Bakardadean

Dania, Florida (AEB)

Uberrak etxe eder baten atarian utzi ninduen, txoferrak esanez: “Hau da helbidea”. Kanpotik ederra bazen, behin barruan sentsazio bera. Sukaldea eta egongela izugarri handiak, mostradore baten bitartez bereiziak. Izkina batean adineko gizon bat eserita gurditxo batean, buruan kapela eta galtzamotzetan.

Aurrez aurre nuen Luis Etxaniz, Etxaniz I.a, 73 urteko azkoitiarra, Habanako Jai-Alai ospetsuan 1950eko hamarkadan atzelari onena izandako pilotaria.

Banuen, bai, grina berarekin hitz egiteko. Beraren ezpainetatik hainbat istorio entzuteko. Non hasi zen zesta-puntaz ikasten; debuta non eta gailurrera nola iritsi zen, besteak beste. Orri batzuk beteko nituela sartu nintzen etxean. Jakinaren gainean nengoen osasunez pattal zebilela, aste gutxi batzuk lehenago ospitaletik pasatuta; halere, esku hutsik ez nintzela aterako konbentzituta nengoen.

“Papa”, esan zion atea ireki zidan gazteak, Charly izeneko semeak, “elkarrizketa bat egingo dizute”, eguna alaitzeko balio zezakeen tonua erabiliz. Aita, berriz, niri begira geratu zen, mutu.
Galdera sorta nuen buruan. Banekien Tolosan ikasi zuela pilotan; 17 urterekin Habanara joan zela, eta, urte gutxi barru, onena izan zela, Fidelek (Castro) pilotalekua itxi arte. Hortik urruti, ezer gutxi nekien Luis Etxanizi buruz. Leku egokian nengoen, beraz.

Galdeketarekin hasi nintzen, baina trukean monosilaboak soilik jasotzen nituen. Ez nuen hori espero. Halako batean, Charlyk, paella plater bat eskuratu zidan. Aitari ere eskaintzen zion bitartean. “Ez, goserik ez zuela”, erantzun zion. Azkura zuela bizkarrean, esan zion semeari; faborez igurtzi batzuk emateko erregutu zion.

Gurditxoan zegoen gizonak berearekin jarraitu zuen, monosilaboekin, galderen trukean; eta ezpainetan, irribarre txiki batekin. Ohartuko zen semea zer gertatzen ari zen. Halako batean, koaderno bat eta egunkarietako paper mutur batzuekin agertu zen, mahai gainean utziz. Material polita, nire artean. Zerbait aterako dut kronika horietatik. Koaderno txukun hartan agertzen ziren Etxaniz I.ak Habanan jokatutako partida guztiak, emaitzak ere bai. Gero jakin nuen Egurbidek oparitu ziola.

Esku artean nuen harribitxiak azalduko zidan zein izan zen azkoitiarraren pilotari maila. Gainbegiratu batekin ohartu nintzen berari buruz esandakoak egiak zirela. Izen handikoen artean, bera izan zela izar nagusia.

Agur esateko ordua iritsi zen. Ez nintzen eroso sentitzen hitz gutxiko gizonaren aurrean. Gurditxoan eserita ordu asko ematen dituelako edo, azkura zuela esaten zion behin eta berriro semeari, igortzeko erregutzen zion bitartean. Ez nuen nahi molestatu.

Uber aplikazioa erabiliz, abisua jaso nuen ordu laurden batean auto bat izango nuela etxe atarian.
Alde egin aurretik okurritu zitzaidan galdetzea ea zer moduz moldatzen zen euskaraz. Izan ere, Luis Etxaniz 17 urterekin Azkoititik irten, eta aste gutxi batzuk baino ez ditu pasatu sorterrian. Askori gertatu zaien bezala, ahaztu edo erraztasuna galdu izanak erdarara bultzatzen dituela.

Iturri bateko txorrota ireki izan banu bezala, orduan hasi zen hizketan. Alargun geratu zela esan zidan. “Zoaz, zoaz nire aurretik, gustura ez bazaude, esaten zion emazte zenari”.

Habanan ezagutu zuen Alejandrina. Ezkontza ederra antolatu zutela. Etxe bat ere erosi omen zuen Habanan. Egurbiderekin bizi zen han, ezkondu arte. Anaiak bezala direla. Beti elkarrekin.

900 dolar partida bakoitzeko kobratzen zuela. Diru asko. Etxe bat alokatzea 50 dolar kostatzen zenean. Bizimodua merkea zen Habanan.
Alejandrinarekin etxeko balkoian zeudela ikusi zituzten errebeldeak kaletik pasatzen, hirian sartu berriak. Handik denbora gutxira maletak egin eta Floridara abiatu ziren, Daniako pilotalekuan zortzi denboralditan jokatu omen zuen.

“Aizu, Luis, eta nola hasi zinen puntaz jokatzen azkoitiarra izanik, eskuzko pilotarien sorlekukoa?”

“Bai, aita eta osaba Santi eskuzko pilotariak izan ziren. Aita bigarren mailako txapelduna izatera iritsi zen. Baita ere Atano III.aren kontra jokatu.
Ezkonberrietan, gurasoak Bartzelonara joan ziren, eztei-bidaietan. Han ikusi omen zuen nola bizi ziren zesta-puntako pilotariak, soinean zeramaten harribitxiak.

Luis semea koskortzen hasi zenenean, esan zion aitak: “Hasi hadi puntaz ikasten, hemen (eskuz) ez zegok dirurik”.

Etxeko negozioan lagunduz gaindi —aitak Lizarza ile-apaindegiaren jabea zen— Azkoititik Tolosara joaten hasi zen astean hirutan. Autobusa hartu eta Errezil barrena, bihurgunez jositako bide gaizto batetik, ordubete pasatxo, Tolosara iristen ziren bera eta beste herriko-seme bat: Migel Isuskiza, “Azkoitia” izenarekin jokatuko zuena Miamiko pilotalekuan.

17 urterekin, hiru urteko kontratua eskaini zioten Habanan jokatzeko. Lehendabizi Habana-Madrid pilotaleku txikian (33 metroko kantxan). Luis beste sei lankideekin batera atera zen Tolosako Beotibar eskolatik Habanarantz; gipuzkoarrak denak, Jose Antonio Egurbide mutrikuarra ere tartean zela.

Debuta egin eta gero, Etxanizek eta Egurbidek berehala hasi ziren nabarmentzen. Urtebete pasatu zenean, Jai-Alaiko intendente zenak, Egiluzek, “El Palacio de los Gritos-en” jokatzeko aukera eman zien. Sekulako urratsa gailurrera heltzeko.

Ezin dut galdera saihestu. “Aizu, Luis. Zuk eskuinaz bakarrik jokatzen zenuen (errebesez edo zeharka apenas ez), nolatan 64 metroko kantxa batean moldatzen zinen?”

“Ikaragarria zen nirea. Lehenengo tantotik hasi eta 30 arte, eskuinaz.
“Matadera” deitzen zioten pilotariek Jai-Alaiko kantxa luzeari.
“Hil arte, eskuinaz”.

Atzelari onena izatera iristea sinestezina egiten zait, nire begien aurrean ez banu ikusi zer konbinaziotan parte hartu zuen azkoitiarrak. Sei bat urte iraun zuen Etxanizek tontorrean. Aurkariek pilota berria, motelena, ateratzen zioten behin eta berriro. Besoa erori zitzaion arte. Oker-oker eginda geratu zitzaion besoa.

Habanatik irten zenean, derrigorrez, Danian, Daytonan (Florida) eta Tijuanan (Mexiko) aritu zen jokatzen. Errebesez ikasi zuen, baina ezta hurrik eman ere izan zenarekin.

Erretiroa hartu eta gero, intendente lanetan aritu zen Ocala eta Fort Pierceko (Florida) pilotalekuetan.

Anaia batek ere, Santik, lau urte gazteagoa bera, jarraitu zuen Luisen bide beretik. Ez Habanan; bai, ordea, Floridako frontoietan.

Baita bi semeak ere, berarekin bizi direnak, Charly eta Joseph. Danian eta Tampan jokatzen aritutakoak.

Etxetik ez da ateratzen, ez bada Egurbide etortzen Connecticutetik eta bazkaltzera eramaten duen. Orain dela aste batzuk bezala.
“Aspaldian izan nuen egun zoriontsuena”.