Enekoitz Esnaola

Kategoria: Gauza txiki batzuk (Page 3 of 3)

Gauza txiki batzuk (4)

Eusko Ikaskuntza. 2018an 100 urte beteko ditu Eusko Ikaskuntzak. Hasiera indartsua izan zuen: Euskaltzaindia abiarazi zuen, ikastolen oinarri teorikoak prestatu zituen, 1931ko Hego Euskal Herriko estatutua idatzi zuen… Frankismoaren ondorioz eta ondoren baju egon da, zahartuta bezala. Duela lau bat urte erakundeari berritu bat emateko asmoz bide bati ekin zion, eta 2018rako anbizio handiko egitasmoa du. Iñaki Dorronsoro lehendakaria hedabideei ere ari da azaltzen proiektua, bilerak eginda; asteon BERRIAn egon da. Aurki hasiko da zertzelada batzuk publikoki azaltzen.

Imanol Murua Uria. Gaur atera dugu BERRIAn kalean dela Imanol Murua Uriaren Ending ETA’s Armed Campaign ikerketa lana. Ez da haren Ekarri armak liburuaren itzulpena, lan berean oinarritutako narrazio akademikoagoa baizik. 2010ean Loiolako hegiak aurkeztu zuen, iaz Ekarri armak. Gatazkaren (ondorioen) akaberaz trilogia osatzeko beste alerik?

Eugenio Ibarzabal. Argitaratzeko prest du bere liburu autobiografikoa Eugenio Ibarzabalek. Ikusiko dugu zenbateraino esaten dituen gauzak. Badu zer kontatua; esaterako, 1985-1987an Jaurlaritzako Presidentetza idazkari eta bozeramaile izan zen, lehendakari Jose Antonio Ardanza zela. GALen garaiak ziren, eta 1987tik, laster bezala, EAJ-PSE gobernu koalizioaren hasiera. Iazko maiatzean Ibarzabalen elkarrizketa atera genuen, haren beste liburu bat zela medio.♦

Gauza txiki batzuk (3)

Biktimak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak kontatu zuen asteazkenean Memoria eta biktimak jardunaldian: “oso esperientzia gogorra” pasatu zuen bere lagun eta biktima batek, baina lagun hori ez zen askatzen, ez zuen negar egiten; denbora batera bainuetxe batera joan zen, eta masaje bat hartzen ari zela lehertu zen. Gema Varona EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlariak zioen makina bat alargun geratu direla psikologora joan gabe, esanda nahikoa lan bazutela familia aurrera ateratzen. Premiak, horiek.

Loiolako hegiak, Ekarri armak... Urriaren 20an genioen Un final para ETA izango duela izenburu Imanol Murua Uriaren Ekarri armak liburuaren espainolezko bertsioak. Haren Loiolako hegiak-en (2010) 5.000 ale saldu dira, eta El triángulo de Loiola-ren 1.750. Euskaraz, beraz, ia hirukoitza. Ekarri armak (2015eko abendua), 3.000 aleko salmentan doa.

Sortu. Sortun Zohardia txostenaren egileek zuzendaritza proposamenean ez dakarte alderdiko presidente figura. Sortuk bere sorreran (2013) jarri zuen egituran kargu hori, eta Hasier Arraizek bete du. PSE-EEk ere kendu zuen presidente kargua, 2014an; Jesus Egiguren 2002tik zegoen bertan.

Matute. Alternatibako zuzendaritzan lehen aldiz sartu da Oskar Matute. Orain arte alderdiaren bozeramaile izan da, baina larunbatetik aurrera boto eskubidea du eta zuzendaritzakide bihurtu da.  Harrigarria aurreko egoera, Alternatiban bertan ere dioten bezala.♦

Gauza txiki batzuk (2)

Hemen gauza txiki batzuen bigarren alea:

Iriarte. EH Bilduk ñabardura bat egiten du: Jaurlaritzarako lehendakarigaia aukeratu dutela –Maddalen Iriarte–, baina erabaki horrek derrigorrean ez duela esan nahi hautagaitza inbestidura saiora aurkeztuko dutenik. Oraingoz, gauzak irekita omen daude EAJrekin.

EAJ-PSE formula. EAJk eta PSEk akordioa egingo dute. Formula da garbi ez dagoena; PSE Jaurlaritzan sartuko den ala ez. EAJk ondorioztatu beharko du “gobernabiderako” PSE ahul hori eta “herri akordioetarako” PSE unionista hori gobernuan izatea komeni zaion, eta PSEren PSOE horrekin zer daukan hitz egiteko. Baina 37 aulki (28+9), 28 baino gehiago dira. Gainera, gaurko PSOEk badu lotura bat PPrekin, eta EAJk Mariano Rajoyrekin nahi du, behingoz, zerbait.

‘Gauzatzea’. Datorren ostiralean, Diman, Juan Jose Ibarretxe, Iñaki Antiguedad eta Jaume Lopez katalanaren arteko solasaldia (19:00). Bidearen garaiotan, solasaldiko tituluaren azken hitzak du garrantzia: Herri galdeketa: erabakitzeko eskubidearen gauzatzea.

Maroto. Gasteizko hautetsi –alkate edo zinegotzi– hamazazpi urtean egon ondoren, udalari adio esan dio Javier Marotok. Iazko maiatzean hark irabazi zituen udal hauteskundeak, baina alkatetza hartzea eragotzi zioten hainbat indar politikok eta gizartearen indar politikoak. Maroto bezalako bat Arabako politikagintzatik desagerraraztea ere bazen operazioaren helburua. Segituan lortu zuten hark Madrilerako bidea hartzea: ekainean Rajoyk PPren zuzendaritza murritzerako hautatu zuen; duela bi astetik, berriz, diputatu da, eta Gasteizko Udala utzi du –ministro izateko?–.♦

Gauza txiki batzuk (1)

Gauza txiki batzuen atalarekin hasiko naiz, txioen, blog honetako iruzkin garatuen eta BERRIAko analisien aldean desberdina delakoan. Lehen alea:

Foro Soziala (I). Larunbatean izaera iraunkorra hartu zuen Foro Sozialak, Aieten agerraldia eginda. Gatazkaren ondorioen arloan “azken faseari ekiteko garaia” delakoan, euskal instituzioen eta gizarte zibilaren, eta nazioartearen arteko lankidetza nahi du, eta ETAri “lehenbailehen” armagabetzeko eskatu dio. Larunbatean BERRIAren sareko edukietan zortzigarren albiste irakurriena izan zen Aieteko ekitaldiarena. Euskal(dun) munduan ere garaia pasatzen ari da. Atxik!

Foro Soziala (II). Aieten indartsu ekin zion bide berriari Foro Sozialak, ostiral honetan Nafarroako Parlamentuan izango da, baina zuhurtziaz ere aritu nahi du: hedabideei elkarrizketarik ez ematea erabaki du. Komunikatzeko tresna bakarrak ez dira komunikabideak. Kasurako, barne komunikazioa formula eraginkorra da, baina egin egin behar.

Justizia-edo. Espainiako Justizia sistema ez dago treguan: Altsasukoa “terrorismotzat” har daitekeen ikertuko du Auzitegi Nazionalak. Hori, gaurko berria. Astelehenekoa: EH Bildu lehen aldiz joan zen EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldira, Justizian arloan ere aurrera egiteko koalizioak berak daukan “borondatearen” erakusle modura. Kontrasteak.

Bozeramaileak. Eusko Legebiltzarreko taldeen bozeramaileak: EAJkoa Joseba Egibar, EH Bildukoa Maddalen Iriarte, Elkarrekin Podemosekoa Lander Martinez, PSE-EEkoa Jose Antonio Pastor eta PPkoa Borja Senper. Hiru euskaldun; lehen hirurak. Jarraipena egin beharko hiruren euskararen erabilerari. Txillardegik BAT aldizkarian (2002): “Lehenik kontzientzia sortzen da eta gero, pixkanaka, mugimendua etortzen da”.♦

Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑