Bertsolari pila txapelaren bila
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA?
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izena hartu du aurten Bertsolari Txapelketa Nagusia izenaz ezagun zenak. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bertsolariak elkartzen dituen txapelketa da, eta herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako bertsolariek parte hartzen dute bertan. Lau urtean behin egiten da, eta larunbatean hasiko da aurtengoa, Hazparnen (Lapurdi). Iruñean izango da finala, Nafarroa Arenan, abenduaren 20an.
2. ZERGATIK DA INPORTANTEA?
Bertsolarientzat erakusleiho garrantzitsua da txapelketa. Jende asko hurbiltzen da saioak ikustera, eta, hein batean, bertan egindako lanaren arabera lortzen dute bertso saioetako plazak izatea. Bertsozale elkartearentzat, berriz, ondorio ekonomiko eta sozial garrantzitsuak ditu txapelketak. Lau urteko zikloka funtzionatzen du, lau urterako funtzionamendua bermatzeko aukera eman baitio elkarteari. Gauza bera gertatzen da lurraldeetako txapelketekin: horregatik egiten da Gipuzkoakoa lau urtean behin, eta gainerakoak bi urtean behin: lurralde bakoitzeko txapelketak ondorio ekonomiko eta sozial desberdinak dituelako.
3. ZENBAT BERTSOLARIK PARTE HARTUKO DUTE?
2022ko txapelketarekin alderatuta, sei bertsolari gehiagok parte hartuko dute aurten: Arabako bik, Nafarroako bik, eta Xilabako bik. Guztira, 50 bertsolari izango dira txapelketan, eta bi fase izango ditu: lehen faseak zazpi saio izango ditu, eta Euskal Herriko lurralde bakoitzean saio bat izango da.
Bigarren faseak, berriz, finalaurrekoenak, zortzi saio izango ditu, eta bertan erabakiko da Nafarroa Arenako finalean Maialen Lujanbiorekin batera kantatuko duen zazpikotea zein izango den. Lujanbio zuzenean dago finalerako sailkatuta, azken txapelketako txapelduna izateagatik.

4. BERTSOLARIEZ APARTE, NORK EGITEN DU LAN TXAPELKETAN?
Bertsolariak dira txapelketako protagonistak, baina, hura aurrera eraman ahal izateko, jende askoren lana dago atzean. Gai jartzaile talde batek erabakitzen ditu bertsolariei jarriko dizkieten gaiak, eta gai emaileek azaltzen dizkiete gero, oholtzan; epaileek baloratzen dituzte bertsoak, eta zehazten dituzte puntuazioak; ganbarazainek konpainia egiten diete bertsolariei, bakarkakoen aurreko momentuetan; petodunek jendea laguntzen dute, ordena zainduz; kazetariek saioa jasotzen dute, kameren, zuzenekoen edo kroniken bidez; bertsozaleek txaloz eskertzen dute denen lana. Den-denak dira bertsoaren unibertsoaren parte, eta denak dira beharrezkoak.
5. BERTSOA EZ DA LEHIA BAKARRIK
Baina txapelketaz harago ere bizi da bertsolaritza. Horretarako egiten dira hamaika bertso saio Euskal Herriaren luze-zabalean: bertso bazkari eta afariak, jaietako saioak, saio libreak… Are gehiago, bat-batean aritzeaz gainera, modu askotan egin daiteke bertsotan: jendaurreko bat-bateko saioez gain, taldean kantatzeko aukera dago, bertso jarriak daude, bertsoak idatziz sor daitezke...
6. NON IKASTEN DA BERTSOTAN?
Bertsolari ez da jaiotzen, egin egiten da. Horretarako sortu zituzten bertso eskolak eta hezkuntza formaleko eskaintza. Bertsozale elkartea 1985ean hasi zen ikastetxeetan bertsolaritza lantzen, ikasleak bertsolaritzara gerturatzeko eta bertsoarekiko grina sortzeko. Ikasturtero, 55 irakaslek baino gehiagok ematen dizkiete bertsolaritza eskolak 29.000 ikasleri; 550 ikastetxetan, 250 herritan baino gehiagotan ematen dituzte eskolak. Horrez gain, aisialdian ere bertsotan aritu nahi duenak eskualdeko bertso eskolara jo dezake, bertsolaritza lantzen jarraitzeko.
7. NOLA ERRIMATZEN DA?
Errima etxeak daude, eta etxe bakoitzak bere familiako kideekin errimatzen du soilik. Hiru etxe nagusi daude: Begirada, Kopeta eta Amona. Eta kontsonanteek agintzen dute nola errimatu. Adibidez, BeGiRaDa etxean, lau kontsonante daudenez, lau bukaera posible daude errimatzeko: aba, aga, ara eta ada. KoPeTa etxean, berriz, hiru aukera: aka, apa eta ata. Eta, aMoNarenean, bi: ama eta ana.

8. NON EROS DAITEZKE SARRERAK?
Txapelketarako saioetara joateko sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. Bazkide egiteko aukera ere bada, Bertsozale elkartearen proiektua eta egitasmoak bideratzen laguntzeko; bazkideek abantailak izaten dituzte sarrerak erosteko garaian.
9. NON EMANGO DUTE TXAPELKETAREN BERRI?
BERRIAk astero-astero emango du txapelketaren berri: asteburuko saioen kronikak egingo ditu paperean eta webgunean, eta harekin lotutako erreportajeak ere argitaratuko ditu, saioez harago txapelketaren atzean dagoena kontatzeko. Telebistan, berriz, ETB1eko Hitzetik Hortzera saioak txapelketari buruzko atal berezia egingo du igandero. Zuzenean ere emango dituzte txapelketako saioak.