Berria.-eus-eko analisiaren (2021-5-8) laburpena: Ausarta zen Mixel Berhokoirigoin [gaur hil da], pentsatzen zuena modu zibil eta demokratikoan egiten zuena, Euskal Herria helburu. Beraz, bazekien euskal gatazkan egoera deserosoak, gogorrak eta ankerrak agertuko zitzaizkiola. (…) ELBk 1984an “indarkeria politikoaren” aurkako jarrera azaldu zuen idatzi batean, Berhokoirigoinek berak-eta sustatuta. (…) Frantziak auzitara eraman zuen (2008-2010), ELHGk markotzat Ipar Euskal Herria hartu izanagatik, lurraldetasuna lantzeagatik, eta euskara plazara ateratzeagatik. Desobedientzia estatu jakobino eta indartsuari. (…) Esaten zuen berak: ETAk 2011n jarduera armatua bukatu ondotik gatazkaren ondorioetan aurrerabiderik ikusten ez eta buruari bueltaka hasi zitzaiola, eta interpelatua sentitu zela. Hots, parte hartu beharra, gizarte zibileko kide modura. Nola hasi aitzinatzen? ETAren armagabetzearekin. (…) Harena da hau, Luhuso liburuan (2017) esandakoa: “Urratsa elkarrekin egiteko ez da beharrezkoa ados izatea bukaeran edo helburuan. Etapa batzuk egin ahal dira elkarrekin; horrek hurbildu egiten zaitu, eta gero beste etapa batzuk egin ahal dituzu batera. Gardentasuna eta errespetua behar dira. Zu aldatu egiten zara, baina bestea ere bai, eta ez dakizu noraino helduko zaren”. Transbertsaltasuna eta akordioa zituen maite, baina, halakorik ezin zenean erdietsi, ekimena hartu eta aitzina, desobedientziari helduz batzuetan, aurrerabiderako berriro akordioaren bila aritzeko. Joan da Mixel. Militante eta ekintzaile garrantzitsua izan da Euskal Herriarentzat.♦