Enekoitz Esnaola

Hilabetea: abendua 2017

Argazki bera

PSOEk 155. artikuluaren aplikazioa babestu izana ez da izan PSErekin duen aliantza ezbaian jartzeko modukoa EAJrentzat. Idoia Mendiak iaz EAEko bozen kanpainan euskara gutxietsi izana ere ez zen oztopo izan gero EAJk PSErekin aliantza egiteko. Edota orain PSEk Paco Etxeberriaren lantaldearen tortura ikerketa auzitan jartzea ere ez da sobera inportantea EAJrentzat, Jaurlaritzak Pertsona helburu izan arren. Sabin Etxeak bide jakin bat hartu zuen orain bi urte EAEn: Lizarra-Garazi aurreko aro instituzionalera itzultzea, “egonkortasunera”. Eta makulurik behar badu, hor PP. 2019ko maiatzean, udal eta foru hauteskundeak. Udal aldaketa batzuk salbu –egoera baldintzatzeko moduko deus ez–, argazki elektoral eta instituzional bera aurreikus daiteke. Luzerako doa EAJ-PSE aliantza. Eta erne urte eta erdi barru Nafarroako pieza mugimendu posible batekin.♦

2001-EAE, 2017-Katalunia

Kataluniako Parlamenturako osteguneko hauteskundeek antza daukate Eusko Legebiltzarrerako 2001ekoekin: bloke konstituzionala dena emanda dabil bloke abertzalea gainditzeko. Alderdiak ez ezik, Espainiako Gobernua, estatuko aparatuak eta hedabideak dabiltza dena emanda. 2001eko irudi gogoangarri bat: Kursaaleko argazkia Redondo Terrerosek, Mayor Orejak eta Savaterrek. Aurtengo bat: Bartzelonako manifestazio bateko selfiea Icetak, Albiolek eta kuadrilako beste batzuek. Inkestetan oso goian jartzen dute Ciudadanos, eta PP, PSC eta hirurak hortxe-hortxe omen daude bloke independentistari aurrea hartzeko. Duela bi urte, parte hartze aldetik errekorra izanda, 350.000 botora geratu ziren. EAEn 2001ean ere inkestetan aski goian zituzten PP eta PSE, eta tronpatu ziren ederki asko. Orduan CISen azkeneko inkestako estimazio batek, goitik jota, 39 aulki eman zizkien PPri eta PSEri (gehiengo osoa); eta EAJ-EAri, behetik jota, 27. Baina Major Orejari berari kanpainan PPko adituek barne mailan esana zioten bloke konstituzionalarentzat 32 aulkiko datuekin zebiltzala. Zenbat atera zituzten PPk eta PSEk? 32. Ibarretxek (EAJ-EA), 33; 604.222 boto famosoak. Ikusiko ostegunean, Santo Tomas egunean.♦

18/98ko azken bi presoak, libre aurki

18/98 auziko azkeneko bi presoak datozen asteetan geldituko dira libre: azken orduko aldaketarik ezean, abenduaren 28an Txema Matanzas eta urtarrilaren 4an Joxean Etxeberria. Biak Espainiako espetxeetan dauzkate: Puerto III-n (Cadiz) Matanzas, Euskal Herritik 1.050 kilometrora, eta Sorian Etxeberria, sorterritik 270 kilometrora. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin zuten auziko operazioa, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi eta hainbat lagun atzemanda, eta handik zazpi urtera hasi zen epaiketa. 2009an eman zuen behin betiko epaia Gorenak: 38 lagun zigortu zituen, ETArekin lotuta, eta 9 absolbitu. Enpresak atalean zigortu zuten Etxeberria: 12 urteko kartzela kondena. Ekin atalean Matanzas: 10 urte eta 9 hilabetekoa. Halaber, KAS, Ekin eta Xaki legez kanpokotzat jo zituen Gorenak. Konstituzionalak ez zuen tramitera onartu defentsaren helegitea. Dena ETA da asmakizunaren garaiak ziren. Ondorioak ditu oraindik.♦

Baldintzak sortzen

(Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egiteko hartutako denboraren ostean, martxan berriro ‘Lerro batzuk’ bloga)
BERRIAko analisiaren (2017-12-10) laburpena: ETAren armagabetzean konexio soziala eta politiko-instituzionala gertatu zen Iparraldean. Geraezina. Ari da baldintza gehiago sortzen espetxe eremuan, ezker abertzalea bera ere ari baita egiten urratsak, bidea argitze aldera. Baina euskal presoen auzia konplexuagoa da armagabetzea baino. 300 pertsona pasa dauzkate kartzelan, eta bakoitzak du bere egoera penala, judiziala, pertsonala… Oraingoz, ez da aurreikusten aterabide kolektiborik. Horrez gain, ezker abertzaleak etxeko lan denak egiteke ditu. Baina datozen hilabeteetan espero dira presoen lege ibilbidea azkartzea —malgutasuna hitzeman du EPPK-k— eta ETAren desmobilizazioa. Bake prozesua Luhusokoaren ondoren desblokeatu ostean, korapiloak askatzen segitzeko dinamismoa dago, EAJren aliantzak aliantza. Presoen konponbiderako baldintza gehiago sortuz joateko, Hegoaldean etxeko lan guztiak ez dira ezker abertzalearenak.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑