Sanferminetan bi emakume bortxatu dituztela salatu dute

Elkarretaratzea egin dute Iruñeko udaletxearen aurrean andreen kontrako indarkeriaren aurka

Sanferminetan bi emakume bortxatu dituztela salatu zuten udaletxearen aurrean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Azken bi egunetan San Fermin festetan bi emakumeri sexu erasoa egin dietela salatu dute. Andrea elkarteak baieztatu du igande goizaldean 16 urteko emakume bat bortxatu zutela Iruñean, eta Espainiako Poliziak, berriz, jakinarazi du 22 urteko emakume batek salaketa jarri zuela, atzo, goizaldean alde zaharrean sexu erasoa jasan zuelako.

Andrea kolektiboaren arabera, igande goizaldean 16 urteko neska iruindar bat bortxatu zuten Iruñean, sanferminen barruan. Emakumea erietxe batean artatu behar izan zuten. Neskak atzo artean ez zuen salaketarik jarri, baina Andreak ustezko bortxaketa ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari.

Horrez gain, Espainiako Poliziak jakinarazi du 22 urteko emakume batek salaketa jarri zuela, atzo goizean, Iruñeko polizia etxe nagusian, sexu erasoa pairatu zuelako goizaldean. Salaketaren arabera, 05:45 aldera izan zen erasoa, Sarasate pasealekuko komun publikoetan, eta ustezko erasotzailea emakumeak apur bat lehenago San Nikolas kaleko taberna batean ezagututako 30 eta 35 urte arteko gizonezko bat da. Polizia haren bila dabil.

Hasiera batean osasun etxe batean artatu zuten gaztea, baina gerora Bideko Ama ospitalera eraman zuten, azterketa ginekologiko sakonagoa egiteko.

«Sanfermin hauetan bi emakume gazte bortxatu dituzte, eta emakume askok jasan behar izan ditugu era anitzetako eraso sexistak. Badirudi Sanferminetan denak balio du ustea berriz ere gailendu dela azken urteetan bezala. Baina entzun gaitzatela, sanferminetan, beste edonon moduan, denak ez du balio», adierazi du ohar baten bidez Gora Iruñea taldeak.

Bide batez, kolektiboak salatu du sanferminetan gertatzen diren sexu erasoak ezkutatzen saiatzen direla Nafarroako erakundeak: «Nola liteke sanferminetan bi emakume bortxatzea eta Iruñeko Udalak ez jakinaraztea eta iritzirik ez ematea? Are gehiago, nola liteke, behin kasuak ezagututa, instituzio publikoetara deitu eta erasoak ez onartzea?».

Gora Iruñeak sanferminetan izandako eraso sexisten gaineko «informazio erreala» eskatu du: «Denok dakigu zein den errealitatea, nahiz eta Iruñeko Udalak eta gainerako instituzio publikoak ezkutatzen saiatzen diren. Horrez gain, izandako salaketa guztien gaineko jarraipena exijitzen dugu, eta haiek saihesteko neurri errealak eta eraginkorrak jar ditzaten eskatu».

Itziar Gomez Nafarroa Baiko Iruñeko zinegotziak ere udalaren jarrera salatu du. Haren iritziz, «Iruñeko Udalaren iturri ofizialek ezkutatu egiten dituzte halako gertaerak, denok dakigun arren festetan zer gertatzen den». Alde horretatik, udalak oharren bat atera beharko zukeela uste du Gomezek: «Halako gertaerak ezin dira ezkutatu. Festak alderdi zuria eta beltza ditu».

Protesta udaletxean

24 orduko tartean izandako bi ustezko bortxaketen aurka azaltzeko elkarretaratzea egin zuten, atzo arratsaldean, Iruñeko udaletxearen aurrean. Besteak beste, Gora Iruñeak, Iruñeko Peñek eta Andrea elkarteak antolatu zuten protesta ekitaldia, eta ehunka lagun bildu ziren Eraso sexistarik ez! lelopean. Eta bildutakoen artean zeuden Iruñeko Udaleko zinegotzi Peio Martinez Eulate, Iruñeko Peñen Federazioko presidente Endika Lacuey eta La Jarana peñako presidente Igone Aroca. Alde Zaharreko erraldoiek ere parte hartu zuten protesta ekitaldian. Bilgune Feministako eta Gora Iruñeko kide Zuriñe Altablek eta Jaione Martinezek dei egin zuten erasoei aurre egiteko «sare soziala» osatzera.

Iaz bezala, Bilgune Feminista eta Peñen Federazioa jai parekideen aldeko kanpaina ari dira egiten aurtengo sanferminetan. Eta, horrez gain, uztailaren 7a Lila Eguna izan zen, genero indarkeriaren kontrako eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.