Argazkietatik argazkilarira

Vivian Mayer argazkilaria inspirazio iturri gisa hartuta, ‘Kuku. Ezkutuan dauden emakumeak’ antzezlana sortu du Eidabe antzerki taldeak. Artista izatearen garrantzia aldarrikatu dute bertan.

Ane Insausti Barandiaran

Argazkilari gazte batek negatiboz beteriko kaxa bat erosi zuen behin enkante batean, hirurehun dolarren truke, negatibo horien atzean zein argazki zeuden jakiteko nahiak eta kuriositateak bultzatuta. Horiek errebelatzean, zur eta lur geratu zen argazkien kalitatearekin: «Nork egin ditu argazki hauek?», pentsatu zuen. Vivian Mayer zen egilea, baina, nor zen jakin zuenerako, bi egun zeramatzan hilda. Mayer izan dute inspirazio iturri Eidabe antzerki taldekoek, Kuku. Ezkutuan dauden emakumeak ikuskizuna sortzeko.

Haurrak zaintzen lan egiten zuen emakume bat izan zen Vivian Mayer. Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan zen, XX. mendean, eta argazkilaritza zuen pasio. «Obsesionatuta zegoen, etengabe ari baitzen argazkiak eta argazkiak egiten. Milaka eta milaka argazki egin zituen; ikaragarria da haren obra», azaldu du Imanol Ituiño antzerkiko gidoigileak. Dena den, argazki asko errebelatu gabe uzten zituen, oso garestia zelako, eta ez zeukalako horretarako nahikoa dirurik. Eta, historiako beste hainbat emakume bezala, ez zen ezagun egin.