat eman eta gero… iluntzen hasi zen. Ilunpeak hartu zituen mendiak eta soroak eta etxeratzeko tenorea iritsi zitzaigun. Bilaketa bertan behera utzi eta, apeaderora abiatu ginen. Batetik, pozez gainezka; bestetik, kezkatuta oso, aitaren errietaren beldur; hain justu, pilotarik gabe itzultzen ginelako.