Autismoa: sentitzeko modu «berezia»


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA?

«Autismoa garunaren funtzionatzeko modu ezberdin edo berezi bat da. Azken batean, autismoa dutenek beste modu batean ikusi, entzun eta sentitzen dute». Horrela definitu du Inge Lazkoz Gautena elkarteko psikologoak autismoa. Horrek ez du esan nahi txarra denik, edo gaixorik daudenik, ordea. Azken batean, pertsona guztiak dira ezberdinak: badaude pertsona altuak, baxuak, berritsuak, isilak, taldean jolastea gustatzen zaienak, talde txikian jolastea nahiago izaten dutenak... Eta hori da autismoa dutenen ezaugarria: haien garunak modu berezi batean funtzionatzen duela. Gaurko egunez ospatzen dute Autismoaren Nazioarteko Eguna, hura ikusarazteko asmoz.

2. ZENBAT JENDERI ERAGITEN DIO?

Geroz eta handiagoa da autismoa dutenen inzidentzia, Lazkozen arabera. «Guk ere ikusten dugu, geroz eta ume gehiago iristen baitira gugana», nabarmendu du. AEBetako Autism Speaks izeneko elkartearen arabera, jaiotzen diren 68 umetik 1ek du autismoa. Hau da, biztanleria osoaren %1ek baino gehiagok.


3. NOIZ ATZEMATEN DA?

Psikologoak azaldu duenez, haurrek 2 urte dituztenean joaten dira gurasoak laguntza eske haiengana. Batzuetan lehenago ere bai: «Normalean, gurasoek esaten dute hemezortzi hilabeterekin hasten direla lehendabiziko zantzuak ikusten: umeek ez dietela begietara begiratzen, irribarre egin ondoren ez dietela irribarrea itzultzen, ez dutela seinalatzen, hasten direla joko errepikakorrak izaten...».

4. AUTISMO MOTA BAKARRA DAGO?

Autismo hitza erabiltzea ohikoa den arren, autismoaren espektroko nahasmenduak da termino egokia, autismo mota ezberdinak edo izateko modu ezberdinak baitaude, eta ezaugarri ezberdinak izan baititzakete. «Estereotipoetan sartuko bagina, ezaugarri komunak hiru taldetan bil ditzakegu: komunikazio mailako berezitasunak, harremanetan dituzten berezitasunak, eta jokabide eta prozesamendu sentsorialean dituzten ezaugarriak», azaldu du psikologoak.


5. ZER SENTITZEN DUTE AUTISMOA DUTENEK?

Adibide baten bidez azaldu du psikologoak nola sentitzen diren autismoa dutenak: «Pertsona bat ohitura oso ezberdinak dituen beste herrialde batera joaten denean bezala». Euskaldun bat Japonian balego bezala, adibidez: hizkuntza ezberdina da, idazteko modua ezberdina da, ohiturak ezberdinak dira… Nola sentituko da? «Nola sentituko litzateke? Ba, seguru asko, izututa, urduri... ez duelako ulertzen inguru hori. Kasu honetan gauza bera da. Gure lana da ume horiei laguntzea inguratzen dituen testuinguru edo inguru hori gero eta esanguratsuagoa izan dadin haientzat».

6. NOLA LAGUNDU DAKIEKE?

Horri aurre egiteko, pazientzia izaten, lasai eta argitasunez hitz egiten ikastea da gakoa, Lazkozen esanetan. Eta, batez ere, funtsezkoa da pertsona horiek alde batera ez uztea: «Umeak gonbidatu behar ditugu jolastera, baina behartu gabe; saiatu behar dugu atseginak izaten, ulerkorrak... Irudiak erabiltzen, pazientzia izaten eta ez epaitzen saiatu behar dugu. Errespetatu, denok baikara gizarte honen parte». Bereziki, haserretzen direnean; kanpotik, haserrealdi handi baten itxura hartzen baitio jendeak, eta pertsona hori epaitzen dute sarri: «Normalean, haserrealdi baten atzean komunikazio saiakera bat egoten da. Gurasoek edo inguruan dituen pertsonek jakingo dute nola atera ume hori momentu horretatik».

7. ADIBIDEAK

Hiru mailatan banatzen da nahasmendua, larritasunaren arabera, psikologoak azaldu duenez. Lehenengoan sartuko lirateke hizkuntza oso aberatsarekin hitz egiten dutenak, harremanak izan nahi dituztenak baina agian ez direnak guztiz eroso sentitzen, batzuetan txisteak ulertzen ez dituztenak, interes bereziak dituztenak… Eta beste muturrean, hirugarrenean, aldiz, hitz gutxi erabiltzen dituztenak, edo agian ez dutenak oraindik hizkuntza garatu, seinalatuz komunikatzen direnak, komunikatzeko piktogramak edo komunikadoreak erabiltzen dituztenak...

8. ZER DA GAUTENA?

Gautena Autismoaren Gipuzkoako Elkartea da, eta guraso elkarte bat da. Guraso elkarte gisa, saiatzen dira autismoa dutenei eta haien familiei laguntza eskaintzen, behar baldin badute bizitza ziklo osoan zehar. Izan ere, autismoa ez da haurrak txikiak direnean bakarrik gertatzen den zerbait: «Izateko modu bat da, eta izateko modu horrek pertsona horrekin jarraitzen du bere bizitza ziklo osoan zehar: haurtzaroan, gaztaroan, helduaroan, zahartzaroan…».

top