Enekoitz Esnaola

Hilabetea: ekaina 2018

Gurpila martxan

BERRIAko analisiaren (2018-6-20) laburpena: Pedro Sanchezek Espainiako hedabide talde publikoko elkarrizketan iragarri du beste espetxe politika bat garatzeko asmoa duela. Dena dela, kontuan hartzekoa da nola heldu den Sanchez Moncloara, zer den PSOE Kongresuan —diputatuen %24—, eta han gehiengoak eratzeko zenbat borondate eta interes josi beharko dituen. ETA desegin zen egunean, eta oraindik Sanchez gobernuburu ez zela, “beste espetxe politika bat posible” dela esatearekin batera, Patxi Lopezek eman zuen pista bat: “Diskrezioa” eskatu zuen, eta «demokraten borrokarik» ez bilatzea parlamentuan; hots, “bozketa eta eztabaidekin” gehiengo-gutxiengo planteamenduak saihestea han. Foro Sozial Iraunkorraren momentuko eskaerak dira beste pista bat, esaterako. Bost eskaera jarri ditu mahai gainean: larri gaixorik dauden euskal presoak askatzea —«humanizazio printzipioa»—; urrunketa politika bukatzea —ez du zehazki aipatu Hego Euskal Herriko espetxeetan batzea—; graduen progresioa; zigorrak pilatzea; eta Madrilek espetxe eskumena eta espetxe zaintzaren ardura igortzea tokiko gobernuei eta epaitegiei —hots, afera Barne Ministeriotik eta Auzitegi Nazionaletik ateratzea—. «Premiazko agenda» osatzeko neurriak dira, eta, ondo bidean, hor ere lehentasunak edota graduazioak leudeke. Izan ere, gurpila martxan jartzea da kontua orain.♦

Rajoy

2011-10-20: ETAk bukatutzat eman zuen jarduera armatua. 2011-11-20: PPk gehiengo osoz irabazi zituen Espainiako bozak; Rajoy gobernuburu. 2011 bukaera-2013 martxoa: PPren gobernua ez zen azaldu Oslora, gatazkaren ondorioez hitz egiteko aurrez PSOEren gobernuarekin adostuta zegoen mahaira.

2014-2-21: bideo baten bidez jakin zen ETAk hasi zuela desarmatzea, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bertatik bertara ziurtatu baitzuen erakundeak arma kopuru jakin bat indargabetu zuela. 2014-2-25: Kongresuan Espainiako nazioaren egoerari buruzko eztabaida saioan Rajoyk bere hitzaldian ez zuen aipatu ere egin ETAren kontua; lehen aldia zen gobernuburu batek ez ziola hitz bakar bat ere eskaini gaiari.

2018-5-3: ETAren bukaeraren ofizializazioa Genevan, Henri Dunant zentroan, 14:00etan. Pixka-pixka bat lehenago Moncloaren saioa Suitzako Gobernuarekin, telefonoa jota: ekitaldia zangotrabatzeko eskaera.

Hori izan da Rajoy gai honekin. Ara Katalaniako egunkariaren gaurko azalekoa esan behar: Agur Rajoy.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑