Ane Garmendia, aktorea: «Aurretik antzerkian ibili gabea nintzen»
Istripu bat izan zen azkenean? Gazteetako bat hilda agertu zen Irabazi arte-ren aurreko denboraldiko azken atalean, eta bihar hasiko da argitzen dena. Aurreko urtean bezala, Itsasoren rola jokatuko du Ane Garmendiak (Oiartzun, Gipuzkoa, 2005).
Ane Insausti Barandiaran
Gordin amaitu zen Irabazi arte-ren aurreko denboraldia, igerilekuan agertu zen hildakoa tarteko. Bihartik aurrera argituko da misterio hori, ezta?
Bai, bai; lehen kapitulutik bertatik hasiko da argitzen hildakoa nor den, zer gertatu den...
Nolako denboraldia izango da Itsasorentzat?
Sekretuz betetakoa; pertsonaia bakoitzak izango du bere sekretua, baina itsasok, bereziki, sekretu handi bat dauka gordeta.
Aurrestreinaldietan nola sumatu duzue jendea?
Izugarrizko harrera egiten digute beti, eta berotasun handia eman digute aurten ere. Pozgarria da. Asko eskertzen diegu.
Nesken futbol talde baten abenturak kontatzen ditu telesailak, eta zu futbolean aritzen zinen aurrez. Zaila izan zen zure rola prestatzea?
Ez... Ni futbolagatik aurkeztu nintzen castingera. Aurretik antzerkian ibili gabea nintzen, eta interpretazioaren alorra izan zen niretzat erronka. Grabaketetan, askotan, koreografia lana izaten da dena; aurretik entseatzen dugu nori pasatu baloia, jokaldiak nola egin... eta hori antzezten dugu gero. Ez da hain zaila izan.
Futbol munduan bazeneukan erreferenterik?
Oso realzalea naiz, eta Xabi Prieto gustatu izan zait beti. Oso kontziente izan naiz emakume erreferenteak badaudela, eta asko begiratu izan diot Irene Paredesi.
Zuek orain nabari duzue beste batzuen erreferente zaretela?
Askotan ez dugu sinisten, baina egia da eredu izan gaitezkeela. Neska eta guraso asko etorri zaizkigu esanez herriko taldean hasi direla edo hutsetik futbol talde bat sortu dutela herrian.
Ane Garmendia futbol jokalaria edo aktorea, nola aurkezten duzu zeure burua?
Berezia da nire kasua. Erizaintza ikasketak egiten ari naiz, beste bide bat hartu dut, eta Irabazi arte parentesi moduko bat da niretzat; oso esperientzia berezia izaten ari da. Hala ere, inoiz ezin da jakin non bukatuko dugun, eta zabalik utziko ditut ate guztiak.
Nolakoa zinen umetan?
Nahiko lotsatia nintzen, eta futbolean ibiltzen nintzen denbora guztian, mutilekin ia beti. Oso kirolaria nintzen.
Zer moduz moldatzen zinen eskolan?
Nahiko ikasle ona izan naiz betidanik. Osasun zientzien alorra hautatu nuen batxilergoan, eta Erizaintza ikasketak egiten ari naiz orain. Ikasle ona izateak lagundu dit gidoiak ondo ikasten.
Zer zaletasun zenituen?
Denetik probatu nuen, baita esku pilota ere. Musika ere asko gustatzen zait; gitarra jotzea, musika entzutea, eta baita irakurtzea ere.
Zeure burua non irudikatzen duzu 10-15 urte barru?
Ikasketak amaitu eta lanean gustura aritzea espero dut. Horrez gain, duela urte batzuk utzi egin behar izan nuen futbola, ikasketengatik eta pare bat lesio tarteko. Nork daki: agian, entrenatzaile moduan itzuliko naiz futbolera.
MOTZEAN
- Kolore bat? Urdina.
- Plater bat? Amonaren kroketak.
- Telesail edo film bat? Telesaika, Querer; filma, Hidden Figures.
- Abesti bat? Shawn Mendesen Lost in Japan.