Erik

Tantoa egin du eta sakea egitera abiatu da. Ibiltzeko nagiz, oinak arrastaka. Badirudi onenak emandako pilotaria dela eta, edozein momentutan, erretiroa hartuko duela.
Ezagutzen ez duenari ziria sartuko dio. Ez aurkariari, ordea; aurrelaria bada, are gutxiago.
Eszena erabat aldatzen da sakea egin eta tximista bezala korrika abiatzen denean aurreko koadrorantz, zabalera edo txokora, nahieran.
Hamarretik zortzi harrapatzen ditu kontrarioak botatako erremateak. Hain bizkorra da!
Ez zangoak soilik, bista eta kolokazioa ere apartekoak ditu. Badirudi GPS txip bat daramala bi begien artean.
Trakets itxura horren barruan depredadore krudela ezkutatzen da. Arranoak atzaparrak untxiaren lepoan jartzen dituenean bezala, goitik behera ziztu bizian hegaldatu eta gero, Erikek —Izena Erik baitu. Erik Mendizabal, 37 urte duen mutrikuarra. Hainbat urtetan jaun eta jabe Daniako Jai-Alai pilotalekuan— behin pilota xisteraren barruan duenean, labankada jaurtiko dio aurkariari erraietara, txiki-txiki uzteko.
Urte eta erdi zeraman inon jokatu gabe. Berriro agertu da kantxan. Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan, Jai-Alive enpresaren eskutik. Eta dagoeneko Grand-Slameko finalerdietarako sailkatu da Erik; Lekerika lagun duela.
Danian (Florida) ikusi nuen jokatzen egunero, zortzi astez. Bere jokoa deskribatzeko euri-langarra etortzen zitzaidan gogora. Konturatu orduko, blai eginda uzten zaitu. Ematen du ez duela ezer egiten, ez jokorik, ez ezer. Baina eguna joan eguna etorri, kiniela bat bestearen atzetik, bere nagusitasunak ez zuen parekorik.
Pilotari izandakooi, niri behinik behin, gertatzen zaidana da konparazioak egiten hasten naizela, nahi gabe, erreferentzien bila aritu behar… Bazen harmailetan Steve izeneko jai-alaizale amorratua, azken 45 urteetan Floridatik pasatako puntista guztiak ezagutzen zituena.
Behin galdetu nion ea Erik ikusten zuen Miamin jokatzen, duela 40 urte, pilotari on haien artean, izarrez jositako koadroan. Baietz, erantzun zidan. Zalantzarik gabe.
“He´s got all the tools”, esan zidan. Erreminta guztiak dituela Erikek, alegia.
Izan ere, Eriken jokoak “suitzar labana” bat dirudi. Segun eta zertarako behar duzun, estuasunetik aterako zaitu. Den dena egiten baitu ondo Erikek.
Ez da jotzailea, baina pilota atzera jaurtitzen du erraztasun osoz. Altuna III.ak eskuz egiten duen bezala.
Behartu gabeko pilotak, nekez galtzen ditu. Pilotak punpa arraroa egiten duela, ez du ustekabean harrapatuko. Gauza bera pilota erreboteko hormatik datorrenean eta motz edo luze gelditzen zaionean. Zuzenduko du postura azken unean eta, gutxi balitz, ez du bere burua salduta utziko.
Berri ona zesta-puntarentzat Eriken berragerpena. Arerioak, ordea, bekozkoa zimurtzen hasiak dira.