
Boiseko Jaialdira, hegan

Testua: Haize Oiartzabal Aizpuru
1. ZER DA JAIALDIA?
Ameriketako Estatu Batuetako Idaho estatuko hiriburuan, Boisen, ospatzen den nazioarteko euskal jaialdia da. Bost urtetik behin egiten dute, eta aurten uztailaren 29tik abuztuaren 3ra izango da jaia, zortzigarren aldiz. Sei egunez, euskal kulturaren mundu osoko zaleek aukera izango dute euskal musikaz, kirolaz eta gastronomiaz gozatzeko.
2. NOIZ HASI ZIREN JAIA OSPATZEN?
Lehenengo jaialdia 1987an egin zuten, Idahoko espetxe historikoan. Arrakasta handia izan zuen, 30.000 parte hartzaile baino gehiago elkartu baitziren. Gerora, 1990ean, Cecil Andrus orduko Idahoko gobernadoreak beste behin errepikatzea eskatu zuen, Idahoko estadioaren mendeurrena zela eta. Horrela, bost urtetik behin ospatzea erabaki zuten, beti uztaileko azken asteburuan, sanignazioetan.
Alabaina, 2020an atzeratzea erabaki zuten, COVID-19aren pandemia zela eta. Beraz, hamar urteren ondoren, aurtengoa izango da lehenengo jaialdia 2015az geroztik.
3. ZER DA DIASPORA?
Hainbat arrazoi direla-eta euren lurraldea utzi duten euskaldunek edo euskal herritarrek osatzen dute euskal diaspora, eta, haiei gertutasuna adierazteko, zortzigarren probintzia deitu izan zaio. Irailaren 8a Diasporaren Eguna izendatu dute berriki.
Venezuelan, Argentinan, Kuban, Txilen, Uruguain, Mexikon, Kolonbian eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi dira diasporaren parte diren gehienak. Garai batean euskal herritar askok emigratu zuten Argentinara, eta, gaur egun, bertako biztanleen %10 euskal jatorrikoak dira. Gainera, eragin handia izan dute, eta horren erakusgarri dira Argentinako leku izen eta deitura batzuk.
4. NOR JOANGO DA BOISERA?
Euskal Herriko eta Ameriketako Estatu Batuetako gonbidatuak izango dira jaialdian. Honako artista hauek gurutzatuko dute Ozeano Atlantikoa Boisera joateko: Arkaitz Añorgako dantzariek; Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya bertsolariek; Gatibu, Neomak eta Tio Teronen Semeak taldeek, eta Xabi Aburruzaga trikitilariak.
Estatubatuarrak ere egongo dira, euskal etorkinen seme-alabak eta bilobak gehienak; hala nola, Biotzetik koroa, Herribatza dantzariak, Boise Oñati dantza taldea edo Elko Arinak dantzariak.
Euskal Herriko kirolariek ere erakustaldia egingo dute. Batetik, harriak jasotzen indarrak neurtuko dituzte Inhar Urruzuno, Mikel Lopetegi, Karmele Gisasola, Gari Garmendia eta Paulo Azpiazuk. Bestetik, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Nerea Arruti aizkoran arituko dira. Horrez gain, Kerman Perez de Heredia eta Nerea Egurrola txingekin ibiliko dira, eta Jose Martin Bustintza lastoa jasotzen.
5. ZERGATIK JOAN ZIREN EUSKAL HERRITIK AEB-ETARA?
Euskal estatubatuarrek euskaldun jatorria eta estatubatuar herritartasuna dute; 58.000 pertsona inguru dira guztira. Euskal herritarrek mendeak daramatzate Ozeano Atlantikoa zeharkatzen, izan baleak arrantzatzeko, izan bizitza hobe bat bilatzeko. 1936ko gerratik ihesi ere joan ziren beste batzuk, aterpe bila. Artzainen artean, berriz, ohitura handia zegoen «Amerikak egitera» irteteko.
6. ZER DIRA EUSKAL ETXEAK?
Euskal etxeak diasporako euskal herritarrak biltzeko guneak dira, eta bertako kideak arduratzen dira Euskal Herritik milaka kilometrora euskal kultura bizirik mantentzeaz. 150 euskal etxe baino gehiago daude munduan. Gehienak Argentinan daude; 62 dira guztira. Ameriketako Estatu Batuak dira bigarren herrialdea zerrendan, 30 zentrotik gora baitituzte.