Gargantuaren zain

Garai bateko esku-huskako pilota modalitateak —enpresa-partidetan oinarrituta, apustua negozioaren bizkarrezurra izaki, hierarkiatan sailkatuta— fabrika baten usaina zuen.

Gazteek debuta egin ahala, apurka-apurka, urteen poderioz gora egiten zuten, kategoriak sortuz: primerakoak, segundakoak eta tertzerakoak.

Kantxatik at, pilotaria libre zen bere bizitza egiteko. Erantzukizuna, enpresarekiko eta zaleekiko, kantxako jarduerarekin lotuta zegoen soilik. Fabrikako lanak bukatu ostean, libre. Pilotariak kirolari baten itxura baino, langile batena zuen.

Errotik aldatu da egoera joan deneko 30 urteetan telebistak aginte makila hartu ondoren. Bai finantziazioari dagokionez, baita exijentzia maila parte hartzaileei dagokienez ere.
Telebistaren eraginaz, langile zirenak kirolariak bilakatu dira, beste edozein kirolaren pareko kirolari homologatuak.

Modernitate horrek, komunikabideak medio, aldaketa nabarmenak ekarri zituen berehala. Gaztetu egin ziren koadroak, gero eta beterano gutxiago eta gero eta aurpegi berri gehiago kantxetan.

Sistema berrian txapelketak dira negozioaren muina, urte osoan gainera: binaka, banaka ala lau t`erdian. Bestelako partidak, enpresakoak, inongo erakargarritasunik gabeak, ezpada udaran, herriko festetan.

Txapelketek elite baten sorrera dakarte, exijentzia maila, haatik, goren-gorenekoa. Hautatuak errendimenduaren arabera izaten dira, mementoko jokoak du garrantzia; ez izenak edo izanak.

Kotizazioa, kontratu berriak, elitearekin lotuta daude. Babak txapelketen lapikoan egosten dira.

Sistema zaharrean pilotaria, enpresa-partidetan eroso bizi zen, entrenatu ala ez. Errendimendua, intendentearen esku neurri batean. Derrepente, etenik gabeko erakusleihoan ageri da, profesional bilakatu da, erabatekoa.

Telebistaren fokuen azpian ari den pilotari berria, lehia basatian murgiltzen da, eta honek ondorioak ekarriko dizkio.
Pilotariak aurpegia eman behar du une oro. Lortutako balentriak ahaztu egiten dira biharamunean, estatistiken kaxoian gordetzen dira. Berriro hasi beharra, zerotik. Denboraldiz-denboraldi, sekulako estresa sortzen du.
Kirolarien zaurgarritasuna agerian geratzen da.
Ikustekoak dira egungo esku-huskako pilotarien entrenamenduak —prestaketa fisikoaz ari naiz—. Olinpiar jokoetan parte hartuko dutenen parekoa dela esango nuke.

Goi mailan aritzeak edo ailegatu nahiak higadura dakar, jasanezina batzuentzat. Bolo-bolo dabil arlo psikologikoaren eragina pilotan ere; natural-natural hitz egiten da horretaz. Zergatik?
Kirol modernoan elitera ailegatu eta bertan egonkortu nahi duten guztiek baldintza batzuk bete behar dituzte.

Genetikoki egokiak izatea. 2. Muturreko entrenamenduak burutzea. 3. Burua, psikologikoki, ondo prestatuta edukitzea. 4. Lesioekin zorte ona izatea.
Kirol modernoan lehiakor izan nahi duen lehiakideak jakin behar du edozein mementotan Gargantua agertuko zaiola.