Bilaketa: UPN

Bilaketa azalpenetan:

idazkuntza >> Estiloa >> Alferrikako lokailurik ez

Lokailuak esaldien arteko lotura logiko eta semantikoak adierazten dituzten hitzak edo esapideak dira. Hona hemen zenbait lokailu:

gainera, bestalde / bertzalde, era berean, halaber, orobat, berebat, behintzat, bederen, bederik, behinik behin, bestela / bertzenaz, osterantzean, gainerakoan, ordea, berriz, aldiz, ostera, aitzitik, alta, alabaina, dena dela, dena den, hala ere, hala eta guztiz ere, haatik, beraz, bada, hortaz, horrenbeste, halatan, hala, izan ere, hau da, alegia, azken batean, azken finean, hain zuzen ere...

Tresna bikainak dira diskurtsoa antolatzeko, baina gogaikarriak zaizkio irakurleari betegarri huts direnean, eta are gogaikarriagoak, kazetaritzan berriki asmaturiko klixeak badira:

[ez] zentzu honetan, ildo beretik, ildo berean...

[ez] Jose Angel Agirrebengoa NBBko presidenteak esan du komeni dela alderdien mahaia eratzea Nafarroan normalizazio politikoa lortzeko. Halaber, nafarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du. Ildo horretan, UPNk eta CDNk Nafarroako Parlamentuan onartutako idatzia salatu du, eta Nafarroaren erakundetze eredua nafarrek erabaki behar dutela azaldu.

[bai] Jose Angel Agirrebengoa NBBko presidenteak esan du komeni dela alderdien mahaia eratzea Nafarroan normalizazio politikoa lortzeko. Haren ustez, nafarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute. UPNk eta CDNk Nafarroako Parlamentuan onartutako idatzia salatu du, eta Nafarroaren erakundetze eredua nafarrek erabaki behar dutela azaldu.

ortotipografia >> Laburtzapenak >> Siglak eta akronimoak >> Nola deklinatu

Sigla eta akronimo batzuk izen berezien ordezkoak izan ohi dira, eta haiek bezala deklinatzen dira.

UPNk atzo aurkeztu zuen lege zuzenketa.

NBEren erabakiak ika-mika piztu du. 

Beste batzuk izen arrunten ordezkoak dira, eta haiek bezala deklinatzen dira; beraz, artikulua hartzen dute.

GKEak laguntzeko prest daude.

Sekulakoa da BEZaren inguruko iruzurra.

Deklinatzean, ez erabili marratxorik.

Salbuespenak:

—Testua letra larriz idaztekoa denean —zintetan, esaterako—.  

UEU-KO KIDEA

—Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena bera direnean.

BBK-k erosi du

—Sigla ahoskatzen denean bukaerako -r letra gogortzen bada.

Iheslariak babesteko eskatu du CEAR-ek.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa