DBHko 3. eta 4. mailako eta batxilergoko ikasleei zuzendutako programa didaktikoa da “Komunikazioaren erronkak XXI. mendean”. Komunikazioaren egungo erronken inguruko gakoak eskaintzen ditu, eta atal ugari lantzen ditu: sare sozialak, albiste faltsuak, kazetaritza generoen nondik norakoak… Komunikazio hizkuntzaren sekretuak argitzen ditu, idatzizko eta ahozko erabilerari dagokionez. Programazio didaktikoarekin batera, ingurune digital oso bat eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen dizkizu BERRIAk. Programa osorik edo unitateka kontratatu daiteke.
Unitate didaktikoak
Zer da komunikatzea?
Lehenengo unitate didaktikoak ikasleak kokatuko ditu: komunikatzea eta kazetaria zer den ikusiko dute, euskarazko hedabideen historia laburra, hedabide motak eta genero nagusiak… Eta albiste bat idazteko erronka izango dute.
Sareen korapiloan
Bigarren unitatean sareen munduan sartuko dira buru-belarri. Informazioa lortzeko erabiltzen diren berri iturriak ezagutuko dituzte, eta komunikabideek Interneten duten presentziaz, fake news-ez eta Adimen Artifizialaren eraginaz jabetuko dira. Amaitutakoan, sareetan zabal daitekeen ikus-entzunezko labur bat egin beharko dute albiste batekin.
Informazioaren bonba buru osasunean
Hirugarren unitateak buru osasunean jarriko du fokua. Etenik gabeko informazio jarioak buru osasunean duen eraginaz eztabaidatuko dute ikasleek. Iritzi generoei buruz ere ariko dira, eta gaiari buruz egindako hausnarketa iritzi artikulu batean adieraziko dute.
Hitzaren pisua
Laugarren unitatean hitzek duten pisuaz arituko dira ikasleak, hots, hizkuntzaren, idazkeraren eta ahoskeraren garrantziaz. Zalantzak argitzeko BERRIAren Estilo Liburua ezagutuko dute, adibidez, hizkera sexista edo diskriminatzailea saihesteko. Ikasleek eurek erabakitako elkarrizketak eginez landuko dute teoria.
Istorioen bila
Bosgarren unitatean gutxiengoen erronkak eta gatazkak komunikatzearen garrantzia landuko dute ikasleek, baita ere gaur egun Euskal Herrian eta munduan dauden gatazka sozial eta politiko garrantzitsuenei erreparatzen. Amaieran, kronika edota erreportaje bat sortzeko erronka izango dute.
Urte bukaerako proiektua
Amaiaerako unitatea osatzeko eduki informatiboren bat sortu beharko dute ikasleek, taldeka: aldizkari bat sortu, podcast bat edo irratsaio bat egin, edo ikus-entzunezko lan bat grabatu.
Unitateak erabiltzeko, programa kontratatu behar duzu:
