Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Month: urria 2018

Presioa

BERRIAko analisiaren (2018-10-24) laburpena: Urbina abokatuak aitortu du “ustekabea” izan dela Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia. Mendeku gosea duenak baizik ez dezake ontzat jo zigorrak ez batzea. Parot doktrinarekin, auziko 60ren bat euskal presoek legez zegokien baino urte gehiago egin zituzten kartzelan. Antzekoa ari da gertatzen orain, Frantziako urteak ez dituelako aintzat hartzen Espainiak. Estrasburgoko auzitegiko Areto Handiak nekez botako luke atzera erabakia. Luxenburgoko auzitegiko aukera ere, nekez ikusten da. Baita Espainiako Kongresuaren bidez 7/2014 legea erreformatzea ere. Eroso dabil Moncloa —hura bakarrik?—. Currinek euskal alderdiei eta gizarte zibilari ohartarazi die Madrili “presioa” egiteko. Joan den larunbateko manifestazioan jauzi bat egin zen kualitatiboki, baina ez kuantitatiboki, eta balegoke zer hobetu: herritar dinamikaren proiekzioa, “premiazko” aldarrikapenen azpimarratze handiagoa —afera honetako presoek ere baliatzeko—… Egun, presoek dute presioa.♦

Currin gai-jartzaile Ormaiztegiko bazkarian

(artikuluari sarean erantsitako pieza) Brian Currinek, urteotako ibileran, bazkari berezi bat egin zuen behin Ormaiztegin, 2012ko apirilaren 22an. Nazioen Munduak aurreko egunean Gazta zati bat dokumentala aurkeztu zuen Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian, Jon Maiak egindakoa, eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak dio haien insistentziaren ondorioz lortu zela Currin ekartzea aurkezpenera. Alabarekin etorri zen. Hurrengo egunean, igandearekin, Olaberriako gaztategi batera eraman zuten —Xanti Etxezarretaren gaztategira—, eta handik Ormaiztegira, Kuko jatetxera. Igandez itxita izan ohi da, baina Iker Markinez jabeak zabaldu egin zuen okasiorako —kuadrilakoa du Angel Oiarbide, eta…—. Han ziren Rios edota Eskoziako ordezkari batzuk ere; 12-15 lagun denera. “Currini goizean bildutako zizak erakutsi zizkion nagusiak, baita eguneko tomateak ere”, oroitzen da  Oiarbide Nazioen Munduko kide ohi eta Gure Esku Dago-ko eleduna. “Harrituta geratu zen. Horiek eta beste gutizi batzuk bazkaldu genituen”. Postre garaian, Currinek Maiari: gaia eta doinua jarriko zizkiola bertso bat botatzeko. Doinua: The Beatlesen bat. Gaia: politikoa. Bota zuen Maiak. Nazioen Mundua egin zen Currinen bidaiaren eta egonaldiaren kargu. Oiarbide: ”Geure inozentzian, ekartzera ausartu ginen, eta lortu genuen. Txikitik ere gauza asko egin daitezke. Guretzat oso garrantzitsua izan zen”.

Lehen argazkian, Jon Maia, Brian Currin, Juantxo Sardon eta Dani Oiarbide, 2012ko apirilaren 22an, Ormaiztegin, Kuko jatetexean. Bigarrenean, Iker Markinez sukaldariarekin Currin, orduan.♦

Post scriptum, Gorka Landaburu

Hemen Gorka Landabururen elkarrizketan papereko bertsioan sartu gabeko bi pasadizo (sarean txertatuta daude):
»Egunkaria-ren itxieraren aurka azaldu nintzen; 2005-2007ko bake prozesuko elkarrizketen alde ere bai, eta Estrasburgora joan nintzen defenditzera… 2003an, Egunkaria itxi eta egun gutxira, gure biktimen fundazioaren bazkari bat izan zen, eta han azaldu ziren babesleetako arduradunak, baita Jose Maria Aznar ere, Espainiako orduko gobernuburua. Fernando Buesaren alargun Natividadekin nintzen mahai batean, izkina batean, eta halako batean inguratu egin zitzaigun Aznar. Esan nion oso gaizki iruditu zitzaidala Egunkaria ixtea. Erantzun zidan ez zuela berak itxi, Justiziak baizik. Ihardetsi nion egunkariak ez direla ixten. Onartezina iruditu zitzaidan itxiera.
»Orain dela hiru urte Espainiako beste gobernuburu bati aurrez aurre esan nion presoak gerturatu behar zirela: Rajoyri. Esan zidan kontua ez zegoela agendan. Agendan jartzeko eskatu nion, eta haren erantzuna: begiratuko zuela.♦

Oraindik falta da argitzeko

BERRIAko artikuku analitikoaren (2018-10-14) laburpena: Zer pasatu da udan Madrilek urrats sendorik ez egiteko bestelako espetxe politika baterako? Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ekainean kartzela politikaren aldaketa iragarri bazuen, ETA maiatzetik deseginda badago, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Sanchezi espetxe arloa lehentasunen artean hartzeko eskatu bazion ekainean Moncloan, hil berean Hegoaldeko bi legebiltzarrak eta gehiengo sindikala neurri berrien alde agertu baziren, EPPK-k “kaleratze” bidean legebideari jarraitzeko prestasuna berretsi badu udan eta Madrilek Parisen eredua hor badauka, zer pasatu da udan taxuzko mugimendurik ez egiteko? Ez dio borondate onik ikusten ezker abertzaleak Madrili. Bide batez, biktimen elkarteak bilera agenda handiarekin dabiltza; PPri ere esan diote ez direla euskal presoen gerturatzeen aurka jarriko “legearen barruan” egiten badira, baina ez dute nahi hurbilketarik batere. Gaur-gaurkoz foku bat, urriaren 20ko manifestazioa da. Bestea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren hilaren 23ko epaia.♦

Albocasser, 2018-8-13, zuzendaria

Euskal preso bati haren komunikazioak atxikitzea luzatzeaz espetxeak hartutako erabakiko azalpenak: “ETA talde terroristakoa zara zu, eta erakunde armatu horrek antolatzen dituen protesta kolektiboetan modu aktiboan parte hartzen duzu. (…) Talde armatu kriminalaren kide aktiboa izaten segitzen duzu. (…) Informazio iturri izan zaitezke, ETAren delitu jarduerak ahalbidetzeko. (…) Gainera, lotuta segitzen duzun erakunde terroristaren edo harentzako kontsignen igorle izan ahal zara. (…) ETA talde armatuak espetxe zentroaren eta honen langileen segurtasuna eta ordenua arriskuan jartzen dituen ekintzak eta atentatuak egiten ditu; (…) beraz, justifikatuta dago hartu den neurria [komunikazioak atxikitzea luzatzea]. (…) Ebazpen hau Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari komunikatu zaio. Albocasser, 2018ko abuztuaren 13a, [espetxeko] zuzendaria”. 133 egun lehenago jakinarazi zuen ETAk, nazioarteko komunitatearen bidez, desegin zela.♦

Continue reading

Muñoz, EH Bildu eta Junqueras

Adolfo Muñozek BERRIAn: “Bi modu daude bideratzeko prozesu subiranista. Ezkerra eta burujabetasuna lotuz da lehena; Oriol Junqueras argi egiten ari da horren alde Katalunian. Oinarri soziala irabazita burujabetasunera joatea da. EAJk eta EH Bilduk adostu dutena da bestea: klase arteko modu baten bidez joatea burujabetasunerantz. Zilegi da hori adostea, baina guk [ELA] ez dugu horretan sinesten”. Junqueras, beraz, eredu… 2011 irailetik da hura ERCko presidentea. Urte bereko ekainean Sant Vicenç dels Horts-eko alkatetza lortu zuen, CiUrekin eta ICVrekin akordioa eginda. 2012ko abenduan, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen ondotik, CiUrekin itun bikoitza egin zuen: errerendumerako bide orria eta Artur Masen (CiU) president-etza inbestidura. CUPek orduan babesa eman zion autodeterminazio prozesurako bideari, eta errefusatu egin zituen CiUren politika soziala eta ekonomikoa. 2012an ere, inbestidura akordioa CiUk eta ERCk; Mas president. 2015ean, CiU zeneko sektore nagusiarekin hauteskunde koalizioa egin (JxSi) eta gobernua osatzera iritsi zen ERC. 2017an, aparte aurkeztu ziren (JxC batetik, ERC bestetik), baina gobernuan batera daude. CUPek jarraitzen du Generalitateko politika ekonomikoa eta soziala kritikatzen. Urteotan, gainera, agerian gelditu dira CiU zeneko alderdi nagusiko kideen ustezko ustelkeria kasuak. Zerk batzen ditu katalan abertzaleen indar politikoak? Kataluniako Errepublika independenteak, eta, horretarako, autodeterminazio erreferendumak, baita hartarako herri mugimenduarekin aritzeko borondateak ere.♦

© 2019 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer