Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Month: azaroa 2018

‘Pueblos’-en azkeneko ekarpena

Euskal Herrian berak bake prozesua bultzatzeko asmoz, duela bi urtetik Foro Sozialeko kideetakoa da Paz con Dignidad gobernuz kanpoko erakundea, eta beste prozesuetako irakaspenez arduratzen da. Besteak beste, joan den martxoan, DDRa (Desarmea, Desmobilizazioa eta Birgizarteratzea) euskal kasuan: bideragarritasuna eta aukera jardunaldia antolatzen lagundu zuen —Donostian izan zen—. 1995etik Pueblos aldizkaria argitaratu izan du; hiru hileroko maiztasunarekin, formatu digitalean. Orain dela hilabete bat itxi zuten Pueblos, baina, hala ere, iragarria dute bi zenbaki berezi aterako dituela aurki. Horietako bat, Euskal Herriko bake prozesuari buruzko monografikoa.♦

1977: ‘Egin’-en eskaera ETAri

ETAk gaur 41 urte egin zuen Nafarroako bere lehen hilketa —Joaquin Imaz Martin Espainiako Polizia Armatuko komandantea, Iruñean—, eta duela hilabete bat Mariano Ferrer Egin-eko orduko zuzendariak ETB1en Katebegia-n ‘Egin’, 20 urtez itxita saioan esan zuen —bideoan 23.52 falta denetik 22.42rako tartean— bera “kontziente” zela testuinguru politiko hartan egunkari berriak “ETAren inguruan jarreraren bat hartu beharko” zuela. Hilketa haren ondotik, hartu zuen: azaroaren 29ko zenbakian ETAri borroka armatua uzteko eskatu zion Egin-ek —behean, iritzi hori zekarren orrialdea—. Idatziaren “tesia” hau zen, Ferrerrek ETB1en adierazi zuenez: “‘Demokraziarako dugun aukera bakarra probestu behar dugu. Aukera hau aprobetxatzeko ETAk borroka armatua utzi behar du’. Horren garbi esaten zuen Egin-ek 1977an”.♦

Continue reading

Hipotesi batera jota

Harrigarri egiten da Euskal Herriko ezker espainiar edo estataleko batzuek zer balio txikia ematen dion euskal estatus politikoaz izandako herri galdeketen parte hartzeari, baxua izan dela iritzita. Kontsulta haiek konparaziorako oinarri hartuta, hipotesi bat eginda erraza da beste kalkulu batzuk egitea. Hemen, zifra batzuk borobilduz, ateratzen dena.

Euskal Herriko galdeketak estatus politikoaz:
– 209 herri galdeketetan 1.061.000 laguneko errolda izan da.
– 1.061.000 herrritarrok, 209 udalarri horietako biztanleriaren %80 inguru osatzen dute.
– 209 udalerri horietan, Euskal Herriko biztanleriaren %38 inguru bizi da.
– 1.061.000ko erroldarekin, %20,5eko parte hartzea egon da. 218.000 boto.
– Euskal Herriko udalerrien %30,5 osatzen dute 209 udalerri horiek.

Espainiako Estatuko galdeketak monarkia-errepublikaz:
– Espainiako Estatuko  biztanleriaren %38, 17.750.000 herritar dira.
– 17.750.000 herritarren %80, 14.200.000 dira. Hori litzateke errolda.
– 14.200.000ko erroldan %20,5eko parte hartzea balego, 2.911.000 boto lirateke.
– Espainiako Estatuko udalerrien %30,5, 2.500 udalerri dira.

Galdera da: Espainiako Estatuko biztanleriaren %38 osatzen duten udalerrietan monarkia ala errepublika galdeketak egin eta hiru milioi lagunen botoa jasotzea, parte hartze txikia al litzateke?

Kontsulta mota hori antolatuta, zalaparta politiko eta mediatiko handia sortuko litzateke estatuan —sozializazioaren eta parte hartzearen onerako—, eta sustatzaileek, apika, lagun lituzke euskal (eta katalan) subiranistak. Adibidez, 209 galdeketa hauetako protokolo garantistaren berri emateko.♦

Ziklo berri baten zumeak

BERRIAko artikulu analitikoaren (2018-11-18) laburpena: Beste alerik ezean —ez da iragarria—, duela lau urte abiatutako herri galdeketen zikloa gaur bukatuko da, Gipuzkoan Donostian eta Irunen, eta Bizkaian Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan kontsultak eginda. Haiekin, 209 izango dira —Euskal Herriko udalerrien %30,5etan galdeketak—, eta berrehun mila pasa boto.  Harez gain, bada mugimendu gehiago, instituzionalki eta sozialki: EAEn, EAJren eta EH Bilduren artean estatus politiko berri baterako oinarriak; Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresua, aurrera begiratzeko; Demokrazia Bai plataforma, eta, haren zentzu desberdin batean, Euskal Herriko Federalistak. Ziklo berri baterako zenbait zume dira. Gainera, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian berritasun instituzional handiak gertatu dira azkeneko urteetan. Herri instituzionalerako eta sozialerako zume batzuk dira.♦

Estatu estrategia

BERRIAko analisiaren (2018-11-10) laburpena: Arazoa Espainiako Estatua eta haren  estatu estrategia da. Pozesua izan aldebikoa ala aldebakarrekoa, parean zein den garbi izatea ona da beti. Buruan eta agendan zeure nazioa izatea ona den bezala. Ordea, harrigarria da klase politiko subiranistan zenbat hitz egiten den Espainiaz. Europan eta munduan nazio gisa aritzeko, besteak beste langai dute Kataluniako bezalako egitura diplomatiko bat sortzea euskal subiranistek. Logikak dio burujabetza prozesu bat zaila dela garatzea aurretik estatu egitasmoak eta baliabide nazionalak diseinatu gabe. Katalan independentistekin hizketan ari da EH Bildu, indarrak batzeko eta estrategiak partekatzeko. Negozio ona litzateke haiengandik halako gauzak ikasten joateko. Orobat, katalan ordezkari politikari askok balukete ikastekorik ezker abertzaletik Espainiako Estatuaren benetako izaeraz, eta, erresistentzian, trebeagoak eta kementsuagoak izateko.♦

ETA: Tolosakoa eta Madrilgo Correo kalekoa

ETAk bere atzeneko Zutabe-an (114.a) dio bere gain hartzeke zituen bi ekintza onartu dituela erakundearen amaieran. Batetik, 1981ean Tolosan hiru herritar hil zituela poliziak zirelakoan, eta, bestetik, 1974an Madrilen Correo kalean lehergailu bat eztandarazi zuela kafetegi batean, polizia indarren kontra aurreikusitako ekintza batean, eta hildako ia guztiak zibilak zirela. Zutabe hori 2018ko apirilean datatutakoa da, baina haren berri orain jakin da publikoki, atzo Gara-k eta Naiz.eus-ek zati batzuk argitaratuta. Egunotan hedabideetan asko aipatu dira Tolosako eta Madrilgo hilketa horiek. Dena dela, Zutabe honen berri izan aurretik, ETAk bi ekintza horiez hitz egin du lehenago: aurten, ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa liburuan (Iñaki Soto, Txalaparta-Gara, 2018ko ekaina), 152. orrialdean —bi zerak, behean—. Maiatzaren 3an desegin aurretik ETAk emandako elkarrizketa liburua da.

© 2019 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer