ETAk gaur 41 urte egin zuen Nafarroako bere lehen hilketa —Joaquin Imaz Martin Espainiako Polizia Armatuko komandantea, Iruñean—, eta duela hilabete bat Mariano Ferrer Egin-eko orduko zuzendariak ETB1en Katebegia-n ‘Egin’, 20 urtez itxita saioan esan zuen —bideoan 23.52 falta denetik 22.42rako tartean— bera “kontziente” zela testuinguru politiko hartan egunkari berriak “ETAren inguruan jarreraren bat hartu beharko” zuela. Hilketa haren ondotik, hartu zuen: azaroaren 29ko zenbakian ETAri borroka armatua uzteko eskatu zion Egin-ek —behean, iritzi hori zekarren orrialdea—. Idatziaren “tesia” hau zen, Ferrerrek ETB1en adierazi zuenez: “‘Demokraziarako dugun aukera bakarra probestu behar dugu. Aukera hau aprobetxatzeko ETAk borroka armatua utzi behar du’. Horren garbi esaten zuen Egin-ek 1977an”.♦
Page 9 of 48
Harrigarri egiten da Euskal Herriko ezker espainiar edo estataleko batzuek zer balio txikia ematen dion euskal estatus politikoaz izandako herri galdeketen parte hartzeari, baxua izan dela iritzita. Kontsulta haiek konparaziorako oinarri hartuta, hipotesi bat eginda erraza da beste kalkulu batzuk egitea. Hemen, zifra batzuk borobilduz, ateratzen dena.
Euskal Herriko galdeketak estatus politikoaz:
– 209 herri galdeketetan 1.061.000 laguneko errolda izan da.
– 1.061.000 herrritarrok, 209 udalarri horietako biztanleriaren %80 inguru osatzen dute.
– 209 udalerri horietan, Euskal Herriko biztanleriaren %38 inguru bizi da.
– 1.061.000ko erroldarekin, %20,5eko parte hartzea egon da. 218.000 boto.
– Euskal Herriko udalerrien %30,5 osatzen dute 209 udalerri horiek.
Espainiako Estatuko galdeketak monarkia-errepublikaz:
– Espainiako Estatuko biztanleriaren %38, 17.750.000 herritar dira.
– 17.750.000 herritarren %80, 14.200.000 dira. Hori litzateke errolda.
– 14.200.000ko erroldan %20,5eko parte hartzea balego, 2.911.000 boto lirateke.
– Espainiako Estatuko udalerrien %30,5, 2.500 udalerri dira.
Galdera da: Espainiako Estatuko biztanleriaren %38 osatzen duten udalerrietan monarkia ala errepublika galdeketak egin eta hiru milioi lagunen botoa jasotzea, parte hartze txikia al litzateke?
Kontsulta mota hori antolatuta, zalaparta politiko eta mediatiko handia sortuko litzateke estatuan —sozializazioaren eta parte hartzearen onerako—, eta sustatzaileek, apika, lagun lituzke euskal (eta katalan) subiranistak. Adibidez, 209 galdeketa hauetako protokolo garantistaren berri emateko.♦
BERRIAko artikulu analitikoaren (2018-11-18) laburpena: Beste alerik ezean —ez da iragarria—, duela lau urte abiatutako herri galdeketen zikloa gaur bukatuko da, Gipuzkoan Donostian eta Irunen, eta Bizkaian Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan kontsultak eginda. Haiekin, 209 izango dira —Euskal Herriko udalerrien %30,5etan galdeketak—, eta berrehun mila pasa boto. Harez gain, bada mugimendu gehiago, instituzionalki eta sozialki: EAEn, EAJren eta EH Bilduren artean estatus politiko berri baterako oinarriak; Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresua, aurrera begiratzeko; Demokrazia Bai plataforma, eta, haren zentzu desberdin batean, Euskal Herriko Federalistak. Ziklo berri baterako zenbait zume dira. Gainera, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian berritasun instituzional handiak gertatu dira azkeneko urteetan. Herri instituzionalerako eta sozialerako zume batzuk dira.♦
BERRIAko analisiaren (2018-11-10) laburpena: Arazoa Espainiako Estatua eta haren estatu estrategia da. Pozesua izan aldebikoa ala aldebakarrekoa, parean zein den garbi izatea ona da beti. Buruan eta agendan zeure nazioa izatea ona den bezala. Ordea, harrigarria da klase politiko subiranistan zenbat hitz egiten den Espainiaz. Europan eta munduan nazio gisa aritzeko, besteak beste langai dute Kataluniako bezalako egitura diplomatiko bat sortzea euskal subiranistek. Logikak dio burujabetza prozesu bat zaila dela garatzea aurretik estatu egitasmoak eta baliabide nazionalak diseinatu gabe. Katalan independentistekin hizketan ari da EH Bildu, indarrak batzeko eta estrategiak partekatzeko. Negozio ona litzateke haiengandik halako gauzak ikasten joateko. Orobat, katalan ordezkari politikari askok balukete ikastekorik ezker abertzaletik Espainiako Estatuaren benetako izaeraz, eta, erresistentzian, trebeagoak eta kementsuagoak izateko.♦
ETAk bere atzeneko Zutabe-an (114.a) dio bere gain hartzeke zituen bi ekintza onartu dituela erakundearen amaieran. Batetik, 1981ean Tolosan hiru herritar hil zituela poliziak zirelakoan, eta, bestetik, 1974an Madrilen Correo kalean lehergailu bat eztandarazi zuela kafetegi batean, polizia indarren kontra aurreikusitako ekintza batean, eta hildako ia guztiak zibilak zirela. Zutabe hori 2018ko apirilean datatutakoa da, baina haren berri orain jakin da publikoki, atzo Gara-k eta Naiz.eus-ek zati batzuk argitaratuta. Egunotan hedabideetan asko aipatu dira Tolosako eta Madrilgo hilketa horiek. Dena dela, Zutabe honen berri izan aurretik, ETAk bi ekintza horiez hitz egin du lehenago: aurten, ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa liburuan (Iñaki Soto, Txalaparta-Gara, 2018ko ekaina), 152. orrialdean —bi zerak, behean—. Maiatzaren 3an desegin aurretik ETAk emandako elkarrizketa liburua da.
BERRIAko analisiaren (2018-10-24) laburpena: Urbina abokatuak aitortu du “ustekabea” izan dela Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia. Mendeku gosea duenak baizik ez dezake ontzat jo zigorrak ez batzea. Parot doktrinarekin, auziko 60ren bat euskal presoek legez zegokien baino urte gehiago egin zituzten kartzelan. Antzekoa ari da gertatzen orain, Frantziako urteak ez dituelako aintzat hartzen Espainiak. Estrasburgoko auzitegiko Areto Handiak nekez botako luke atzera erabakia. Luxenburgoko auzitegiko aukera ere, nekez ikusten da. Baita Espainiako Kongresuaren bidez 7/2014 legea erreformatzea ere. Eroso dabil Moncloa —hura bakarrik?—. Currinek euskal alderdiei eta gizarte zibilari ohartarazi die Madrili “presioa” egiteko. Joan den larunbateko manifestazioan jauzi bat egin zen kualitatiboki, baina ez kuantitatiboki, eta balegoke zer hobetu: herritar dinamikaren proiekzioa, “premiazko” aldarrikapenen azpimarratze handiagoa —afera honetako presoek ere baliatzeko—… Egun, presoek dute presioa.♦
(artikuluari sarean erantsitako pieza) Brian Currinek, urteotako ibileran, bazkari berezi bat egin zuen behin Ormaiztegin, 2012ko apirilaren 22an. Nazioen Munduak aurreko egunean Gazta zati bat dokumentala aurkeztu zuen Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian, Jon Maiak egindakoa, eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak dio haien insistentziaren ondorioz lortu zela Currin ekartzea aurkezpenera. Alabarekin etorri zen. Hurrengo egunean, igandearekin, Olaberriako gaztategi batera eraman zuten —Xanti Etxezarretaren gaztategira—, eta handik Ormaiztegira, Kuko jatetxera. Igandez itxita izan ohi da, baina Iker Markinez jabeak zabaldu egin zuen okasiorako —kuadrilakoa du Angel Oiarbide, eta…—. Han ziren Rios edota Eskoziako ordezkari batzuk ere; 12-15 lagun denera. “Currini goizean bildutako zizak erakutsi zizkion nagusiak, baita eguneko tomateak ere”, oroitzen da Oiarbide Nazioen Munduko kide ohi eta Gure Esku Dago-ko eleduna. “Harrituta geratu zen. Horiek eta beste gutizi batzuk bazkaldu genituen”. Postre garaian, Currinek Maiari: gaia eta doinua jarriko zizkiola bertso bat botatzeko. Doinua: The Beatlesen bat. Gaia: politikoa. Bota zuen Maiak. Nazioen Mundua egin zen Currinen bidaiaren eta egonaldiaren kargu. Oiarbide: ”Geure inozentzian, ekartzera ausartu ginen, eta lortu genuen. Txikitik ere gauza asko egin daitezke. Guretzat oso garrantzitsua izan zen”.
Lehen argazkian, Jon Maia, Brian Currin, Juantxo Sardon eta Dani Oiarbide, 2012ko apirilaren 22an, Ormaiztegin, Kuko jatetexean. Bigarrenean, Iker Markinez sukaldariarekin Currin, orduan.♦
Azken iruzkinak