Badaranen

Zer dute amankomunean Philippe Carricartek (Lakarra, Nafarroa Beherea, 1966) eta Carlos Gabarrik, “Gabarri II” (Badaran, Errioxa, 1959)?

Biak esku-huskako pilotariak izan zirela? Bai.
Carricart Iparraldeko plazetan txapeldun handia izan zen hainbat urtetan. Gabarri, berriz, Errioxa eta Hego Euskal Herriko plazetan, profesionaletan bi urte eman zituen erretira hartu arte artzain ebanjeliko bilakatzeko.

Ez zuten elkarren berri joan den igandea arte, ekainak 18. Biek, beste 94 lagunekin batera, egun-pasa ederra izan zuten Badarango herrian, Errioxan.

Pilotarien Batzarrak urtero ospatzen du festa nagusia lurralde ezberdin batean, aurten Errioxari zegokion antolakuntza. Pandemiarengatik, 2019a ezkero ez zen ospatu. Labastidan (Araba) izan zen azkenekoa.

Iparraldean Pilotarien Biltzarra dute; Hegoaldean Pilotarien Batzarra dugu. Anai-arrebak, etxekonekoak baina bakoitza bere sukaldean. Bazkideak: pilotari ohiak eta pilotazaleak nahastuta sail berean.
Hegoaldeko Pilotarien Batzarra duela 38 urte sortu zen. Ilea urdindu eta burua soildu zaigu. Gaur egun ez gara ailegatzen 300 lagunera kuota ordaintzen dugunok; hain zuzen, 20 eurokoa urtean. Huskeria, baina batek daki zer arrazoirengatik: ezezagutua delako behar bada, jendeak atzera egiten du kontu korronteko zenbakia eskatzen zaionean. Kostata lortzen ditugu bazkide berriak.
Agian, errua mezulariaren baitan datza.
Zertarako halako elkarterik? galdetuko du batek baino gehiagok.

Adineko jendea biltzeko eta urtean behin bazkari eder bat egiteko?
Baita hori ere! Baina bada zerbait gehiago.
Euskal pilotak, jokamolde guztiak hartuta, herrialde ezberdinak bateratzen ditu. Mugak hautsiz, bakoitza bere hizkuntzan
Badira alor batzuetan horri sports diplomacy deitzen diotenak. Donostian, urrutira jo gabe, ekainaren 28 eta 29an, World Congress, nazioarteko kongresu bat burutuko da Miramar Jauregian, eta punta puntako adituak etorriko dira atzerritik, kirola eta diplomazia uztartuz. Oso garrantzitsua omen bien arteko lotura. Kirola eta diplomazia.

Batek daki noiztik ari diren euskal piloten jokoak diplomazia lanak egiten, jende desberdina batzen.

Agian, horregatik jaio zen Pilotarien Batzarra orain 38 urte. Enbaxadore lanak eginez diplomazia sustatzeko, besteak beste.

Ikusi egin behar zen ekainaren 18an Badaranen Carricart eta Gabarri II.a solasean. Baxenafarra gaztelaniaz poliki; errioxarra, artzain ebanjelikoa, suelto-suelto bere hizkuntzan. Pilota zuten hizpide; ez ardi gazta edo mahastiak. Jainkoa behin ere ez zuen aipatu Gabarrik.
Badaranen jai giroan omenaldia egin zitzaien lurralde ezberdineko pilotaren alde lan handia egindakoei; 12 lagun, batez beste. Bakarren bat Kataluniatik etorria, Madrildik edo Asturiastik. Baita Estatu Batuetatik, oporretan zeudela probetxua atereaz.
Elkarte xumea da Pilotarien Batzarra, baliabide gutxikoa, baina izpiritua, izatea, sortu zuena bera du.
Carricart eta Gabarri bezalako bi pilotari ohik elkartzen segitzen duten bitartean, etorkizuna bermatuta dago. Diplomazia lanetan buru belarri jarraituko dugu.