Enekoitz Esnaola

Hilabetea: urtarrila 2016 (Page 1 of 2)

Juan Karlos Izagirre, post scriptum (eta III)

(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– hirugarren eta azken post scriptum-a, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaz, inaugurazio ekitaldi nagusiaren bezperan). Izagirrek dio Itziar Nogerasek 2014ko apirilean zuzendari kargua utzi zuenean Donostia 2016 “kolokan” egon zela. Orduan hartu (behar izan) zuten zuzendari ez-euskaldun bat: Pablo Berastegi. Kontu haiez mintzo da Izagirre: “Donostia 2016an atera diren lanpostu guzti-guztietan euskara eskatu zen. Eta bilera guzti-guztiak euskaraz egiten ziren, bai instituzionalak –Espainiako Gobernukoak sartu ziren arte–, bai langileekin egindakoak. Itziar Nogeras zuzendariak egun batetik bestera dimisioa eman zuen, eta krisi potoloa genuen. Esango genuke Donostia 2016 orduan benetan egon zela kolokan. Soslai berria zehaztean, guk genioen zuzendari berriak ere euskalduna izan behar zuela, baina Jaurlaritzak eta Madrilek zioten proiektuaren krisia zela-eta horrek arriskuak zekartzala. Beraz, erabaki genuen Bruselaren irizpideak segitzea. Bruselak esan zuen zuzendariak, esperientzia izateaz gain, jakin behar zuen hizkuntza bakarra ingelesa zela, eta hortik aurrera baloratuko zirela euskara eta gaztelera. Deialdiak Europa mailakoa izan behar zuela ere bazioen Bruselak. Hizkuntza irizpide haien berri euskalgintzako eragileei hasieratik eman genien. Azken hiru finalisten artean ez zegoen euskaldunik, eta guk hirurak ohartarazi genituen, lana non egingo zuten esanez eta galdetu genien zer suposatzen zuen horrek beraientzat. Sentsibilitatea erakutsi zuten. Haien artean zegoen Pablo Berastegi, eta hark irabazi zuen”.♦


Oharra (2016-01-25).
Irakurle batek  bidalia: “Joan den larunbatean Viktoria Eugenian izan nintzen, Donostia 2016ko ekitaldi ofizialean, eta Espainaiko Kultura ministroak euskara gehiago erabili zuen Pablo Berastegik baino. Harrapazak!”.

Juan Karlos Izagirre, post scriptum (II)

(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– bigarren post scriptum-a). 1979tik aurrera eta Izagirre baino lehenago, Jesus Maria Alkain zena, Ramon Labaien zena, Xabier Albistur eta Odon Elorza izan ziren Donostiako alkateak, eta Izagirrek dio bere agintaldian harremanik onena Labaienekin izan zuela. “Gertutasun handia izan nuen harekin, eta oso harreman ona. Alkate zen garaian ere, Igeldo herritzat zeukan hark”.  1983-1987 artean izan zen alkate Labaien, EAJtik.

1983ko azaroan, ordurako karguan zegoela, EAJk Sabino Aranaren heriotzaren 80. urteurreneko ekitaldi bat antolatu zuen Donostian, eta Labaien ere mintzatu zen: “Sabino Aranak ikusten zuen sozialisten arriskua: euskal nazioaren kontzeptua desegiteko masak erabiltzeko profesionalak zirela”.♦

Juan Karlos Izagirre, post scriptum (I)

(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– lehen post scriptum-a). Historikoa izan zen hark 2011n Donostiako alkate postua lortzea, ezker abertzaleak –kasu hartan Bildu koalizioaren bidez– hiriburu batean zeukan estreinako alkatea zelako. Izagirrek ez zuen aipatzen ezker abertzaleko alkatea zenik; Bildukoa zela esaten zuen. Orain Iruñean Joseba Asiron (EH Bildu) den bezala. Asironenak ere badu historikotik, Iruñeak daukan pisu eta sinbologiatik. Izagirrek dio biak hurrengo astean “bilera serio bat” egitekoak direla esperientziak partekatzeko. Donostiako alkate ohiak ikusten du diferentzi nabarmen bat: “Iruñean EH Bilduk beste udal talde batzuekin batera gehiengo osoa du, eta gobernu akordioa daukate. Gauzak aurrera ateratzeko aukera ziurtatzen dio horrek Asironi. Gu, aldiz, gutxiengoan geunden, eta oposizioko taldeek birrindu egiten gintuzten, inolako logikarik gabe. Horrek pixkanaka desgaste bat dakarkie alkateari eta gobernu taldeari”. Abisu bat eman du, halaber, Izagirrek: “Udaletxetik aparte, Donostian eta Gipuzkoan zeuden bezala, Iruñean eta Nafarroan ere badira botere faktikoak, urteetan sare bat osatu dute. Euren interesengatik gustukoa ez zen udal gobernuaren aurkako izugarrizko lana egin zuten gurean, eta Iruñean ere egingo dute legealdi honetan”. Aholku txiki bat ere badu emateko: Asiron ere koalizio bateko kidea den arren, izan behar duela haren diziplina pean erabat ez aritzeko marjena eta baliatu behar duela hori.♦

Urte eta erdi bat

Euskal estatus politikoaz, sinbolikoki badaere, erabakitzen hasteko urtea da 2016a Euskal Herrian. Oraingoz publiko egin denez behintzat, Azpeitian egingo dute urteko lehen kontsulta: ekainaren 12an. Galdera: “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?”. Gipuzkoako aurrena izango da, eta 10.000 biztanletik gorako estreinakoa –14.600 biztanle inguru dauzka–. Orain arte Etxarri Aranatzen –Nafarroa; 2.400 biztanle– eta Arrankudiagan –Bizkaia; 950– egin dira, biak 2014an –apirilean eta azaroan–. Beraz, azkenekotik Azpeitikoa, urte eta erdi pasara. Ez ote den denbora on bat galdu, horixe galdera edo kezka. Kontua ere ez da mimetismoz aritzea, baina Katalunian estatuari / independentziari buruzko lehen herri galdeketa 2009ko irailean egin zuten, Arenys de Munten, eta hiru hilabetera beste 167 herritan egin zituzten. Eta urte eta erdi pasatxoan –2011ko apirilera arte–, 554 guztira. Kataluniako politika baldintzatu zuen faktoreetako bat izan zen kontsultena. Euskal Herrian, batez ere EAEn, hango tempusen arabera, urte eta erdi bat badago politikan eragiteko edo baldintzatzeko, batzuei mugimendu sozialek halakorik egitea gustatu ez arren. EAEn hasi dira estatutu berri baten oinarri politikoak mahai gainean jartzen, baina urrian izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak –aurreratu ezean–, eta ordura artean ez da estatuturik izango, ezta, ematen duenez, testu artikulaturik ere. Gabonetan legoke Jaurlaritzako lehendakaria, ondoren gobernua, 2017 hasieran abian erkidegoko legebiltzarra, ondoren ustez berriro martxan autogobernu lantaldea eta haren prozesua… Ezusterik ezean, 2017 bukaerarako ez legoke bederen EAEko estatutu berririk –eta, gainera, kontuan hartu beharko dira Madrilen jarrera eta Kataluniako prozesua zertan diren ere–. Gutxienez, urte eta erdi bat bada herri galdeketekin behetik gora indar bat egiteko.♦

Bigarren partea

BERRIAko analisiaren (2016-01-14) laburpena: Sorturenak Espainiako legedia betetzen zuten estatutuak ziren; sobran bete ere. Lortu zuen estatuaren legeztapena, 2012ko ekainean. Bidea erakutsi zuen. ETAren 2011ko urriko erabaki historikotik aurrera Espainiarekin gatazkaren ondorioez aritzeko ahalegina antzua izan ondoren, 2013ko uda hasieran elkarrizketa adierazgarri bat eman zuen Iñigo Iruinek BERRIAn euskal presoek jorratu beharrekoaz. “Oso kontuan hartu behar du zein diren egungo legezko baldintzak eta baldintza juridikoak”. 2013ko abenduan etorri zen EPPKren adierazpena: kolektiboko presoak prest zeuden Espainiako lege baliabideak erabiltzeko; gainera, aitortu zuten “eragindako sufrimendua eta mina”. Emaitzarik ez, estatuak itxita jarraitu baitu. Estrategia haren bigarren partea dator orain, Rufi Etxeberriak herenegun Iruñeko hitzaldi batean esandakotik aurreikusi ahal denez. Dena dela, dagokien tokian idatziak aurkeztean komeniko litzateke presoek aurreko aldian baino gardentasun handiagoa izatea. Sortuk estatutu deseroso haiek publiko egin zituen, denek jakiteko moduan.♦

Presoak eta presak

BERRIAko analisiaren (2016-01-10) laburpenaGatazka armatuaren garairik gogorrenetan eta haien ondorengo prozesuetan euskal presoen auzia agendan egon zen, gehiago edo gutxiago. Aldiz, ETAk 2011ko urrian borroka armatua bukatutzat eman bazuen ere, presoen auzia ez dago agendan. Erantzule dira Espainiako eta Frantziako estatuak; haiek dituzte espetxeetako giltzak. Gainera, atzerapausoak egin dituzte bakearen urteotan, batik bat Espainiak. Baina Madril oso lasai egon da, euskal gizarteak ez baitio presio eraginkorrik egin, mobilizazioak mobilizazio. EAJk badu erantzukizun historikorik honetan guztian. EAJk ez du presorik, eta presarik ere ez. Esaten du, gainera: ezker abertzalearen arazoa da presoena. Ezker abertzaleak ere badu erantzukinik. Baditu presoak, eta badu presarik gatazkaren parte humano hori konpontzeko eta, ondorioz, bere proiektu politikorako bidea zabaltzeko. Itotzen ari da, eta gatazkaren ondorioetan haren aldetik erabaki berri eta handien garaia heldu dela barruntatu ahal da. Erne gizartearen indiferentziarekin.♦

Pedro Sanchez+ balego

Portugalgo lehen ministroari egindako bisita esanguratsuan Pedro Sanchezek adierazi du han bezala gobernu “progresista” bat eratzeko asmoa duela –ikusiko dugu utziko dioten PSOEn bertan–. Iazko otsailean Lizarrustin Jesus Egigurenen eta Karlos Ioldiren arteko juntadizoa egin genuenean, mendi bueltaxka bat egitera abiatu aurretik aterpetxean salda bat hartzen ari ginela Pablo Iglesias agertu zen telebistan, eta Egigurenek zioen bere iritzian Sanchez izango dela Espainiako hurrengo presidentea, “hauek [Podemos] ez direlako gure aurretik geratuko”. Haren teoriaren arabera, euskal presoen auzian balegoke aurrerabiderik PSOEko gobernuburu batekin. “Presoen kontua nik uste dagoeneko estatu normal batean konponduta legokeela. Presidente berriak —jo dezagun Pedro Sanchez dela—, kargura iristeko, baten baten edo batzuen babesa beharko du, eta, dudarik gabe, [presoen] kontu honi kasu egiteko eskatuko diote. (…) Aldaketa bat izango da, ez beharbada formala eta aitortutakoa, baina egongo da zerbait”.

Gobernu hori balego, ezker abertzaleak modu inteligentean jokatu beharko luke. Hau da, eskakizun eta forma aldetik, suabe. Hor dabiltzanek diote.♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑