
Albina Stardust, 'drag' artista: «'Drag'-ak aske egiten gaitu»

Ortzadarraren kolorez beteko dira gaur kaleak, eta aske izateko nahia aldarrikatuko dute askok, LGTBI harrotasunaren eguna baita. Kolektibo horren erreferentea da Albina Stardust (Burlata, Nafarroa, 1997) drag artista; harro dago hori izateaz ere. Ane Insausti Barandiaran
Aldarrikapen eguna da gaur?
Beti da. Gure modura aldarrikatuko dugu, noski: beti izango da koloretsua, alaia. Baina horrek ez dio kentzen borroka eta aldarrikapena.
Drag artista ez-bitarra zara. Zer da drag-a?
Drag-ak gara genero adierazpenarekin jolasten garen artistak: arroparekin, makillajearekin, ilearekin... erakutsi nahi diogulako munduari ez duela inporta nor zaren, jantzi zaitezkeela nahi duzun bezala. Eta ez zarela mugatu behar mutila edo neska izatera: beste aukera asko daudela. Ez da mozorro bat, ez gara ezkutatzen; drag-a egitean munduari erakusten diogu nor garen. Ez dakit guztiz, baina libreagoa behintzat sentitzen naiz.
Nola hasi zinen drag munduan?
Nerabea nintzela ikusi nuen lehen aldiz Divine, AEBetako drag bat. Gero, gehiago ezagutzen hasi nintzen Yogurina Borova eta estatu mailako beste trabesti batzuk. Liluratuta nengoen. Gero, unibertsitatean esan nuen: zergatik ez probatu? Eta hor hasi nintzen jolasten, esperimentatzen...
Erreferenteak izan zenituen.
Bai, Internetek ere asko eragin du gure kasuan; ikasteko modu bat eman digu. Yogurinak kontatu izan digu berak tabernetara joan behar izaten zuela ikusteko nola makillatzen ziren beste trabestiak. Guk Interneti esker ikasi dugu asko nortasunari edo identitateari buruz. Nik, adibidez, ez-bitarra lehen aldiz Interneten irakurri nuen, eta horri esker jakin nuen nor nintzen.
Drag-a euskarara ekartzea ere lortu duzue.
Bai, konturatu nintzen gazteleraz hitz egiten bagenuen hemengo jendeak ez zuela konektatzen gurekin. Baina euskaraz egiten hasi ginen, jendeak ikus zezan drag-a hemen ere egiten dela eta euskalduna ere badela.
Eta orain, zu zara erreferente askorentzat. Nola sentiarazten zaitu horrek?
Egia esan, harro sentitzen naiz nire lanarekin, eta pertsona bakar bat inspiratzen badut bai drag-ean hasteko edo besterik gabe bere egunerokoan askeago izateko, horretarako egiten dut.
Aurrera begira horretan ikusten duzu zeure burua?
Espero dugu baietz [barrez]! Drag-a ez da bakarrik lanbide bat: nire identitatearen parte bat da. Ez ditut ezberdintzen Eneko eta Albina. Pertsona bera gara. Drag-ak ez dauka adinik; edonork egin dezake, eta, are gehiago, uste dut guztiok egin beharko genukeela bizitzan behin gutxienez. Drag-ak askatu egiten gaitu, eta laguntzen digu geure burua ezagutzen.
Nolako gizartea nahi zenuke?
Betaurreko positiboak jantzita, irudikatzen dut gizarte askotariko bat, feminista, mundu guztia sartzen dena bertan. Generorik edo etiketarik gabeko gizarte bat gustatuko litzaidake. Baina momentuz etiketak behar ditugu, eta hau dena aldarrikatu behar dugu, horra iristeko. Baina bai, gizarte feminista, euskalduna, eta askotarikoa. Eta Palestina aske izatea.
MOTZEAN
- Film bat? High School Musical.
- Abesti bat? Harribitxi.
- Plater bat? Patata tortilla.
- Kolore bat? Horia.
- Erreferente bat? Yogurina Borova.