Enekoitz Esnaola

Hilabetea: martxoa 2017

Gauza txiki batzuk (15)

Xabier Arzalluz. Datorren igandean EAJk Iruñeko 1977ko Aberri Batzar “historikoa” gogoratuko du, Barakaldon (BEC, 12:00). “Alderdi jeltzaleak publikoki egin ahal izan zuen lehenengo Aberri Batzarra izan zen. Altxamendu militarraren eta Gerra Zibilaren osteko diktadura frankistaren 40 urte luzeak amaitu eta gero egin zen”, dio EAJren oharrak. 1977ko hitzorduko protagonista nagusi batzuek solasaldia egingo dute BECen; tartean, Xabier Arzalluzek, aspaldiko partez. Haren beste hiru solaskideak: Iñigo Agirre, Josu Bergara eta Kepa Sodupe.

ELA-LAB. Apirilaren 26an Xabi Anza ELAko Manu Robles-Arangiz Institutuko lehendakariaren eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren arteko solasaldia izango da, Azpeitian (Sanagustin kulturgunea, 19:00), bertako Gure Esku Dago-k antolatuta. Ea antzematen den baden-ez gerturatzerik bi sindikatuen artean.

Herritar Batasuna. Herritar Batasunak web helbide berria du: herritarbatasuna.eus. Gaikako bideo batzuk igotzen ere ari da sarera; hizlarietako bat, Nekane Jurado, aurrekontu publikoez.♦

Galdeketak, datu batzuk

Oraingo herri galdeketetan parte hartzeak beherakada bat izan du iazko antzeko sortakotik. Iazko ekaineko 34 kontsultetan: 125.000 laguneko errolda, %29,3ko parte hartzea. Joan den igandeko 35etan: 124.000ko errolda, %24,8ko parte hartzea. Arrazoi bat izan daiteke udalerri handiago batzuetan izan direla ariketak. Dena dela, herri aktibazioari ere begiratu beharko zaio, baina ez soilik Gure Esku Dago-ren kontuan. Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu dira erabakitzeko eskubidearen aldekoak; orotara, legebiltzarkideen %76. Orain arteko 73 galdeketetako 8.000 biztanlez gorako udalerrietan —hamabi dira; zazpi, iazko ekainekoak— 2015eko udal hauteskundeetan EAJk eta EH Bilduk eta, kasuan, Ahal Dugu-ren tokiko markak ere lortutako botoak kontuan hartuta —orain 16 urtetik gorakoek ere bozka zezaketen arren—, kalkulu orokor bat eginda, kontsultan talde haien boto-emaileen %75,6k bozkatu dute Oiartzunen, Azpeitian %70,8k, Bergaran %61,9k, Zumarragan %61ek, Oñatin %60k, Hernanin %55,9k, Arrasaten %54,4k, Beasainen %50,8k, Tolosan %49,9k, Pasaian %49,3k, Ordizian 46,6k eta Errenterian %42,4k. Ahal Dugu-ren marka bost udaletan dago: Errenterian (2015ean botoen %19,1), Hernanin (%15), Pasaian (%14,5), Ordizian (%13,6) eta Arrasaten (%11,3). Hortik atera daiteke beste ondorio bat galdeketetako parte hartzeaz: botoemaile haiek ez direla aski mobilizatu. Eusko Legebiltzarreko %76ko datu hori tentuz hartzea komeni. Lanean segitu behar, fokuekin.♦

Barça eta prozesu subiranista

Asteazken gauean Carles Puigdemontek txio batean zioen Barçak PSGren kontra erakutsi zuela ez dagoela ezinezkorik, eta “Kataluniak erakutsiko du bere etorkizuna erabakitzen”. Badira urte batzuk katalanek prozesu subiranista elikatzeko-eta baztertu zutela Kataluniako futbol selekzioaren errekurtsoa. Iazko abenduan Gironako estadio txiki batean jokatu zuen gizonezkoen selekzioak –8.000 ikusle–. Barça erabiltzen dute ikur modura, kluba bera zuzenean inplikatu gabe. ANCk duela lau urte pasako Bartzelona-Real Madrilen eskatu zuen lehen aldiz bandera independentistak eramateko Camp Noura; partidak telebistaz 400 milioi ikusle izan zituen. Euskal Herrian futbol selekzioaren kontuan utzikeria dago, joan den abenduko gizonezkoen partidan barregarri geratzeraino –Bilbok berak EAJri huts egiteraino?–. Gainera, instituzioek Euskadi txirrindularitza taldea paretik kendu zutenetik, kirolean ez dago ikur nazionalik. Futbolean, adibidez, galdetu igandean Anoetan baden kontsentsurik. Edo prozesurik.♦

Urola Kostan %37koa?

Urola Kostako zortzi udalerritan bi hilabete barru –maiatzaren 7an– izango dira euskal estatuari buruzko galdeketak: Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian. Eskualde hartan Azpeitian iazko ekainean egin zuten, eta ona izan zen parte hartzea —galdeketako erroldaren %39,3koa—. Azpeitian 2015 bukaeran 14.664 herritar zeuden erroldatuta; iazko ekaineko kontsultan 16 urtetik gorako lagunen 12.145eko zentsoa egon zen —biztanleri osoaren %82,8—; 2.296 lagunek eman zuten galdeketa deitzeko sinadura; 4.781ek bozkatu zuten —sinadura kopurua x 2,082 pasatxo—. Urola Kostako zortzi udalerri horietan 2015 bukaeran 58.362 herritar zeuden erroldatuta; maiatzaren 7ko ariketan zentsoa, Azpeitiko batez bestekoa erabiliz, 48.323koa izango litzateke; 8.691 sinadura batu dituzte; eta, hemen ere Azpeitiko erreferentzia erabiliz, eskualdean 18.097k bozkatuko lukete; hots, galdeketako erroldaren %37,4k. Balitzateke zerbait.♦

1979, 2017

1979ko urria, Gernikako Estatutuaren erreferenduma: alderdien artean alde, EAJk, PSEk, EEk…; abstentzioa, HBk…; kontra, APk… 2017ko urtarrila, EAEko Autogobernu Batzordea eratzeko legebiltzarreko bozketa: alde, EAJk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemosek; abstentzioa, EH Bilduk; kontra, PPk. 37 urte pasara, antzeko argazkia. 1979ko estatutuarekin Espainiako Estatuarekin haustea saihestu zen. Orain, urtarrileko bileran EAJk, PSE-EEk eta EPk erabaki zutenez, autogobernua “erreformatzea eta eguneratzea” izango du helburu batzordeak, beti ere “ordenamendu juridikoa errespetatuta”. Partidaren errepikapena dirudi. EAJk ez du aski PSE-EE. Beraz, telebisatutako partida dirudi honek: Elkarrekin Podemos lotzen saiatuko da. Bien programak aztertuta, akordioak ez du ematen zaila. Jakinekoa da nola bukatu zuen EEk, eta non hango arduradun askok.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑