Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 1 of 31)

Aiete, 10 urte (VI). PSOEren agerraldia

PSOEk ere egin du ETAren jarduera armatuaren betiko bukaeraren 10. urteurreneko ekitaldia, gaur, Gernikako juntetxean. Honatx hiru apunte. 1: orain hamar urte Zapateroren gobernuak, PSOEk eta Lopezen Jaurlaritzak ez zuten agerraldi solemne bat egiteko aukerarik izan, ETAren jakinarazpenetik bi astera hasi baitzen Gorteetarako hauteskunde kanpaina, alderdi sozialista gainbeheran zela. Egigurenek maiz adierazi du ez zutela kapitalizatu ETAren amaiera —sozialistentzat, 2011ko hura izan zen amaiera, ez 2018koa, desegitea—. Gaur Mendiak bere hitzaldiaren hasieran esan du Zapatero dela “bakearen presidentea” eta Lopez “bakearen lehendakaria”. Ondoan zeuzkan biak. 2: Zapaterok bere hitzaldian dozena erdi bat aldiz begiratu dio Egigureni —ezkerretara zeukan, sei-zortzi metrora—. Estimu handitan du. PSEk eta PSOEk, ordea, urteetan ez dute ondo tratatu izan. Badirudi ari dela etxekoen erabateko aitortza jasotzen. 3: ezker independentistak espero zuen Zapaterok Gernikan zerbait esatea beraien atzoko adierazpenaz. Zapaterok hitzaldian ez du deus esan, baina bai gero hedabideak hartu dituenean. Arraro samar geratu da gobernuburu ohi batek halako agerraldi solemne baten ondoren kanutazoa delakoa egitea, baina ematen zuen berak bilatu duela Otegiren-eta adierazpenak “garrantzi handia” duela esateko.♦

[aurreko egunetako artikuluak, behean]

Continue reading

Zapateroren elkarrizketaren bilduma

Lehengo larunbatean argitaratu genuen BERRIAn Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiari egindako elkarrizketa. Izan du oihartzunik, datuen arabera: irakurtaldiak, mezuak eta aipamenak, beste bi hizkuntzetan atera dute, euskal eta nazioarteko pertsonalitate garrantzitsuek jaso dute… Eskerrik asko denei! Honatx bilduma:

Josu Urrutikoetxearen elkarrizketaren bilduma

Gaur zortzi atera genuen BERRIAn Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari Parisen egindako elkarrizketa. Izan du oihartzunik, datuen arabera: irakurtaldiak, mezuak eta aipamenak, beste bost hizkuntzatara itzuli dute, euskal eta nazioarteko pertsonalitate garrantzitsuek jaso dute, Efe agentziak zabaldu zuen, Euskadi Irratian elkarrizketa… Eskerrik asko denei! Honatx bilduma:

Josu Urrutikoetxearen elkarrizketaren inguruabarrak

Pasa den uztailaren 1ean Frantziako Dei Auzitegiak baldintzekin libre uzteko erabakiaren berri eman ondoren lotu zuen BERRIAk Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiaren elkarrizketa, udazken honetan egiteko, Frantziaren bi epaiketen garaian. Gero, COVID-19aren konfinamenduagatik, atzora arte luzatu zen. Eta atzo, hitzordua arratsaldeko hirurak eta hamar aldera zen, Paris hiriguneko hotel txiki batean. Garaiz ailegatu zen Urrutikoetxea: praka bakeroak, jertse beltza, beroki grisa eta motxila txiki urdina. Eta kapela, betaurrekoak eta maskara. Ezagun zitzaion ingurua, tarteka han paretik pasatzen delako kirola egiten, lasterka. Hilaren 24an, 70 urte beteko ditu. ETAko kidea zela-eta 20 urte zituela aldegin zuen sorterritik (Ugao, Bizkaia), Ipar Euskal Herrira.

Continue reading

Zer lehendakarigai ibili da ondoen BERRIAren porran?

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaiei elkarrizketak egitean, emaitzez porra bat egitera animatu zituen BERRIAk. Ezkutuan egingo zuten, orria gutunazal batean sartu eta BERRIAk bozen biharamunean —gaur— zabalduko zituen. Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (EP), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Jose Ramon Becerra (Equo Berdeak) animatu ziren egitera; Iñigo Urkullu (EAJ), berriz, ez, halako ariketak egiten ez dituela esanda. Carlos Iturgaizek (PP-C’s) ez zuen eman elkarrizketarik. Legebiltzarkide zifren desbideraketa formulatzat hartuta, Iriarte ibili da ondoen: lauko desbideraketa izan du. Becerrak hamarrekoa, Mendiak hamabikoa eta Gorrotxategik hamaseikoa.

Continue reading

« Artikulu zaharragoak

© 2023 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer