'Bidutzi': beldurretik irrikara

Benetan Be konpainiak beldurrei jolasaren bidez aurre egiteko proposamena egin du bere hirugarren antzezlanean. ‘Bidutzi’ du izena, eta zuzeneko musika, txotxongiloak eta umorea uztartzen ditu.


Ane Insausti Barandiaran

Edozer da posible inauteri gauean: beldurtia ausart bihurtzen da, arazoak maskararen atzean ezkutatzen dira, eta norberak egunerokoan inoiz jantziko ez lituzkeen arropak jartzen ditu, mozorro baten aitzakiapean. Tradizioak erro sakonak ditu Euskal Herrian ere, hamaika txokotan ospatzen baitira, tokian tokiko ohiturekin. Egoera hori hartu dute abiapuntutzat Benetan Be konpainiakoek Bidutzi antzezlana sortzeko, Patricia Urrutia zuzendariak adierazi duenez: «Irudimenak kaleak hartzen dituen eta kaosak ohiko ordena astintzen duen gau horretan, herriko plaza bat aurkituko dute ikusleek». Igandean estreinatuko dute lana, Sopelako Kurtzio kultur etxean (Bizkaia).

Plaza horren erdian agertuko da obrako protagonista: Bidutzi munstroa. Eta eginkizun bat izango du, munstroek beren trantsiziorako erritu bat bete behar baitute: bere kabuz norbait izutzea. Erronka erraza dela pentsatuko du Bidutzik, baina atzetik dituen protagonista «gaiztoek» bidea zailduko diote: «Bera harrapatu nahian atzetik ibiliko ditu Eureka Doktorea eta haren laguntzailea. Laguntzailea tematuta dago Bidutzi bat harrapatzearekin, hura aztertzeko, ikertzeko, haren larruarekin beroki bat egiteko, eta horri esker Nobel sari bat irabazteko», azaldu du Urrutiak.


Zorionez, baina, Bidutzi ez da bakarrik izango: Ainara ere hor izango du, herri horretako neskatila inauterizalea. Espero ez zuen zerbait gertatuko zaio Ainarari ere gau horretan: «12-13 urte inguru ditu, eta gau horretan zerbait gertatu zaio bere bizitzan, naturala den zerbait, badakiena gertatu behar dela. Baina, justu gau horretan gertatzen da!». Godofredoz jantzita irtengo da kalera, eta, Bidutzi topatzean, elkarri lagunduko diote, bakoitzak behar duena lortu dezan.

Haurtzaroko beldurrei buruzko istorioa da Bidutzi, eta inguruan dituzten haurrak izan dituzte inspirazio iturri Benetan Be konpainiako lagunek: «Ikasi duguna da haurtzaroan beldur asko izaten direla, eta jolasaren bidez ikasten dugula beldur horiei aurre egiten: errepikapen jolasak, ilunpeko jolasak... Errepikapen eta jolas horien bidez entrenamendu moduko bat gertatzen da». Hots, kolektiboki ematen diote buelta beldurrari. Dena den, ohartarazpena egin du Urrutiak: «Beldurren gaia jorratuko dugun arren, ez da ikuskizun beldurgarria izango; batez ere dibertigarria izango da. Beldurtzera jolastuko gara».

Hitzaren jatorria

Obraren izenburuaz galdetuta, munstro hitza esateko beste moduren baten bila hasi zen Urrutia, eta horrela topatu zuen Urrutiak bidutzi hiztegian. Hasieran, hitz orokor gisa erabili nahi zuten, baina, azkenean, protagonistaren eta obraren izena hura izatea erabaki dute: «Iruditu zitzaidan hitz dibertigarria zela, tonto samarra, eta inork ez duena ezagutzen. Polita iruditzen zitzaigun oso ezaguna ez den euskarazko hitz bat oholtzara eramatea eta gure hiztegira gehitzea». Gainera, egoera komikoak sortzen direla gehitu du: «Jendea izena esaten hasten denean barregarria da: ‘Bidutxi? Bigutxi? Biluzik?’». Ez, bidutzi.

Antzezlana sortzeko, Euskal Herriko inauteri tradizionalak ikertzen aritu dira, eta txangoak egin dituzte Iturenera (Nafarroa), Mundakara (Bizkaia)... Ez dago horietako bakar batean oinarrituta, baina badira horien aztarnak materialetan, artileetan, koloreetan eta musikan. «Euskal Herriko inauteri tradizionalen printzak presente daude, geruza hori badago. Hainbat herriri egindako keinuak daude. Nolabait ezagutzen dituenak errekonozituko ditu, eta erreferente horiek ez ezagutzea ez da ulermenerako oztopo izango».


Printza horiek arropetan ere igartzen dira. Mozorro ikusgarriak sortu dituzte Maite Lopezek eta Garazi Magunagoitiak. «Materialetan islatzen da hori guztia: artilea, lastoa... Lan itzela egin dute. Gainera, ez da bakarrik jantziak egitea, baizik eta horiek beste zerbait bilakatzea ere bai, aktoreen aldaketak erraztea...». Izan ere, Urrutia bera, Jon Zumelaga eta Juanma Rodriguez ariko dira oholtzan, eta bakoitzak hainbat rol antzeztuko ditu.

Ikuskizunak, gainera, txotxongiloak eta zuzeneko musika ere izango ditu. Igandean hasiko dute Bidutzi-ren bira, eta dagoeneko ia 30 emanaldi dituzte lotuta. Egindako lanaren eta lanak sortu duen jakin-minaren emaitza dela uste du Urrutiak, eta hura ikustera animatu ditu familiak: «Ikaragarria izango dela esango nieke ikusleei. Super ondo pasatuko dutela, eta barre pila bat egingo dutela. Ez dezatela galdu aukera inauteri gauaz urteko edozein egunetan gozatzeko».


IKUSKIZUNAREN FITXA

- Zuzendari artistikoa eta testuaren egilea: Patricia Urrutia.

- Zuzendaria: Elena Olivieri.

- Soinu banda originala: Josu Aginaga.

- Aktoreak: Patricia Urrutia, Jon Zumelaga eta Juanma Rodriguez.

- Argiztapena: Aitor eta Ander Etxebarria.

Hurrengo emanaldien berri izateko, bisitatu Benetan Be konpainiaren webgunea.

top