Iritsiko al dira 22ra?

Sekulako jipoia ematen ari zitzaion Altuna III.a Dariori Tolosako Beotibar pilotalekuan, Lau eta Erdiko txapelketa jokoan.
Partida hasi bezain pronto, 20 tanto egin zituen Altuna III.ak jarraian. Deseroso sentitzen ari nintzen partidaren norabidea ikusita.

Ez ahal du egingo tantoren bat, nire artean. Bakar bat bederen. 0 itsusi hori alde batera utziz.
Halako batean, lortu zuen Dariok tanto bat egitea; beste bat segidan.
A zer lasaitasuna!
Markagailuak 20 eta 0 seinalatzen zuen. Handik gutxira 22 eta 3. Sufrimenduaren bukaera?
Lur jota egon behar du, pentsatu nuen. Aurretik partida ondo prestatu, ilusio handiz, konfidantzaz gainezka kantxaratu eta, derrepente, dena pikutara doala sentitzen duzu. Jarraitzaile eta familia osoaren aurrean.

Ezagutzen dut sentsazio mingots hori. Ez porrotarena, azken finean, porrot ugari izaten direlako pilotari baten ibilbidean; baizik eta, erradikularena, lotsarena, jipoi handienen estatistikara pasatzea. Inoiz ahaztuko ez duzun emaitza. Gogorra da, oso ankerra.

Dario, ordea, gizon elegantea da. Kameren aurrean ez zen ezkutatu. Duinak bere adierazpenak ETBko kazetariaren galderei erantzutean.
“Gauza okerragoak badaude. Min gehio ematen dit nire familiarengatik eta animatzen nauen jendearengatik. Nik baino gehiago sufritu dute”.

Altuna III.a ere, deseroso azaldu zen kameren aurrean adierazpenak egiterakoan. Errukituta halako astindua emateagatik.
Erantzunen arabera, ematen zuen Dariok hobeto ulertzen duela kirola zer den, Jokin Altunak baino.

Kalean hurbildu zait pertsona bat galdezka ea Zulaika naizen. Hizketan hasi gara. Ume denborako auzokideak Tolosan, lanak izan ditut orain dela 55 urteko kontuak freskatzen. Non bizi zen eta zer familiatakoa. Eskolapioetan elkarrekin ibilitakoak.

Kafe bat hartzera gonbidatu dut. Pilota, zesta-punta zale amorratua omen. Ikusi nauela telebistan, erreportaje batean edo bestean. Bere bizitzaz galdetu diot.

Kontatzen hasi bezain prest, tantoak galtzen joan da, errenkadan. Noraezean ibilitakoa munduan zehar: Londresen, Italian, Australian nahiz Indian. Larre motzean beti, bakardadeak inguratuta. Sosik gabe, hala moduz bizitzen. Baita Euskal Herrian ere.

Gauza batzuk ezin dizkidala kontatu, baina kontatu dizkidanak deseroso sentiarazi naute, partidak aurrera egin ahala. Dario eta Altunaren neurketaren aurrean bezala sentitu naiz.

Ez da samurra de calle galtzen ikustea norbait. Nire begien aurrean nuen Vascos por el mundon inoiz ikusiko ez duzuen norbait. Nahiz bera ere munduan zehar ibili euskalduntasunaz harro sentituz.

Despeditu garenean, ukituta nengoen, Altuna III.a bezala. Ez dut kalibratu bizitzea zer den. Beti ez dela 22ra ailegatzen. Batzuetan, hiru tanto soilik ez direla egiten.
Berak, ordea, Darioren itxura zuen. Onartuta dauka tokatu zaiona, eta aurrera egin behar duela. Baditu egitasmo batzuk, idatzi, argazkigintza…
Dariok ere bi-bitako txapelketa du begiz jota. Buru-belarri nahi du prestatu.
Iritsiko al dira 22ra?