Azaroak 25: bortizkeriari aurre egitea
1. ZER DA INDARKERIA MATXISTA?
Azaroaren 25ean, batik bat indarkeria matxista salatzen da; hau da, emakumeek emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeria. Irainak, mehatxuak, kolpeak, publizitate sexista, txiste matxistak, gorputz estereotipoak... indarkeria dira.
2. AZAROAK 25
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da Azaroaren 25a. Proposamena Dominikar Errepublikak egin zuen, beste hirurogei herrialderen babesarekin. Nazio Batuen Biltzarrak 1999an onartu zuen eguna ofizialki. Horrela, emakumeek emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeria salatu eta hura desagerraraztea da egun horren asmoa.
3. ZERGATIK EGUN HORI?
Mirabal ahizpen omenez aukeratu zen azaroaren 25a. Izan ere, Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal gogor borrokatu ziren 1950eko hamarkadaren bueltan Rafael Trujillok Dominikar Errepublikan ezarritako diktaduraren kontra. Ekainaren 14ko mugimendua sortu zuten, eta tximeletak ezizenez egin ziren ezagun. 1960ko maiatzaren 18an, Minerva eta Maria Teresa atxilotu zituzten, eta abuztuaren 9an askatu. Senarrak, berriz, kartzelan geratu ziren. Mirabal ahizpak kartzelara senarrak bisitatzera egindako bidaia batean hil zituzten; hain zuzen, 1960ko azaroaren 25ean. Egun, borrokaren sinbolo dira Dominikar Errepublikan, eta mugimendu feministaren erreferente mundu osoan barrena.
4. INDARKERIA MATXISTA MOTAK
Indarkeria matxista sailkatzeko, lau multzotan banatzen dira eraso motak:
Sexuala: Multzo honen parte dira sexu jazarpena, bortxaketak eta sexu abusuak.
Psikologikoa: Mehatxuak, irainak, kontrola eta xantaia emozionala dira, besteak beste, indarkeria psikologikoa.
Ekonomikoa: Diruaren gaineko kontrola, baliabide ekonomikoen ukapena edo horiek eskuratzeko oztopoak jartzea.
Soziala: Bakartzea eta beste pertsona batzuekin harremanak edukitzea debekatzea indarkeria soziala dira.Fisikoa: Kolpeak, bultzadak, zauriak, zaplaztekoak... horiek denak eraso fisikoak dira.
5. EUSKAL HERRIAN DUEN OIHARTZUNA
Azaroaren 25aren bueltan, munduko hainbat txokotan egiten dira protestak. Euskal Herrian ere, azken urteetan mugimendu feministak manifestazio jendetsuak antolatu ditu Euskal Herriko hiri nagusietan. Horrekin batera, herri askotan, tokian tokiko talde feministen eta, zenbait kasutan, erakunde publikoen edota ikastetxeen ekimenez, hitzaldiak, lehiaketak, kale apainketak eta abar egiten dituzte.
6. ALDARRIKAPENA
Azaroaren 25ean, eguneroko lana islatu nahi du kalean mugimendu feministak. Horrela, indarkeria matxista deuseztatu eta gizarte parekide bat lortzea du helburu. Indarkeria matxistaren aldaera oro salatu nahi dute: adibidez, neskentzako eta mutilentzako jostailuak bereiztea, futbolean mutilak bakarrik aritu daitezkeela uste izatea, eskola liburuetako erreferentzia gehienak gizonak izatea...
7. ANTOLAKUNTZA FEMINISTA
Egitasmoak eta salaketa ekintzak antolatzen dituen mugimendu feminista handia dago Euskal Herrian. Herrietako emakume taldeetatik hasi, (Zikutak Iruñean, Emari Sestaon, Lurgatz Amasa-Villabonan...) eta Euskal Herriko Bilgune Feministaraino. Iaz egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi feministak dira antolakuntzaren adibide.
8. ERAKUNDEAK
Emakunde: Emakumearen Euskal Institutua Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ofizial bat da. 1981ean sortu zen, eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzea du helburu.
Nafarroako Berdintasunerako Institutua: NABI Nafarroako Gobernuko erakunde autonomo bat da. Genero berdintasunerako politikak politika publikoen esparru orotan txertatzea du helburu.
9. BELDUR BARIK PROGRAMA
2009an abiatu zen Beldur Barik. Indarkeria matxista salatzeaz harago, eraldaketarako pauso bat eman nahi du. Programaren ardatz nagusietako bat da Beldur Barik lehiaketa. Azaroaren 25aren bueltan antolatzen dute, eta 13-26 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Gazteek ikuspegi positiboz landu behar dute indarkeria matxista; hau da, arazoari aurre egiteko jarrera eta tresnak erakutsi behar dituzte.