Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratuko ote dituen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, horretaz zeozer aipatu du asteon Josu Erkoreka bozeramaileak, eta, “momentuz, ez”, esan zuen atzo Urkulluk berak. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hilaren 17an BERRIAn: “Uste dut Urkulluk [hauteskundeak] aurreratu egingo dituela. Ez harritu urte honen bukaeran legebiltzarra desegiten badu”. Atzera joz, 1980an EAEko bozak egiten hasi zirenetik, aurreratu-aurreratu, hiru aldiz egin dituzte: 1986an (urtebete eta hiru hilabete), 2001ean (urtebete eta bost hilabete) eta 2012an (bost hilabete). Lehen bietan, lehendakaria EAJkoa zen: Jose Antonio Ardanza (1986koan) eta Juan Jose Ibarretxe (2001ekoan); 2012koan, PSE-EEkoa zen: Patxi Lopez. EAJko lehendakarien aurreratze elektoralen kasuan, 1986koan alderdiaren zatiketak eragin zuen, eta 2001ekoan Lizarra-Garazi akordioaren haustura garaia zen. Ikusiko orain Urkulluk (EAJ) aurreratuko dituen ala ez; berez, urte eta erdira lirateke, 2020ko irailean. Aurreratuko balitu, orain arrazoia ez litzateke alderdi barruko afera edo testuinguru politiko berezia, baizik eta kudeaketa: EAJ, PSE gobernukidearekin batera, gutxiengoan dago legebiltzarrean (75 aulkitik 37 dituzte —28 eta 9—; bat falta), eta horrek sortzen dizkio arazoak. Urkulluk / EBBk aurreratzen badituzte, seguru EAJ-PSE gehiengo osorako aukera ikusten dutela.♦
Hilabetea: martxoa 2019
Aurki: apirilaren 28an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta maiatzaren 26an udal eta, Hego Euskal Herriaren kasuan, foru bozak. Bi hitzorduak hain gertu egonik, Espainiakoetako irabazlearen eragin efekturik izango al da udal eta forukoetan, haren alde? Estatuko eta EAEko eremuko lau hitzordu elektoral jakini erreparatuz —eta esanik ez zirela orain bezain hurre portunatu eta beste faktore batzuk ere sartzen direla tartean—, ikusten dena da Gorteetarako bozetako EAEko irabazleak (EAJk) gora egin zuela erkidegoko eta foruetako hurrengo hitzorduetan, eta Gorteetarakoetan estatuan irabazle ateratako alderdiak, behera. (Espainiako bozen aurreko EAEkoak edo foruetakoak ere badira azpiko taulan, eta hor ikusten da indar estatala gero normalki igo egin zela EAEko edo foruetako hurrengo hauteskundeetan, baita EAJ ere)
EAEko eremuan:
1982, Espainiako bozak (PSOEk gehiengo osoa): 1. EAJ %31,8 2. PSE %29,3
1983, foru bozak: 1. EAJ %39,8 2. PSE %26,4
(1980, EAEko bozak: 1. EAJ %38,1 3. PSE %14,2)
……
2000, Espainiako bozak (PPk gehiengo osoa): 1. EAJ %31,2 2. PP %29,1
2001, EAEko bozak: 1. EAJ-EA %42,7 2. PP %23,1
(1999, foru bozak: 1. EAJ-EA %35,2 3. PP %19,3)
……
2004*, Esp. bozak (PSOEk ia gehiengo osoa): 1. EAJ %34,1 2. PSE %27,5
2005*, EAEko bozak: 1. EAJ-EA %38,6 2. PSE %22,6
(2003*, foru bozak: 1. EAJ-EA %46 2. PSE %21,8)
……
2011, Espainiako bozak (PPk gehiengo osoa): 1. EAJ %27,7 4. PP %18
2012, EAEko bozak: 1. EAJ %34,6 4. PP %11,7
(2011, foru bozak: 1. EAJ %31,6 4. PP %14,6) ♦
*ezker abertzale ofizialaren legez kanporatze garaia zen, eta horrek eragin zuen beste taldeen babesaren batez bestekoetan.
Azken iruzkinak