Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 5 of 31)

Eragina bai?

Aurki: apirilaren 28an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta maiatzaren 26an udal eta, Hego Euskal Herriaren kasuan, foru bozak. Bi hitzorduak hain gertu egonik, Espainiakoetako irabazlearen eragin efekturik izango al da udal eta forukoetan, haren alde? Estatuko eta EAEko eremuko lau hitzordu elektoral jakini erreparatuz —eta esanik ez zirela orain bezain hurre portunatu eta beste faktore batzuk ere sartzen direla tartean—, ikusten dena da Gorteetarako bozetako EAEko irabazleak (EAJk) gora egin zuela erkidegoko eta foruetako hurrengo hitzorduetan, eta Gorteetarakoetan estatuan irabazle ateratako alderdiak, behera. (Espainiako bozen aurreko EAEkoak edo foruetakoak ere badira azpiko taulan, eta hor ikusten da indar estatala gero normalki igo egin zela EAEko edo foruetako hurrengo hauteskundeetan, baita EAJ ere)

EAEko eremuan:
1982, Espainiako bozak (PSOEk gehiengo osoa): 1. EAJ %31,8           2. PSE %29,3
1983, foru bozak:                                                                     1. EAJ %39,8           2. PSE %26,4
(1980, EAEko bozak:                                                              1. EAJ %38,1           3. PSE %14,2)
……
2000, Espainiako bozak (PPk gehiengo osoa):        1. EAJ %31,2           2. PP %29,1
2001, EAEko bozak:                                                                1. EAJ-EA %42,7   2. PP %23,1
(1999, foru bozak:                                                                    1. EAJ-EA %35,2   3. PP %19,3)
……
2004*, Esp. bozak (PSOEk ia gehiengo osoa):           1. EAJ %34,1          2. PSE %27,5
2005*, EAEko bozak:                                                               1. EAJ-EA %38,6  2. PSE %22,6
(2003*, foru bozak:                                                                   1. EAJ-EA %46      2. PSE %21,8)
……
2011, Espainiako bozak (PPk gehiengo osoa):       1. EAJ %27,7             4. PP %18
2012, EAEko bozak:                                                               1. EAJ %34,6             4. PP %11,7
(2011, foru bozak:                                                                   1. EAJ %31,6             4. PP %14,6) ♦

*ezker abertzale ofizialaren legez kanporatze garaia zen, eta horrek eragin zuen beste taldeen babesaren batez bestekoetan.

Eskertzen da

Ainhoa Etxaidek Euskadi Irratian esan du Espainiako Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren katalan independentistak “matxinatu” egin zirela, “guztiz ankerra den estatu eta legedi baten aurrean, elkarrizketarik nahi ez duen estatu baten aurrean”. Gauzak garbi. Matxinatu. Desobeditu. Defentsa juridikoaren estrategia batean normaltzat har daiteke auzipetuak eta haien abokatuak beste hizkuntza batekin aritzea, baina bestela, dialektikoki eta gogoetarako, eskertzen da gehiegizko eufemismo, suzedaneo eta hitz erdi hutsen garaian Etxaidek bezala Katalunian gertatutakoa zer izan zen azaltzea. Katalan independentista militante horiek ez dira ari epaitzen haien ideia politikoengatik, ideia horien ekintza politikoagatik baizik; ekintzaileak dira. David Fernandezek BERRIAn: “Nola garaitu Estatu arrazoia? Nola eragotzi shock-aren doktrina? ‘Hura desobedituz’, diote dakitenek. Zeren eta bai baitakigu zein den hori ez egitearen alternatiba”.♦

Jonathan Powellen elkarrizketa, ingelesez eta espainolez ere bai

Gaur (2019-2-10) argitaratu du BERRIAk Jonathan Powell nazioarteko bitartekariak euskal gatazkari buruz eskainitako elkarrizketa. Nekez mintzatzen da Powell hedabide batean, eta eskertzekoa da elkarrizketa eman izana. Eskertzekoa den bezala hori lortzeko lagundu dutenen jarrera. 2007tik aurrera, euskal gatazkaren ondorioak konpontzen joateko lanetan nazioarteko pertsonalitaterik garrantzitsuenetakoa izan da Powell. BERRIAri emandako elkarrizketa ingelesez eta espainolez ere badugu, dokumentu banatan. Hementxe. (Post scriptum: 1. Atxikita frantsesez lapurpen bat, besteekin batera prestatutakoa. 2. Atxikita elkarrizketaren PDFak):

Continue reading

Jonathan Powellen elkarrizketa BERRIAn

BERRIAk igande honetan Jonathan Powell nazioarteko bitartekariaren elkarrizketa argitaratuko du, euskal gatazkari buruzkoa. Euskal Herrian azkeneko aldiz jendaurrean iazko maiatzaren 4an azaldu zen, Kanbon, ETAren desegitearen biharamuneko topaketan, eta harekin harremanetan, zeharka, aste batzuetara jarri ginen, elkarrizketa eskatzeko. Udan eman zuen baiezkoa, eta azkeneko egunetan erantzun ditu galderak. 11 urte egin ditu Powellek Euskal Herriko gatazka konpontzeko erraztaile lanetan: 2007tik, iaz arte. BERRIAko elkarrizketan “harro” agertu da prozesuan parte hartu izanaz, eta bakegintzarako euskal eragile politikoek eta sozialek egindako lana nabarmendu du. Munduko hainbat gatazka politiko, armatu edo diplomatikoren konponbide prozesutan bitartekari eta bideratzaile ere jardun du —1990eko hamarkada bukaeran, Ipar Irlandako bake akordioaren negoziatzaile nagusietakoa izan zen, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroaren aginduz, eta, berriki, Kolonbiakoan parte hartu du—. Halakoetarako sortu zuen gobernuz kanpoko erakunde bat: InterMediate. Gaur egun, munduan hamalau gatazka desberdinetan dabil lanean, elkarrizketan kontatu duenez; batetik bestera beti. Nekez agertzen da publikoki, eta gutxitan hizketan. Idatziz erantzun ditu BERRIAren galderak. Bihar (ostirala), elkarrizketaren aurrerapen bat Berria.eus-en.♦

Telebisatuta dago

EAJren adar subiranisteneko ordezkari instituzional gorenari elkarrizketa egin dio BERRIAk: Markel Olanori, Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Egungo legealdiaz aritu dira, balorazio modura. Eta, aurrera begira, igar daiteke segituko duela EAJ-PSE aliantza instituzionalak. “Beti eduki dugu oso harreman ona [PSE-EErekin foru gobernuan]. Leialtasun giroan kudeatu ditugu desadostasunak”. EAEko balizko estatutu politiko berriaz ere jardun dute: “Erabaki eskubidea bazter uzten badugu, geure burua izugarri mugatuko dugu”; alegia, gaur bezala, baina hor segitzen dute subiranistek Espainiako erregimenean, ospa egiteko barne indarrik eta estrategiarik gabe. Luzerako doa EAJ-PSE aliantza; gune nagusietarako, telebisatuta dago 2019-2013ko udal eta foru legealdia. Izan ere, post-Ibarretxen, EBBk ez zuen nolanahi gauzatu biratzea, 2013an PSErekin “Euskadiren egonkortasunerako” akordioa sinatuta eta 2015etik aurrera gobernuak osatzen hasita. Ordutik ez da bestelako aliantza instituzionalik eratu Euskal Herriaren mendebaldean, Errenteriako Udalean salbu.♦

Luhuso: ardo saltzailearen pasadizoa

BERRIAk jendaurrean lehen aldiz bildu ditu Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai  Luhusoko ekintzaileak, Luhuson bertan, epaileak haiei elkarrekin egoteko debeku judiziala kendu ostean. Bideo erreportajeaz gain, pasadizo hau igo dugu sarera: Errekartea baserrian ETAren armategiarekin Etxeberri, prest zituen txioekin, bakarrik zegoenean, ardo saltzaile bat azaldu zenekoa.♦

‘Pueblos’-en azkeneko ekarpena

Euskal Herrian berak bake prozesua bultzatzeko asmoz, duela bi urtetik Foro Sozialeko kideetakoa da Paz con Dignidad gobernuz kanpoko erakundea, eta beste prozesuetako irakaspenez arduratzen da. Besteak beste, joan den martxoan, DDRa (Desarmea, Desmobilizazioa eta Birgizarteratzea) euskal kasuan: bideragarritasuna eta aukera jardunaldia antolatzen lagundu zuen —Donostian izan zen—. 1995etik Pueblos aldizkaria argitaratu izan du; hiru hileroko maiztasunarekin, formatu digitalean. Orain dela hilabete bat itxi zuten Pueblos, baina, hala ere, iragarria dute bi zenbaki berezi aterako dituela aurki. Horietako bat, Euskal Herriko bake prozesuari buruzko monografikoa.♦

« Artikulu zaharragoak Artikulu berriagoak »

© 2023 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer