Bizipozteko eskola
1- ZER DA BIZIPOZA ESKOLA?
Bizipoza elkartea aspalditik ari da hezkuntza komunitateko eragileekin elkarlanean, elkarteko pertsonen errealitateak gizartera zabaltzeko eta hezkuntzaren bidez gizarte inklusiboago bat eratzeko. Orain arte egindako lanak www.bizipozaeskola.eus webgunean batu dituzte, eta Bizipoza Eskola sortu; maila eta eremu ezberdinetara bideratutako jarduerak proposatzen ditu.
2- ZERGATIK SORTU DUTE?
Elkarteak sortzen diren arrazoi beragatik erabaki dute Bizipoza Eskola sortzea: behar bati erantzuteko. «Eskubide batzuk daude bete gabe; horri erantzuteko sortzen dira elkarteak, eta baita Bizipoza Eskola ere», azaldu zuen aurkezpenean Nerea Godoi Bizipoza Eskolako arduradunak. Hala, hezkuntza komunitatearen bidez hainbat errealitate ezagutaraztea eta kontzientzia sortzea da asmoa. Ariketa horiek ahalik eta esparru gehienetara iritsaraziz, ahalik eta jende gehien zipriztindu nahi dute.
3- NOLA ANTOLATU DUTE?
Webgunea adinaren, esparruaren edo elkartearen arabera antolatuta dago. Beraz, modu batean baino gehiagotan iritsi liteke ariketa berera: hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta herrigintzaren atalak sortu dituzte. Webgunea erabat doakoa da, baina beharrezkoa da erregistratzea, elkarteak egindako lana nora iristen den jakin dezaten. Etengabe elikatzen jarraituko dute webgunea, adibide eta jarduera berriekin.
4- BIZIPOZA EGUTEGIA: ZER DA?
Elkartearen barneko elkarteek ospatzen dituzten nazioarteko egunak bildu dituzte Bizipoza Egutegian; ilustrazioak Eñaut Aiartzaguena Bravok egin ditu, eta hausnarketarako esaldiak, berriz, Amets Arzallusek. Adibidez, otsailaren 15a haur minbizidunen nazioarteko eguna da; martxoaren 15a, transexualitatearen ikusgaitasunarena; apirilaren 8a, ijito herriarena... Egutegia eskuan, jendeak errealitate horietara gerturatzeko aitzakiatzat baliatu dezake eguna, hezkuntza inklusiborako bidean. Hilabete bakoitzean egun horiek kokatu dituzte, eta paperean eta webgunean ipini dute egutegia eskuragarri. Gainera, Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidali dute ale fisiko bana.
5- ZER DA BIZIPOZA ELKARTEA?
Elkarteen elkartea da Bizipoza. Irabazi asmorik gabea da, eta askotariko zailtasunak dituzten familiei eta elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Haiekin batera poza partekatzen dute, euskaraz eta sorkuntzan oinarrituta, transmititzen dituzten balioak gizarteratuz.
6- NOLAKOAK DIRA JARDUERAK?
Euskal Herriko lurralde guztietako zortzi ikastetxerekin eta Leioako EHUko Irakasle Eskolarekin egin zituzten proba pilotuak, ariketek funtzionatzen ote zuten ikusteko. Horrez gain, herrietan, aisialdi taldeetan, euskaltegietan eta beste hainbat eredutan ere egin dituzte probak. Horietan frogatu dute jarduerak “Bilbo erdiguneko ikastola handi batera nahiz Nafarroako herri txiki bateko eskola txiki batera” egokitzen direla.
- Amaiur (Nafarroa), norbere burua ezagutu: Amaiurko eskola txikian, norbere burua ezagutzeko eta taldekidetasuna lantzeko jarduera egin zuten. Bakoitzak bere buruaz atsegin duena esatean datza, bere argazki baten erdia marraztuz eta margotuz. Ondoren, lagunengandik zer atsegin duten esan behar dute.