Ane Sarasua, aktorea: «Oso babestuta sentitu naiz 'Go!azen'-en»
Basakabiri izena aldatu diote aurtengo Go!azen-en: Wellington Music Academy izango da denboraldi honetan. Bertan lur hartu du, beste pertsonaia askoren artean, Kaiak. Ane Sarasuak jokatzen du haren rola (Zarautz, Gipuzkoa, 2003) , eta lehen esperientzia du ikus-entzunezko ekoizpen batean. Gainera, telesailak Abadia saria jasoko du etzi, eta oso pozik hartu dute berria.
Ane Insausti Barandiaran
Zer giro Wellington Music Academyn?
Denboraldi hau inoiz baino gehiago zentratuko da musikan. Ikasleen prestaketa musikala areagotuko da, eta haien artean lehiaren bat sor daiteke...
Hautaprobek zalantzak sortu dituzte... Zer aurreratu daiteke?
Bai, aurten Basakabira sartzeko proba batzuk egin dituzte, ikusteko zer musika maila duten ikasleek. Ikasleek gehiago eskatuko diote beren buruari.
Zure lehen urtea izan da telesailean. Zer moduz aritu zara?
Oso polita izan da, pila bat ikasi dut. Niretzako, lehen esperientzia izan da ikus-entzunezkoen munduan, eta horrelako giro batean sartzea ederra izan da. Hasieratik sentitu nintzen oso babestuta. Esana zidaten Go!azen familia handi bat bezalakoa dela, eta baieztatu egin zait.

Dantzatzea, abestea, antzeztea... Zer egin zaizu zailen?
Ni txikitatik inguratu naiz musikaz eta dantzaz; oso barnean sentitzen ditut. Antzezten ez dut hainbesteko esperientziarik, baina sentitu dut neure lekuan nengoela.
Artista jaio egiten dela usteko dute askok... Hala da?
Nik beti esaten dut: nahiz eta mila proiektu egin, beti ari naiz ikasten; hau ez da gelditzen. Lanbide hau horrelakoa da.
Ohitu zara zeure burua pantailan ikustera?
Gogorra izan da, benetan, e? Lehen aldiz [Donostiako] Zinemaldian ikusi nuen, eta etengabe neure burua epaitzen aritu nintzen. Hurrengo egunean esnatu, eta ez nintzen ezerekin gogoratzen. Bigarren aldia Bilbon izan zen, eta lasaiago ikusi nuen, ni izango ez banintz bezala. Orduan erlaxatu nintzen, eta gozatu nuen kapituluaz.
Eta zer moduz daramazu kalean ezagun izatea?
Udan, bideoklipa atera zenean hasi nintzen nabaritzen. Ohituko naizela espero dut. Umeek dena hain intentsitate handiz bizitzen dutenez... Baina jakin behar dugu haiek gabe Go!azen ez litzatekeela egongo. Ondo tratatu nahi dugu gure publikoa.

Abadia saria jasoko duzue etzi. Nola hartu du taldeak?
Oso pozik. Azkenean, ni aurten iritsi naiz, baina aurten jaso badugu ere, aurretik egindako lan guztiagatik da. Etzi ospatuko dugu Abadia sariaren ekitaldi bat, eta telesailean zenbait denboralditan parte hartu dugun batzuk batuko gara.
Baduzu proiekturik aurrera begira?
Go!azen-en kontzertu birarako lanean ari gara; igandean estreinatuko dugu, Azpeitian. Horretaz gain, antzerki, kantu eta dantza irakaslea naiz, eta horrek ematen dit egonkortasuna. Aktore moduan castingak egin eta egin ari naiz, ea proiektu berriren bat ateratzen den hortik. Castingak horrela dira: ezezko pila bat jasoko dituzu, baina ezezko horien artean baliteke baiezko bat egotea.
MOTZEAN
- Kolore bat? Urdina.
- Plater bat? Amaren kroketak.
- Telesail bat? Friends.
- Abesti bat? Kautaren Nostalgia.
- Erreferente bat? Nire gurasoak.