Enekoitz Esnaola

Hilabetea: ekaina 2020

Denak balira ere…

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berriaren legealdia izango omen da datorrena. 2012-2016koa hala izango ei zen; Iñigo Urkulluk kanpainan iragarri zuen lehendakari hautatuz gero 2015ean deituko zuela erreferendumera. Hautatu zuten lehendakari, eta ez zen izan erreferendumik. 2016-2020koa ere ez da izan estatutu berriaren agintaldia, juristen jugadarena baizik. Duela lau urteko bozetako programak aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidearen aldeko 57 legebiltzarkide egon dira: EAJko 28, EH Bilduko 18 eta EPko 11. Legebiltzarkideen %76. Euskal eragileekin tarteka BERRIAk izaten dituen bilkuretan, haietako ordezkari batek bota zuen: “Eta legebiltzarkideen %100a erabakitzeko eskubidearen aldekoa balitz ere, zer?”.♦

Etxegarai

Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egitean, bi aldiz elkarrizketatu genuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakaria, bietan Baionan bertan. Aurrenekoan, Café du Musée jatetxean, bazkaltzen; Ekhi Erremundegi lankidea eta hirurok izan ginen, pare bat orduz. Bigarrengoan, udaletxean, Etxegarairen bulegoan, beste pare bat orduz, berriz ere hirurok. Armagabetze prozesuan inplikatu egin zen Etxegarai, busti. Besteak beste, 2017ko martxoaren 20an Bernard Cazeneuve Frantziako orduko lehen ministroarekin bildu zen, Pauen, eta Café du Muséeko bazkarian esan zigun, liburuan bederen ez jartzeko eskatuz: “Cazeneuvek gauza bat galdegin zidan: errepublikaren ordezkari bat naizela eta, zuhurrago ibiltzeko”. Lehen aldiz zen Baionako auzapez Etxegarai, Euskal Elkargoaren estreinako lehendakaria zen, baina segitu zuen bustitzen. Herriak proban jarri zuelako ere busti zen; hartarako baldintzak joan ziren sortzen. Armagabetzearen ondoren ere gisa berean jarraitu zuen euskal presoen auzian; kasurako, gaur zortzi, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideekin batera, Justizia Ministerioarekin batzartu zen, herriko bozak baino sei egun lehenago. Berriro hautatu dute auzapez, orain sei urte baino alde handiagoarekin. Iñigo Urkullu sekula ez du proban jarri herriak.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑