Amaia Mariezkurrena, itzultzailea: «Gure iritziak nondik elikatzen ditugun pentsarazteko liburu bat da»
Ane Insausti Barandiaran
Gizon bat iritsi da uhartera. Zer gertatuko da?
Gizon horrek zenbait erreakzio sortuko ditu bertako biztanleengan. Erreakzio kate horren ereginez, herritarrek hainbat erabaki hartu beharko dituzte, eta ondorio batzuk izango dituzte.
Hark ez du ezer ere egingo; halere, baztertu egingo dute.
Pertsona hori guztiz biluzik dago; istorio osoan ez dauka ahotsik, eta, are, gizatasunik ere ez. Oso argi ikusten da pertsona zaurgarria dela eta ez dakigula zergatik; beldurraren atzean dauden diskurtso horiek ez dituela ekarri berarekin.
Haren beldur direlako tratatuko dute horrela?
Album ilustratu honetan, mundu ikuskera jakin bat daukate uharteko herritarrek: gizarte patriarkal eta zuri bateko mundu ikuskera. Ikusten da zer diskurtso hauspotzen dituzten gizarteko diskurtsoak sortzeko ahotsa daukaten horiek —irakasleak, komunikabideak, polizia, apaiza...— .
«Arrotza, beldur iturri», dio liburuan prentsak, adibidez.
Irakurleak ez du apaingarririk aurkituko, eta oso modu zinikoan salatuko da egoera. Xenofobiari buruz hitz egiteko eta gure iritziak nondik elikatzen ditugun pentsarazteko liburu bat da. Gainera, koloreak oso ilunak dira, eta zuriak presentzia handia du...
Armin Grederrek 2007an sortu zuen albuma. Ez du gaurkotasunik galdu?
Asko gustatzen zait azpiizenburua: eguneroko istorio bat. Gizakia gizaki denetik gertatzen den gauza bat da. 2007an balio zuen, eta gaur egun ere bai: balio du gogoeta egiteko zer den etorkin bat hartzea.
Istorio gogorra da; garrantzitsua da haurrei ere halakoak erakustea?
Literaturak ez du beti amaiera zoriontsu bat izan behar. Liburu honek zerbait mugiarazi nahi dio irakurleari, inolako apaingarririk gabe. Zergatik ez dizkiegu erakutsiko horrelakoak haurrei?
Zergatik erabaki zenuten lan hau itzultzea?
Euskaraz ere horrelako obrak behar ditugu; arrakasta handia izan duen album bat izan da. Ez bakarrik sari asko jaso dituelako, baizik eta literatur munduan gabiltzanontzat klasiko bat delako. Ingelesez, gaztelaniaz eta beste hizkuntza handietan dauzkaten bezala, euskaraz ere zergatik ez?
FITXA
- Izenburua: Uhartea.
- Egilea: Armin Greder.
- Itzultzaileak: Amaia Mariezkurrena Serrano eta Borja Ariztimuño Lopez.
- Adina: 8 urtetik aurrerakoentzat.
- Argitaletxea: Txalaparta.
- Bilduma: Axuri Beltza bilduma.
- Prezioa: 18 euro.